Etxebizitza berria erosteko aukera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urr. 17a, 12:23

Bi eta hiru logelako etxebizitzak egingo dituzte Lamiategiko gunean. Salmenta libreko etxebizitzak izango dira, garaje eta trastelekuarekin. Interesatuek, oraindik ere badute erosteko aukera.

Lamiategiko gunean, igerilekuaren ondoan, hogeita hamabi etxebizitza egingo dituzte. Pili Legarra alkateak eman du ekimen honen inguruko informazioa: “Bi eta hiru logelako etxebizitzak izango dira, garaje eta trastelekuarekin. Bi logelako etxeen prezioa 180.303 euro +BEZ izango da eta hiru logelakoena, 198.333 euro + BEZ. Norbaitek garaje eta trastelekurik erosi nahiko balu ere, izango luke horretarako aukera. Salmenta libreko etxebizitzak izanda, oso prezio onean aterako direla iruditzen zait”.

Udala, bitartekari
Urte amaiera inguruan jarriko da martxan ekimena: “Udalak baditu hor lursail batzuk eta urtearen azkenetan, subastan aterako ditu eraikuntza enpresa batek etxebizitzak egin ditzan. Udalak bitartekari lana egingo du erosleen eta eraikuntza enpresaren artean”.
Kalitatezko etxebizitzak sustatu nahi ditu Udalak: “Garbi dugu nolako etxebizitzak nahi ditugun. Lehiaketara aurkezten diren enpresek aurreproiektua aurkeztu beharko du, euren eskaintza erakutsiz. Kalitatezko materialak erabiltzea nahi du Udalak, balkoi handiak, margotzen lanik emango ez duen kanpoaldea, etorkizunean arazorik emango ez duten etxebizitzak nahi ditugu. Horrez gain, etxebizitzen prezioa ere Udalak finkatuko du”, azaldu du Pilik.

Asteasu, herri bizia
Gazte asko dago Asteasun: “25-35 urte arteko 226 gazte ditugu. Adin tarte horretan iristen da etxetik ateratzeko momentua. Orain arte familia bakarrentzako etxeak egin dira herrian, eta gazteek ezin dute halakorik erosi. Udalak, gazte horiengana bideratu nahi du orain eskaintza. Herritarren artean interesa azaldu zutenak bildu ditugu, eta orain, inguruko herrietako jendeari ere zabaldu nahi diogu aukera”, azpimarratu du Pilik. “Asteasu oso herri bizia da. Bikote gazte asko dago, eskola indartsua dugu, egunerokoan behar diren zerbitzu nagusiak ere baditugu..., herri bizia da eta aldi berean, herri izaera mantentzen du. Bizitzeko toki egokia dela iruditzen zait”, gaineratu du.
Herrigunetik gertu dago Lamiategi: “Igerilekuaren aldameneko lursailetan egingo dira etxeak. Herrigunetik oso gertu dago Lamiategiko gunea; zerbitzu guztiak eskura ditu”, azaldu du.

Galdeketa
Herritarrei luzatutako galdeketa baten bidez finkatu zuten etxebizitzen kokalekua: “Bi gune genituen eskuartean; batetik, Elizmendiko eskola ingurua eta bestetik, Lamiategikoa. Galdeketa luzatu genien herritarrei, euren iritzia eta beharren inguruko informazioa biltzeko. Elizmendiko gunean oso etxebizitza txikiak eraiki daitezke eta jendeak garbi egin zuen Lamiategikoen aldeko hautua”.
Hiru eraikin egiteko tokia dago Lamiategin, baina momentuz, bakarra egingo da. “Orain arte jaso dugun eskaerari erantzuna emateko, nahikoa da etxebizitza eraikin bakarra egitea. Hogeita hamabi etxebizitza egingo ditugu orain eta etorkizunean gehiago egiteko beharra sumatzen badugu, zabalik dago horretarako aukera”.
Etxebizitza berrien inguruko informazioa eskuratu nahi izanez gero, Asteasuko Udaleko kideekin jarri behar da harremanetan: 943 691 907.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!