Abian dira konpostagailu komunitarioak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urr. 18a, 10:56

Etxe asko eta askotan hartu dute zaborrak sailkatu eta birziklatzeko ohitura.  Zizurkil Goia eta Adunan, pauso bat haratago joan dira: hondakin organikoen tratamendurako konpostagailu komunitarioak jarri dituzte bi herrietan.

Etxeko hondakinen %40 inguru, organikoa da. Orain arte, zabortegietara iristen zen hondakin organiko hori guztia. Egoerari irtenbidea eman nahian, konpostagailuak jartzearen aldeko apustua egin dute Adunan eta Zizurkil Goian.

Martxan da Adunakoa
Adunan, eskola ondoan jarri dute konpostagailu komunitarioa. Hamalau bizilagun izango dira gune hori erabiltzen lehenak, eta epe ertainean konpostagailu gehiago jarriko dituzte, herrigunean bizi diren herritarrek erabil ditzaten. Hala azaldu du Josu Amilibia alkateak: “Konposta egin ahal izateko, lursaila behar da, konpostagailua zuzenean lurraren gainean jarri behar baita. Adunan etxe asko dago lorategi edo sailen bat duena, baina badago bestelakorik ere. Horiei konposta egiteko aukera emateko, konpostagailu komunitarioak jarriko ditugu. Urte mordoxka dira papera, beira eta ontzi arinak sailkatuta biltzen direla, eta aurrerantzean zabor organikoari ere irteera ematen badiogu, hondakinen arazoari konponbide egokia emango diogu”.

Hamalau familia
Hiru konpostagailu jarri dituzte Adunan, itxitura baten barnean: “Bi konpostagailu erabiltzen hasi gara; zazpi familia batean, eta beste zazpi, bestean. Etxe bakoitzean hondakin organikoak botatzeko ontzia banatu genuen eta norberak nahi duenean ekar dezake konpostagailura. Materia organikoari materia lehorra bota behar zaio eta, noizean behin, nahastu egin behar da. Lan horiek egiteko beharrezkoak diren tresnak eskuragarri jarri ditugu eta materia lehorra konpostagailuen ondoko edukiontzian izango dute erabiltzaileek. Udal langileak arduratuko dira nahasteaz”.

Iturria, ontziak garbitzeko
Iturria ere badute Adunako konpostagailuen erabiltzaileek. Hala azaldu du Josu Amilibiak: “Froga bat egin nahi dugu. Organikoak konpostagailura bota ondoren etxeko edukiontzia garbitu nahi duenak, horretarako aukera izango du iturrian. Aldamenean, konpostagailu bat jarri dugu, ohikoa dena baino materia lehor gehiagorekin. Edukiontzia uretan pasa eta barruan geratzen diren ur eta hondakin arrastoak konpostagailu horretara botako dituzte bizilagunek. Ohikoa baino hezetasun handiagoa hartuko du eta ez dakigu emaitza zeer-nolakoa izango den, baina froga egin nahi dugu”.

Konposta, lorategietarako
Adunako lorategietan erabiliko dute herritarrek egindako konposta: “Norbaitek etxeko loreetarako edo baserrirako nahiko balu ere, hartzeko moduan izango da. Garrantzitsuena ez da gero konpostari emango zaion erabilera, hondakin organikoarentzat irtenbide egokia aurkitzea baizik. Azken finean, konposta ongarri naturala da eta horri irtenbidea ematea ez da zaila izango; lorategi, baratze, lursail, mendi..., gauza askotarako erabil daiteke”, aipatu du Josuk.

Ikastaroa eta materiala
Konpostagailuak nola erabili azaltzeko, ikastaroa egin zuten Adunan: “Iraileko azken astean egin genuen, erabiltzaile izango zirenekin. Konposta egitea ez da zaila, baina komeni da azalpen batzuk ematea. Herrigunean arituko diren herritarrekin batera, etxe bakartuetan bizi diren hamabost lagun ere hasiko dira konposta egiten”. Beharrezko materialaren banaketa ere egin zuten Adunan: “Hondakin organikoak biltzeko ontzi marroiak banatu genizkien guztiei eta etxe bakartuen kasuan, baita konpostagailuak ere. Tolosaldeko Mankomunitatetik bideratzen dute material hori guztia”, azaldu du Josuk.

KONPOSTATZEA
Konposta egitea sukaldeko eta baratzeko hondakin organikoak ongarri bihurtzea da. Etxeko konpostari esker, familia batek bere hondakinak %40 gutxitzea lor dezake.

