Egitasmo ugari ondarearen berreskurapenean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urr. 23a, 18:15

Ohi bezala, Burdina taldeak udazken betean deitu ohi du urteko azken batzarra egindako lanaren berri emateko. Aurtengoa ere urte oparoa izan da, auzolanean Andoainen eta beste herri askotan egitasmo ugari aurrera eraman dituztelako: Elduaingo Ollokiko burdinolaren berreskurapena, edota Leitza aldeko nahiz Tolosako karobien berreskurapena.

Aurreko larunbat eguerdian Burdinako kideek aurreko ikastutean egindako lanaren azalpena eman zuten Sorabillako elizaren arkupetan, adiskidantzazko bazkaria ospatu aurretik. Iraganari keinu bat egin nahi izan zioten agerraldia Sorabillan egitean, Joxe Ramon Berrondo Burdinako bozeramaileak aitortu zuenez, “gure helburuetakoa auzolanean aritzea da. Iraganean auzolanean aritzeko eliza atarietan biltzen ziren. Eta guk ere ohitura horri eutsi nahi diogu. Iaz agerraldia Udaletxeko arkupean egin genuen eta, aurten, Sorabillako elizaren arkupeetan”.
Berrondorekin batera agerraldian izan ziren belaunaldi ezberdineko Burdinako kideak. Eta haiekin batera Andoaingo, Berastegiko edota Elduaingo Udal ordezkariak.

Egindako lanaren laburpena
Eremu zabalean lanean ari da Burdina, etorkizun hurbilean Leitzaran haranatik haratago zabalduko dutena. Berrondok aipatutako lan guzti horretatik hainbat nabarmendu daitezke.
Leitzako sarreran, Urto aldean esaterako, kilometro eskaseko ibilbidea egokitu dute eta bertan garai bateko hainbat aztarna berreskuratu dituzte. Besteak beste, hiru karobi, meazulo batera sartzeko ataria eta bigarren batera sartzeko sarbidea. Eremu txikian ibilbide interesgarria, beraz. Andoainen ere, etorkizunean, antzeko ibilbidea egingo dutela iragarri zuten.
Elduainen Ollokiko burdinola egitasmo handia garatzen ari dira, urteetan luzatuko dena. Burdinolaren tamaina uste zutena baino handiagoa denez, urte batzuk eman beharko dituzte lanean.
Andoainen Andoain-Urnieta artean dagoen karobia berreskuratuz hasi zuten ikasturtea. Udaberrian ere, Txurreritik gertu eta Nafarroako zubi azpian bi garbitoki berreskuratu zituzten. Bestetik, udan Goiburuko plazan garbitokia, mahaiak eta hango harriak berreskuratu zituzten, “Goiburun auzolanaren sena piztu dugu auzotarren artean. Lanean ikusi gaituzte eta gurekin lan egitera hurbildu dira. Etorkizunean ere auzolanean aritzeko proposatu digute”.
Udal ordezkariei eskerrak eman zizkieten, dirulaguntza nahiz materiala eskainiz emandako laguntzagatik. Burdinakoek eta baita Andoaingo alkateak ere taldera hurbildutako gazteen lana txalotu eta nabarmendu zuten. Egindako lan oparoaren azalpenak eskaini ondoren, Burdinakoek adiskidetasunezko bazkaria egin zuten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!