Joxemari Carrere ipuin kontalaria Sorabillan arituko da igandean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko aza. 7a, 17:44

Ipuinen kontaketari eta magiari helduko diote igandean Sorabilla auzoan. Bertako Jai Batzordeak antolatuta, Josemari Carrere ipuin kontalari errenteriarraren emankizunaz gozatu ahal izango da, arratsaldeko 16:30etatik aurrera. San Martin elizan izango da, haur zein helduei zuzendutako emankizuna. Ondoren, bertaratzen diren guztientzat, gaztain jatea antolatu du Jai Batzordeak.


Batzordeko kideek adierazi dutenez, kultur ekimenak auzoan urte osora zabaltzeko asmoak bultzatu die jai egun hori antolatzera. Euskal ahozkotasunaren eta gaztain jatearen inguruan arratsalde goxo bat familia giroan igarotzea da euren proposamena. Ekitaldia San Martin eguna den azaroaren 11n izateak ere badu bere esanahia, izan ere euskal mitologian bere tokia baitu egun horrek. Azkenik, Batzordeak, ipuinekin gozatzeko gaitasuna duten herritar orori luzatu die gonbidapena, izan haur, izan gazte, izan izan heldu.

Euskaldunen ipuinen mundu miresgarrian
Carrerek “Izena duen guztia da” emankizuna eskainiko du. Ordu betez, “euskaldunen ipuinen herrialde miresgarrian” murgilduko da, bere esanetan. Euskal Herriko ahozko tradiziotik hartutako kontakizunak izango ditu bidelagun. Horretarako, “begiak eta buruak zabalik jartzeko eskatuko diet entzuleei; dena posible den mundu miresgarri batean sartzera gonbidatuko ditut”.
Fantasiaren mundu magikoan sinesteko irudimen pittin bat behar dugula denok ere, uste du Carrerek. Sinetsi, adibidez, “aipatzen den guztia esistitzen dela”. Irudimenaren garrantziaz ohartarazi nahi du Carrerek, “azken batean, zer hobeagoa errealitatea ulertzeko eta aldatzeko, irudimena baino?”.
Kontakizun saioa eliza batean izatea ez dela ohikoa aipatzeaz gain, bere enkantua eduki dezakeela aitortu du Carrerek. “Grazia” ere ikusi dio egoerari: “leku hori, erlijio katolikoaren ebanjelioa bezainbat euskal tradizioko ipuinak predikatzeko egokia izan liteke. Nahikoak dira entzule sinesdunak horretarako”.   
Hitzordua, hortaz, Sorabilla auzoko elizan igandean, 16:30etan. Doan izango da.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!