Gipuzkoako Foru Aldundiak konposta egiten ikasteko gidaliburu bat kaleratu berri du. Konpostagailu komunitarioa erabiliko duten Aduna eta Zizurkil Goiko herritarrek jaso dute gidaliburu hori, eta sor daitezkeen arazoen inguruko azalpenak jasotzen ditu:

Oinarria
Oinarrizko lau arau jarraitu behar ditu konposta egin nahi duenak:
  1. Konpostgailua zuzenean lurraren gainean jarri. Ez da inoiz zementuaren edo adreiluen gainean jarriko.
  2. Materia hezea eta lehorra bolumen berdinean nahastu. Sukaldeko hondakinei, hosto edo belar lehorra, txirbila..., nahastu behar zaizkie.
  3. Metatutakoa nahastu. Goiko geruza irauli behar da, oxigenoa sartu eta konpostatze prozesua martxan jartzeko.
  4. Hezetasuna kontrolatu. Nahasketa lehorregia badago, konpostatzeko prozesua gelditu egingo da.

Zer bota
Materia ezberdinak bota daitezke: Barazki hondarrak, haragi eta arrain hondarrak, arrautz oskolak, sukaldeko paper zikina, lorategiko landare hondakinak, fruitu hondarrak, inausitako adaxkak... Zenbait hondakinen kasuan, komenigarria izan daiteke konpostagailura bota aurretik pixka bat txikitzea, bestela denbora asko pasatzen baitute konpost bihurtzen. Hori gertatzen da hezur, adar edota arrautz oskolekin, esaterako.
Sukaldeko paper zikina ere konpostagailura bota daiteke, janari hondarrekin zikinduta badago. Ezingo dugu bota ordea, detergente edota bestelako produktu kimikoekin zikinduta badago.

Epeak
Hondakin organikoak bi prozesu pasa behar ditu konpost bihurtzeko; deskonposizio fasea da lehena eta heltze fasea, bigarrena. Eguraldi beroarekin, sei hilabete iraun dezake prozesu osoak eta hotzarekin, bederatzi hilabete.

Arazoak saihestuz
Konposta egiteko garaian, oso garrantzitsua da materia heze eta lehorraren arteko oreka bilatzea. Materia heze gehiegi botaz gero, amoniako edota ustel usaina bota dezake konpostagailuak. Materia lehorra bota eta ondo nahastea izan daiteke irtenbidea. Eltxo, euli eta larbak agertuz gero, nahikoa izango da hondakin organikoak materia lehorrarekin estaltzea.

Aitor Sarasua
Ingurugiro zinegotzia Zizurkilen
"Konposta egitea ez da lan zaila eta hasieran, udaletxeko kideak gainean ibiliko gara”

Laster jarriko dute martxan Zizurkil Goiko konpostagailu komunitarioa. Intxaur pilotalekuaren albo batean ari dira prestatzen horretarko gunea.

  • Konpostagailu komunitarioen aldeko apustua egin duzue Zizurkil Goian. Zer dela eta? Argi dago hondakinen arazoari irtenbide bat eman behar zaiola. Zizurkil Goia autokonpostaia sustatzeko eremu egokia dela iruditzen zitzaigun. Baserri eta etxe askotan autokonpostagailuak jar daitezke, horretarako lursail egokiak dituztelako. Herrigunerako, berriz, konpostagailu komunitarioak jartzearen aldeko apustua egin dugu. Organikoak hondakinen %40 suposatzen du eta horri irtenbidea emanez gero, arazoaren zati handi bat konponduko dugu.
  • Nola bideratuko duzue? Epergain kaleko hamabost familia izango dira konposta egiten hasiko diren lehenak. Irailean egin zen lehen bilera haiekin eta gure asmoen berri eman ondoren, oso jarrera ona azaldu zuten. Zenbait zalantza argitu genizkien eta dagoeneko, martxan jartzeko zain daude. Intxaur pilotalekuaren aldamenean prestatu dugu konpostagailuentzako gunea eta laster jarriko dugu martxan. Itxitura jarri dugu eta erabiltzaile bakoitzak giltza izango du, nahi duenean hondakinak bota ahal izateko. Etxe guztietan edukiontzi marroiak banatu eta konpostagailuak jartzea bakarrik falta zaigu. Hiru jarriko dira, baina hasieran, bakarra erabiliko dugu. Modu horretan errazago zuzenduko ditugu akatsak. Lehen konpostagailu hori betetakoan, bere lana egiten utziko diogu eta bigarrena betetzen hasiko gara. Etorkizunean, herriguneko beste etxebizitzetako biztanleentzat ere modu horretako konpostagailu komunitarioak jartzea da gure asmoa.
  • Zein zailtasun du konposta egiteak? Konposta egitea ez da lan zaila eta hasieran, udaletxeko kideak gainean ibiliko gara, gure laguntza eskaintzeko. Materia heze eta lehorraren arteko oreka egokia bilatzea da gakoa, eta horretan lagunduko diegu. Horrez gain, txandaka txandaka, erabiltzaileei arduradun bat jartzea eskatuko zaie, konpostagailuan egin beharreko nahasketa lanez ardura dadin.
  • Zertarako erabiliko da konposta? Konpostagailua erabiltzen duten etxeetako lorategietan zabalduko da.
  • Nola bideratuko da gai hori Zizurkil behean? Ez dugu baztertzen zonalde batean konpostagailuak jartzeko aukera. Hala ere, ondo aztertu beharreko gaia da eta horretan ari gara lanean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!