Lontxo Usandizaga, sagarren munduan murgilduta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urr. 17a, 12:26

Sagarren tratamenduarekin 2006an hasi bazen ere, betidanik ezagutu izan du Lontxok sagarren mundua. Garai batean, sagardotegia izan zuten etxean; ondoren sagardoa egiteari utzi eta ganadutegia jarri zuten. Gaur egun, berriz ere, sagarren munduan barneratuta dabil.

Noiz hasi zinen sagarren tratamendua lantzen?
2000 urtean aldatu nituen sagar gehienak eta bospasei urtean sagarrik bildu gabe egon nintzen; zuhaitzak haz daitezen produkzioa gelditu beharra baitago. 2006an Frutel elkartean sartu nintzen, eta 2010ean Fitosanitario izateko titulua atera nuen Fraisoron. Titulu honi esker, sagarrei produktu jakinak botatzeko ahalmena dut; hori bai, horretarako Aldundiaren baimena behar izaten dut. Frutel elkartean ingeniari agronomo bat daukagu eta honek sagarren heldutasuna eta azukre gradua kontrolatzen dizkigu. Aurten, esaterako, zortzi eta hamaika graduren artean dabil.

Zein da tratamenduaren prozesua?
Alde batetik, zuhaitza bera tratatzen dut eta bestetik, sagarra. Normalean, jateko diren sagarrak bezala tratatzen ditut. Prozesua nahiko luzea da eta urte guztiko lana eskatzen du. Orain, bilketaren ondoren, hostoei benenoa botatzen diet, erortzen direnean azpian zomorrorik sor ez dadin. Ondoren, eguraldiaren arabera, zuhaitzak abonatu egiten ditut, gutxi gorabehera bospasei aldiz. Izotzak hasten direnean, berriz, neguko kimaketari ekiten diot. Kimaketa era berezian egiten dut: zuhaitzei kopa forma ematen diet eguzkiak erdian jo diezaien. Guztira, bizpahiru kimaketa egiten ditut urtean. Bestetik, udaberrian, bitaminak botatzen dizkiot loreari eta aldi berean, larbak atzematen dituen gailu bat jartzen dut; ondoren, benenoa botatzen dut harrak sagarrik jan ez dezan. Udan, ez dut tratamendu berezirik egiten eta udazkenean, lau edo bost lagunen artean, bildu egiten dugu sagarra. Normalean, sagardogileek esatean hasten gara biltzen.

Zenbat sagar biltzen duzu urtero eta nora eramaten duzu bildutakoa?
Hogeita hamar tona inguruan ibiltzen gara urtero, ehun gurdi karga, gutxi gora-behera. Hala ere, normalean, urtetik urtera gehituz joaten da kantitate hori. Irailean hasi eta Santu Guztien egunaren inguruan amaitzen dugu. Azken bilketan, gehienbat, Errezil sagarrak dira jasotzen ditugunak.
Sagar horiek guztiak Petritegi sagardotegira eramaten ditut. Honek, bi motatako sagardoa egiten du: alde batetik, euskal sagarrekin soilik egindakoa, zeina Eusko Label etiketapean saltzen den; eta bestetik, hemengo eta kanpoko sagarrekin egindakoa.

Zein motatako sagarrak dituzu?
Guztira 800 sagarrondo ditut, eta 20-25 klase desberdin. Nire ustez, sagardorik goxoena Gezamina, Goikoetxe, Txalaka, Patzuloa eta Urtebi sagarrekin irteten da. Baserri zaharretan, adibidez, ez da tratamendurik egiten eta sagar makal asko egoten da. Normalean, sagardozaleek ez dute sagar hori gustuko izaten, ez baitu sagardo onik uzten; gainera, bi urtez behin ematen du fruitua.

Sagardorik egiten al duzu?
Probarako bakarrik egiten dut, kapritxo hutsez. Gutxi gora-behera 35 litro sagardo egiten ditut, eta era bitxian, gainera. Kapritxorako denez, pastelak egiteko prentsa batean egiten dut, haizearekin sagarra zukutuz. Iaz, adibidez, oso ona atera zitzaidan. Eguraldiak ere asko lagundu zuen fermentazioan edo hartziduran.
Probak egiten joaten naiz urtero, sagar mota bat bestearekin nahastuz. Nahasketarekin asmatzen dudanean eta sagardo ona ateratzen denean, sagar mota horiek landatzen ditut. Izan ere, sagarra ez da letxuga bezala. Demagun letxuga mota bat landatu duzula eta arrazoi desberdinengatik ez zaizula gustatu. Horregatik, beste letxuga mota bat landatuko duzu eta hiru hilabeteren ondoren, jateko moduan egongo da. Sagarrarekin, ordea, urteak behar izaten dira emaitza politak lortzeko.

Merezi al du tratamendua egitea?
Botikak oso garestiak dira eta lana ere gehiago eskatzen du, baina bestetik, sagardogileek nahiago izaten dituzte tratatutako sagarrak. Nolabait esatearren, tratatutako sagarrak homologatuak dira eta besteak, ez. Hala ere, ordaintzerakoan bi zentimoko aldea besterik ez dago; ez homologatuei kiloa 0,24? ordaintzen diete eta homologatuoi, berriz, 0,26?.  Dena dela, label sagardoa egiten ez dutenek nahi adina sagar ekartzen dute Normandiatik (Frantzia) eta gurea baino merkeago, gainera. Hemen ez dago eskaerarik. Baldintza asko daude tartean eta, egia esan, ez dakit merezi ote duen edo ez.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!