Literatur solasaldiak, liburutegian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urr. 17a, 11:47

Andoaingo Udal liburutegiak, udazkeneko literatur solasaldiak antolatu ditu aurten ere.  Lehen saioa irailaren 25ean izan zen, eta urriaren 30ean eta azaroaren 27an izango dira bigarrena eta hirugarrena. Judith Alzola liburutegiko arduradunak hartu du hitza.

Urtean zehar, gutxi gora behera zortzi solasaldi antolatzen dira Andoaingo liburutegian. Uda aurretik bost eta ondorenean, hiru: “Normalean hileko azken asteartetan egiten dira, baina batzuetan, jai egunak direla eta, datak aldatu egin behar izaten ditugu”, azaldu du Judithek.
Solasaldietan parte hartu ahal izateko liburua aurrez irakurri behar da: “Liburuen aukeraketa solasaldien koordinatzailea den Ane Mayozek egiten du. Normalean, taldean solasteko aproposak diren liburuak izaten dira; berari asko gustatu zaizkion liburuak aukeratzen ditu”. Parte hartzeari dagokionez, Judithen arabera, “jendeak oso gustura hartzen du parte solasaldi hauetan”, baina euskarazko liburuekin arazoak izan ohi dituzte: “Euskarazko liburuen solasaldietara oso jende gutxi etortzen da; kasuren batean edo bestean lagun bakarra gerturatu zaigu”.

Datozen saioak
Udazkeneko bigarren solasaldia urriaren 30ean izango da, arratsaldeko 19:00etan. Bertan Uxue Alberdiren Aulki-jokoa liburuaren inguruan hitz egingo dute solaskideek. Istorio xumeen handitasuna erakusten du Uxue Alberdik bere lehenengo eleberri honetan. Denbora eta ahots desberdinak trebetasunez nahastuz eta pertsonaien nortasunean sakon barrenduz, bizitza bera bihurtu du kontagai, epika eta lirika guztietatik harago, estiloaren dotorezia eta arintasuna elkartzen dituen esku ziurrari esker. Maitasuna, gerra, askatasuna, errebeldia…, gai handi eta eternalak ageri dira herri txiki bateko biztanleen bizitzetan. Hiru emakumeren ahotsek josten dute eleberri honen sarea: Teresa, Martiña eta Eulali haurrak, adokinetan korrika, baita haiek berak gaztetan ere, beren ilusio eta hausturekin, eta pasarte horiekin tartekaturik pertsonaia berberak gaur egun, arratsaldero kafea hartzen, gozotegian, nor bere aulkian.
Azken solasaldia azaroaren 27an izango da, aurrekoaren ordu berean, Ramon J. Senderren  “Requiem por un campesino español” mintzagai hartuta. Istorioa Gerra Zibilean kokatzen da, Aragoiko herrixka txiki batean. Errotako Pacoren jazoerarik garrantzitsuenak kontatzen ditu: mendekua, beldurra, hira, jakin mina… Hala ere, istorio hau errealitatea kontatzeko aitzakia bat baino ez da; Gerra Zibileko errealitatea islatzen duen istorioa. Paco nobelako protagonista da: tragikoa, gogorra, egiatia eta, beharbada, zertxobait idealista. Borrokako liderra eta herriko pertsonarik maitatuena. Istorioa kontatzen duena, berriz, Mosen Millan da, herriko erretorea. Mosen Millanek Pacoren bizimodua kontatzen du haurtzarotik heriotzera. Nobelan zehar gainera, beste pertsonaia batzuen testigantzak agertzen dira: Pacoren ama Agedarenak edota Requiem mezako partaideenak. Nobela honek, azken finean, garaiko miseria eta gizartearen banaketa erakusten ditu. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!