PARTE HARTU, BOZKATUZ
Euskal Herria itxaropentsu eta behin betikoa den prozesu batean murgildua dago bere etorkizunari begira. Hala ulertzen zuten euskal biztanleek eta intentzio harrekin eman zuten beren botoa 2011ko maiatzean egin ziren udal hauteskundeetan.
Hamazazpi hilabete geroago, hauteskunde berri batzuen aurrean aurkitzen gara, oraingo honetan Euskal Gobernuko eta Legebiltzarreko arduradunak aukeratzeko. Berriro ere garrantzi handikoak diren hauteskundeak ditugu ate joka. Funtsezkoak dira. Izan ere, bertan emango diren emaitzen esku dago Euskal Herria bere etorkizunarengan itxaropena izaten jarraitzea. Hauteskunde hauen emaitzek Euskal Herriaren etorkizuna baldintzatuko dute eta etorkizun horretan jarria dugu esperantza euskal herritarron gehiengoak.
Amasa-Villabonako Alkatea modura, herritar guztiok igandeko hauteskundeen garrantziaren bueltan hausnarketa bat egin eta datorren urriaren 21ean, igandean, botoa ematera gonbidatzen zaituztet. Bozkatzea herri partehartzearen adierazpena da, eta gure iritzia politika eta ekintza jakinetan gauzatzea ahalbidetzen duen bitarteko garrantzitsuenetakoa. Herri hau, Euskal Herria, zuk nahi duzun hori izan dadin,
BOZKATU , PARTE HARTU ETA ERAGIN!
Galder Azkue, Amasa-Villabonako Alkatea
Amasa-Villabonan, 2012ko urriaren 19an.