Eskulanak, haur eta gurasoentzat

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urr. 18a, 10:50

Guraso baten eskakizunari jarraituz, ikastaro berezia antolatu dute Larraulen. Ostiral arratsaldetan eskulanak egiten arituko dira haurrak eta gurasoak.

Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitateak antolatu du eskulan ikastaroa, eta Olivia Sanchez larrauldarrak izango du gidaritza eta irakasle lanak egiteko ardura: “Ikastaro berezia izango da. Haurrek eta gurasoek elkarrekin aritzeko aukera izango dute, eta hori oso aberasgarria izango da guztientzat. Bi behar elkartu dira eta irtenbide ona eman zaie ikastaro honekin. Batetik, guraso askok  eskulan ikastaroren bat egin nahi zuten baina ez zuten haurrak norekin utzirik, eta bestetik, haur txikienentzat ez zen erraza bakar-bakarrik eskulanetan aritzea. Denak elkarrekin aritzea zen irtenbiderik hoberena, eta horrelaxe egingo dugu. Bi urtetxo ditu parte hartzaile gazteenak eta hortik aurrera, adin guztietako partaideak izango ditugu”.

Bederatzi familia
Hogeita zortzi lagunek eman dute izena, haur zein heldu, bederatzi familia, orotara: “Koloreak, teknika ezberdinak..., gauza asko ikasteko aukera izango dute ikastaroan zehar. Haur gehienak gurasoekin etorriko badira ere, lauzpabost bakarrik hasiko dira. Nahi duten eskulanak egiteko aukera izango dute guztiek. Eguberrietako bolatxoak egingo dituzte batzuek, panpinak besteek, Olentzaroren irudi bat, etxeko altzari txikien zaharberritzea,... Jendearen interesak errespetatzen saiatuko naiz. Bada margolan bat egin nahi duenik ere; bakoitzak bere modura margotuz osatuko du koadroa. Oso ekintza librea da eskulana, irudimena lantzeko oso baliagarria”.

Elkarrekin egoteko aukera
Gurasoek eta haurrek tarte atsegina partekatzea da ikastaroaren helburu nagusia: “Elkarrekin arituko dira eta horrek ondo pasatzeko aukera emango die. Gainera, ostiraletan ikasitakoa oinarri hartuta, etxean ere egin ditzakete eskulanak. Eguraldi txarra denean, etxean elkarrekin denbora pasatzeko aukera paregabea emango die eskulan ikastaroak”.
Kultur etxeko gela batean hasiko da ikastaroa. “Hogeita zortzi pertsona izanda, ordea, toki asko beharko dugu. Hezkide eskolako kideei euren eraikina erabiltzeko eskaera luzatu diete Aiztondo Zerbitzuen Mankomunitatetik, baina oraindik ez dugu erantzunik jaso. Hezkide eskolan badute eskulanetarako prestatutako gela handi bat eta oso egokia litzateke gure ikastarorako”. Ostiral arratsaldero arituko dira eskulanetan, 17:30ean hasita.

Irakasle larrauldarra
Olivia Sanchezek urte asko darama eskulanen munduan lanean. Duela hogei urte pasatxo zabaldu zuen eskulanetarako materiala eskaintzen duen Arteka denda Tolosan eta han ari da orain ere, eskulanekin lotutako produktuen salmentan: “Dendako lanaz gain, eskulanak egiten ere aritzen naiz. Zorionez, eskari handia dut eta buru-belarri ari naiz lanean. Panpinak, ordulariak, margolanak..., gauza ezberdinak egiten ari naiz oraintxe bertan”.
Beste zenbait ikastaroren arduraduna ere bada Olivia: “Zizurkilen urte asko daramat heldu talde bati ikastaroa eskaintzen. Aurten hamabi pertsona arituko gara. Oso giro onean biltzen gara eta, zizurkildarrez gain, beste herrietako jendea ere gerturatzen da”.

Panpina bereziak
Panpina asko egiten ari da Olivia azken asteotan. Enkarguz egiten ditu, eskatzailearen gustura: “Goma eva izeneko materiala erabiliz egindako panpinak oso modan daude. Oso ondo moldatzen den materiala da eta panpina pertsonalizatuak egiteko aukera ematen du. Jende askok eskatzen ditu eta Larraulgo ikastaroan ere familia bat arituko da panpina horiek egiten”.
Etxeko altzari eta tresnak berritzeko joera ere geroz eta handiagoa da: “Krisialdiaren eraginez edo, jende askok egiten du altzariak berritzearen aldeko hautua. Berria erosi beharrean, etxekoa margotu eta itxura berria ematen diote”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!