Alderdi abertzaleak nagusi Andoainen eta Urnietan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urr. 23a, 18:14

Aurreko igandeko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan alderdi abertzaleak nagusitu ziren Andoain eta Urnieta herrietan.

Alderdi abertzaleak nagusi izan ziren aurreko igandean, lehendakaritzarako hauteskundeetan. EAE osoan bezala, Andoain eta Urnieta herrietan ere. Azken urteotako hauteskundeei erreparatuta, bi herrietan joera ezker abertzalearen eta jeltzaleen aldekoa da. Badirudi sozialistak indarra galtzen ari direla.
Herriz herri, Andoainen azken hiru hauteskundeetan lehen indarra ezker abertzalearen koalizioa izan da. Urnietan, berriz, jeltzaleak nagusitu dira gertuen diren instituzioetan, hots, Udal hauteskundeetan eta Eusko Legebiltzarrekoan.
Datu bitxia gertatu da bi herrietan. 2009koekin alderatuta parte hartzea ia bera da. Emaitzak, aldiz, zeharo desberdinak.

Azken hauteskundeetako joerari erreparatuz gero, Andoainen eta Urnietan alderdi abertzaleak indarra hartzen ari dira. Eta, bereziki, ezker abertzalea Andoainen eta alderdi jeltzalea Urnietan.

ANDOAIN
2011tik hona deitu dituzten hiru hauteskundeetan, hots, Udal hauteskundeak 2011ko maiatzean, Espainiar Kongresurako hauteskundeak 2011ko azaroan eta Eusko Legebiltzarrerako 2012ko urrian ezker abertzalea aurkeztu den koalizioa jaun eta jabe izan da. Datuak modu askotara azter badaitezke ere, eztabaidaezina den datua da hori. Jeltzaleak ere pozik egon daitezke, aspaldiko partez sozialistak garaitu dituztelako.

URNIETA
Aldea estua bada ere, Udal hauteskundeetan eta Eusko Legebiltzarrerakoetan EAJ-PNV nagusitu zaio ezker abertzalearen koalizioari. Geroz eta argiago geratzen ari da PSE-EE hirugarren alderdia dela Urnietan. Abertzaleen artean, ordea, lehia dago eta abantaila gaurko egunez jeltzaleen aldekoa da.

Parte hartzea 2009koarekin alderatuta oso antzekoa da
Aurreko igandeko herritarren parte hartzeari dagozkion datuak aztertzeko modukoak dira. 2009an ezker abertzalea legez kanpo geratu zen. Hauteskunde haietan boto zuriak, baliogabeak eta baliodunak kontutan hartuta parte hartzea %61,68koa izan zen Andoainen eta %57,8koa Urnietan, hurrenez hurren.
2012an EH Bildu aurkeztu da eta parte hartzea ia bera izan da. Andoainen %62,67 eta Urnietan %60,9.
PSEk eta PPk bi herrietan ia bere osotasunean igandean galdutakoa nekez joan daiteke alderdi abertzaleetara, beraz,  zer ondoriozta daiteke? Bada, bi alderdi horietako botuemaileak direla neurri handi batean 2012an botua eman gabe etxean geratu direnak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!