Laster urtea beteko da Andoainen uholdeak gertatu zirenetik. Denek ere ondo gogoan dituzte Santa Krutz elizaren inguruko edota Ama Kandida etorbideko irudiak. Herritar guztiak jakitun dira iazko euriteak kalte material ugari sortu zituela beste hainbat tokitan ere. Aipatu gune horiez gain, Otieta parkean edota Leitzaran Bisitarien etxearen inguruan urak txikizio nabarmena eragin zuen.
Otietako aparkalekuaren ondotik igarotzen den errekak egunerokoan ur gutxi eraman ohi du. Horregatik ziurrenik, urte luzez zuhaitzen sustraiek, adarrek eta lurrak berak Malo errekaren bidea oztopatu dute. Baina euria gogotik egiten duenean urak bere bidea bilatu ohi du. Iaz, euria gogotik egin zuen egun haietan, Malo erreka bere bidea aurkitu ezinik zegoen. Hasiera batean, ur hori guztia errepidera igaro zen. Hainbestekoa izan zen ur, lokatz eta harri kopurua errepidea bera ere txikitu zuela. Ez hori bakarrik, metro batzuk aurrerago urak Leitzaran ibaiaren bidea berriro hartu zuen Leitzaran bisitarien etxeko eta Unanibiako belaze, itxitura eta hornidurak aurretik eramanez.
Andoaingo Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariek arazoari irtenbidea ematen hasteko lanari ekin zioten orduan, gertaturikoa berriro errepika ez zedin. Azterketa eta garbiketa lanak bideratuta, Malo errekaren bideari konponbidea aurkitu diotelakoan daude. Leitzaran haranera doan errepidearen azpian 1,80 metroko altuera duen hodia sartu dute, goiko argazkian ikus daitekeenez.