Ertzaintzaren jokabidea gogor salatu nahi du Andoaingo Ezker Abertzaleak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urr. 24a, 18:51

Urtzi Azpiroz gaztea kalean dagoelako pozarren agertu diren bezala, gogor bezain tinko salatu nahi dute Ertzaintzaren jarrera errepresiboa.

 Ezker abertzalearen balorazioa:

"Urtzi Azpiroz andoaindarra jada etxean da. Luzeak izan dira azken ia bi urteak. Urtzik eta bere ingurukoek atxiloketa, inkomunikazioa, espetxea, dispertsioa eta 1000 kilometro baino gehiagoko bidaiak bizi izan dituzte astero.

Hauek guztiak ez dira berriak zoritxarrez gure herrian; atxiloketa masibo, errepresioa, eta eskubide urraketa etengabeak ohikoak dira gurean.

Atzokoa egun pozgarria zen andoaindarrontzat, denbora luze baten ondoren, Urtzi herrian zen, nahiz eta oraindik ere Madrileko salbuespen auzitegiko epai zain geratzen den.

Harrera benetan beroa jaso zuen Urtzik eta bere gertukoek atzokoan, aurreko egunetako mobilizazioetan bezala, ehundik gora lagun bildu ziren bere babes eta elkartasuna adieraztera. Baina badirudi herri harrera, duintasun eta goxotasuna, batzuentzat beren ezintasunaren eta amorruaren adierazgarri dela, errepresio eta zapalkuntza etengabean oinarritzen diren hainbatentzat hain zuzen ere.

Zentzu horretan gogor bezain tinko salatu nahi dugu atzo gaueko Ertzaintzaren jarrera errepresiboa, non txakur amorratuen moduan bertan bildutako herritarren kontra “pelotazo” eta porren bidez oldartu eta erasotu zituzten. Anbulantziaren beharra izan zuen zauritu batek, hainbat kolpatu egon ziren, adineko jendea lurrera bota eta ongi etorria jasotzen ari zen Urtzi bera erasotu eta atxilotzeko saiakera eginez.

Ez dira berriak erantzuleak bai baino erantzukizunik ez duen indarkeria polizial hau; batzuek tamalez oso gertu ditugu gure erretinetan (greba orokorreko errepresioa, Iñigo Cabacas, etb luzea). Zenbaitzuk Herri honen duintasun eta askatasun determinazioa errepresio eta eskubide ororen zapalkuntzaz moztuko dutenaren uste okerrean jarraitzen dute, errezeta zaharregiak aplikatuz.

Baina ez dago herri honen askatasun nahiarekin amaitzerik; Urtziren atxiloketa egunean, epaiketaren aurkako mobilizazioetan eta atzoko ongi etorrian ikusi genuen moduan, tinko eta duintasunez dabilen Herria da gure. Eta determinazio berdinaz aurrera egingo dugu.

Zentzu horretan dei egin nahi diogu andoaindar eta eragile ezberdinei zapalkuntza oro salatu eta kalera ateratzeaz gain, orain arte Urtzirekin batera espetxea ezagutzen duten preso eta iheslariei babesa azaldu eta mobilizatzera. Ez baitago gatazkaren konponbidean urratsik ematerik Preso politikoen eta iheslariak eskubideak bermatu arte, eta hori guztien ekarpen eta mobilizazioaz lortuko dugu".


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!