Amasa-Villabonako memoria islatzen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urr. 17a, 11:45

Euskal Memoria Fundazioak Amasa-Villabonako memoria eraikitzen hasteko proposamena egin zien Esti Amenabarro, Karlos Almorza eta Pello Aranburu billabonatarrei. Hauek, eginda dauden beste lanak kontuan hartuta, frankismoa arakatzeari ekin zioten. Berehala lanean hasi eta ia bi urte geroago ‘Frankismoaren aztarnak arakatzen’ izeneko liburua argitaratu dute.
Pello Aranburu liburuaren koordinatzaileak hartu du hitza.

Proposamena jaso zutenean, Amasa-Villabonako udaletxeko artxibategira joatea erabaki zuten, eta bertan ikusitakoarekin harrituta geratu ziren: “Artxiboan 2000 dokumentutik gora aurkitu genuen; 1936tik 1964ra bitartean jasotako dokumentu asko dago. Gainerako udaletxeetan ere begira ibili ginen, baina ez genuen ezer aurkitu. Villabonako artxibategian hainbeste informazio zegoela ikustean, aukeraketa bat egitea erabaki genuen”. Ondoren, jendearen testigantzak biltzen zituen grabazioak egiten ere hasi ziren, baina ez zekiten hainbeste informazio zehazki nola bideratu: “Gure asmoa ez zen liburu mardul eta potolo bat egitea. Horregatik, informazio hori bitan banatzea erabaki genuen. Alde batetik, Francoren aldekoek idatzitako dokumentuak bilduko zituen liburua eta bestetik, testigantzak bilduko zituena. Ahalik eta jende gehien elkarrizketatu nahi dugu, denak billabonatarrak. Ez da lan erraza, adineko jendeari oraindik ere beldurra ematen dio garai hartako kontuak kontatzeak, kartzelara eramango ote dituzten beldur dira”. Hori horrela, Francoren aldekoek idatzitako dokumentuak biltzen dituen liburua azaroaren 9an aurkeztuko dute Mintzolan, arratsaldeko 19:00etan. Testigantzak biltzen dituena noiz kaleratuko den oraindik ez dakite, baina dagoeneko lanean ari dira.

Liburuko dokumentuak
Liburua hiru zatitan dago banatua bakoitzari dagozkion azpiatalekin. Dokumentu bakoitza euskaraz eta gaztelaniaz egindako bere sarreratxoarekin ageri da. Aurkitutako 2000 dokumentu horietatik batzuk bakarrik aukeratu dituzte liburuaren egileek: “Gure asmoa alor guztiak lantzea izan da; horregatik, liburuan era guztietako dokumentuak aurki daitezke: Frankistek egindako gastuen fakturak, jendeak emandako diru laguntzen zerrendak… Hori bai, dokumentu guztiak Francoren aldekoenak dira, beraien bandoan sartzen ez zirenak, ez dira existitu ere egiten”, azaldu du Pellok.

Bitxikeriak
Dokumentuak aztertzen hasi zirenean, hainbat bitxikeria aurkitu zuten egileek. Salaketak, esaterako, ugari agertzen dira liburuan zehar. Hauetako bat azaldu du Pellok: “Plaza izkinan, bazen Txokolonea izeneko kafetegiren bat. Bertan, emakume koadrila bat elkartzen zen askotan, eta tartean baita gizonezko bat ere. Egun batean gizon honek  emakumeak salatu zituen erregimenaren kontra hitz egiteagatik, eta zazpi emakumeri ‘Consejo de guerra’ zeritzona aplikatu zieten”. Beste bitxikeriatako bat 1936ko armen erosketen inguruko dokumentu batean aurkitu dute: “Billabonatar batzuek bazekiten gerra hasi baino lehen zer zetorren. Gerra Zibila 1936 uztailaren 18an hasi zen eta arma hauek 1936ko maiatzean erosi ziren, nahiz eta faktura abenduaren 31n egina dagoen. Nonbait, saltzaileari faktura beranduago egitea exijitu zioten”.

Eranskina
Frankismoaren eraginez, Amasa-Villabonan ,gutxi gora-behera, 50 hildako izan ziren. Dokumentuetan, ordea, 22 soilik ageri dira: “Frankismoaren bandokoak ez zirenak ez dira agertu ere egiten, gainerako 28ak ez dira existitzen. Badakigu hauetako bat Amasan lur emanda dagoela. Nonbait, haren sendiak bazekien Tolosan fusilatua eta lur emana izan zela. Familiakoek panteoi bat erosi zuten eta Aranzadikoek indusketak egin zituztenean haren hezurrak bertara ekarri zituzten. Hala ere, garbi dagoena da dokumentuetan ageri diren 22ak ez zirela Francoren aldekoak, gehienak hiltzeko beldurrez errekete sartu zirenak baizik”. Liburuaren amaieran, 450 izen biltzen dituen eranskina ageri da, fusilatuen, Santanderren atxilotutakoen eta beste hainbaten izenak jasotzen dituena hain zuzen.

Amaiera
Liburua, lehen aipatu bezala, azaroaren 9an aurkeztuko dute eta herriko liburu-dendetan jarriko dute salgai 10?ren truke. Egileek, liburua eskuartean dutela, sentsazio berezia dute: “Lotsa sentitu dugu neurri handi batean. Harrituta gaude nolatan lehenago inork ez duen hau guztia plazaratu. Gure helburua asko sufritu duen jendea aipatzea izan da, nolabait esatearren, galtzaileak ere aipatzea. Orain arte isilean egon den herriko historia da eta bada garaia azalera ateratzeko. Herri batek aurrera egin behar badu, ezinbestekoa da bere izana idaztea”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!