Nemesio Olariaga gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urr. 17a, 11:48

Nemesio Olariagaren (1864-1933) senitartekoak Andoainen izan dira egunotan. Olariaga Andoainen jaio eta 15 urte zituela Argentinara joan zen abertzale, kazetari eta idazle ospetsua izan zen.

Nemesio Olariaga Etxaideren biografia 2008an kaleratu zen (Biografia de Nemesio de Olariaga. Leyçaur 10 aldizkaria. Andoaingo Udala), eta Juan Mari Irusta Andoaingo historialaria izan zen bere egilea. Honek, hiru alderdi nabarmentzen ditu Olariagaren nortasunetik: Andoainekiko maitasuna, abertzaletasuna (jeltzalea) eta ongizaletasuna.   
Olariaga 1864an jaio zen, Kale Nagusian, eraitsi berri duten Arotzanea Txiki etxean. Sei urte zituela, aita hil zitzaion, eta ama alargundua zazpi seme-alabekin geratu zen etxean.
Hamabost urte zituela, Argentinarako bidea hartu zuen; arrazoiak aipatzerakoan, Euskal Herritik Amerikara XIX. mendearen hondarrean eta XX. mendearen zati handi batean eman zen emigrazioaren testuingurua deskribatzen du Irustak biografian. Exodorik handiena, bigarren gerrate karlista amaiturik gertatu zen. Garai hartan, 1876an, euskal foruak deuseztatu zituzten, eta soldadutza derrigorrezko bihurtu gazteen artean. Horrela, normaltzat har daiteke Afrika edo Filipinetara soldadu ez joateagatik ihes egin izana, Amerikara gehienbat.   
Buenos Airesen jarri zen bizitzen, komertzio etxe bat ireki zuen laster, han bizi zen Frantzisko anaiaren anparoan, eta nekazaritzan eta abeltzaintzan negozio handiak egin zituen. Gogoan izan behar da XX. mendearen hasieran, ondasunen jabeek ez ezik abeltzainek ere botere politiko handiko oligarkia osatu zutela Argentinan, indigenei lur sailak kendu eta gero batik bat.

Kausen aldeko
Irabazietatik zati nabarmena kausa politiko eta sozialetan xahutu zuen. Argentinako lehen Euskal Etxearen sortzaileetako bat izan zen 1901ean; etxe berezia izan zen, aitzindaritzat har daitekeena alderdi askotatik, kultura eta benefizentzia hartu baitzituen helburutzat: emigratutako euskaldun behartuen harrera, zaharren zaintza, euskal haurren eskolatzea, euskararen irakaskuntza…
Olariaga Sabino Aranak Amerikan izan zuen lehen jarraitzailetzat jotzen da, aldi berean. Jeltzaletasuna zabaltzeko asmotan, aldizkariak sortu eta liburuak argitaratu zituen erruz, bere patrikatik jarrita dirua gehienetan. Alde horretatik, Irrintzi hilabetekaria da bere argitalpenik ezagunena, 1903an sortua, “Dana Euskalerriagatik eta Euskalerriantzako” lelo adierazgarria zeramana; 1913an, “Jaun Goikoa eta Lege Zarrak” eta “Viva Euzkadi Libre” izena hartu zuen aldizkari horrek. Berak artikulu ugari idazten zuen, euskaraz zein gazteleraz, eta Andoaingo abertzaletasunaren kronikak egiten zituen maiz. Euskaltzale amorratua zen, eta bere lagun min Pedro Mari Otaño bertsolari zizurkildarraren bertsoekin bilduma-liburua ere kaleratu zuen. Liburuak berak ordaintzen zituen, eta doan eta lau haizetara zabaltzea izan ohi zen bere joera.  

Organoaren dohaintza
Andoain bihotzean eduki zuen beti, eta horren adierazgarri da Goikoplazako San Martin elizarako organoa erosi izana, orduko 25.000 pezeta jaioterrira bidali eta gero; 1907an inauguratu zen. Bere garaian, organoaren hauspoa eragiten den tokian Olariagaren izena jarri zuten esker onez, baina zenbait konponketen ostean, hura kendu eta beste plaka bat jarri zuten, gaurdaino iritsi dena eta hala dioena: “Andoaingo seme Garagorri-tar Larramendi-ko Aita Manuelen izenean andoaindar baten erregaloa”.
Inoiz ez zen Andoainera itzuli, ez gogorik ez zuelako, baizik eta Primo de Riveraren diktadurak atxilotuko ote zuen beldurrez. Ipar Euskal Herrira hurbildu izan zen soilik, ama eta anai-arrebekin gertatzekotan. 1933a hil zen, 69 urte zituela.
Atsekabea eragin zuen Andoainen bere heriotzak, eta egun batzuen ondoren batzar aretoko, hormaren batean bere erretratua jartzea erabaki zen; bertan dirau egun, Aita Larramendi, Martin Ugalde, Manuel Lekuona, Rikardo Arregi eta beste zenbait seme eta alaba kuttunekin batera. 1934ko urtarrilean, berriz, udaletxean egin zen udal batzarrean, Barriola zinegotziak Olariagari kale izena eskaintzea proposatu zuen, baina ezerezean geratu zen saiakera.

Udal agintariekin batera
Olariagaren birbiloba Jose Mari Durrieu eta Maria Susana Arieu argentinarrek Andoaingo hainbat leku bisitatu dituzte egunotan. Egonaldian, Juan Mari Irusta, Olariagaren biografigilea, Iñaki Zabaleta Andoaingo erretorea eta Andoaingo Udaleko agintariak izan dituzte ondoan. Organoaren aurrean agertzen dira guztiak ere argazkian.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!