Marizulo taldean biltzen den herritar talde handi batek, 2009an Marizulo ikuskizuna taularatu zuen, eta 2011n Urnieta’59 ikuskizuna. Bi lan horiek, antzerkia, musika eta dantza uztartuz osatu ziren, eta urnietar askoren memorian itsatsita geratu ziren. Eta orain, iritsi da hirugarren obra bat prestatzeko ordua, 1936 izenburua duena, hain zuzen ere. 2013ko martxoan oholtzaratuko den lan hau prestatzen dihardute jadanik, musikariak, dantzariak eta aurreko bi lanetan aktore lanetan aritutakoak, eta hauekin batera, lehen aldiz aktore lanetan ariko diren hainbat herritar.
Baina, oraindik badago paper bat libre. Paper hori egingo duen gizonezko bat behar da, 25-35 urte tarte horretako adinekoa, eta euskaraz antzezteko gai izango dena. Obran izango duen partaidetza ez da luzea, eta gogoz hartuz gero, adin horretako ia edonork egiteko modukoa da. Interesatuek, Sarobera agertu behar dute azaroaren 16an (ostirala) arratsaldeko 17:30etan. Informazio gehiago nahi izanez gero, 943 00 80 42 telefono zenbakira deitu.
Aurreko lanetan parte hartu dutenen hitzetan "pribilejio bat da horrelako lan batean parte hartzeko aukera izatea". Eta guztiek, nabarmendu izan dute entsaiotan bizitutako lagunarteko giro bikaina. Oso adierazgarria da, aurreko bi lan horietan parte hartu zutenak, oraingoan ere bertan izango direla. Beraz, auzolanean burutuko den ikuskizun honetan parte hartzeko azken aukera bat badute adin tarte horretako gizonezkoek. Opari bat, ez galtzeko moduko aukera.