Amasako jaiak, elkarlanean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urr. 17a, 11:38

Amasako gazteek hartzen dute San Martin jaiak antolatzeko ardura. Iraila hasieran hasten dira lehendabiziko bilerak egiten eta dagoeneko, lotua dute gehientsuena. Eguna iritsi eta jaia lehertzea besterik ez da falta.

Hamabost urte ditu taldeko kide gazteenak eta hogeita bost, zaharrenak. Larunbat goizero biltzen dira Amasako Kultur Etxean, ardurak banatu eta erabakiak hartzeko. Gurutze Astiasaran, Ander Nazabal eta Elixabet Jauregik eman dute antolaketa lan horien inguruko berri: “Hogei bat lagun elkartu ohi gara. Bakoitzak bere ardurak hartzen ditu eta astean zehar, lanak aurreratzen ditugu. Bada bileretara etortzerik ez, baina antolaketa lanetan aritzen denik ere. Ekitaldi bakoitzerako bi arduradun aukeratzen ditugu eta guztiok laguntzeko prest izaten bagara ere, bi pertsona horien gain geratzen da ardurarik handiena”.
Udalak jarritako aurrekontua hartzen dute ardatz Amasako Samartiñak antolatzeko: “Udalak jaiak antolatzeko zenbat diru dagoen esaten digu eta guk horretara moldatu behar dugu. Ez digute bestelako baldintzarik jartzen. Horrez gain, zenbait etxe laguntzaileen babesa ere izaten dugu”, azaldu du Elixabetek.

Aste bat lehenago
Azoka eta mendiduatloia izango dira aurtengo jaietako lehen ekitaldiak: “Azaroaren 3an egingo da azoka eta 4an, igandearekin, mendiduatloia. Iaz jaien ondorengo asteburuan egin genituen bi ekitaldi hauek, baina aurten, aurretik izango dira. Euskadiko txapelketarako puntuagarria da Amasako mendiduatloia eta federazioak finkatu du data”, argitu dute.
Azokari dagokionez, iaz antolatu zuten  lehendabiziko aldiz: “Aurten, esperientzia gehixeago daukagunez, iaz baino errazago antolatuko dugu. Postu asko espero ditugu; batetik, herriko baserritar eta eskulangileen produktuak izango dira eta bestetik, kanpotik etorritakoenak”.
Gazte eguna ostegunarekin ospatzen dute urtero eta dagoeneko, gogotsu daude Amasako gazteak: “Oilaskoak biltzera joaten gara, baserriz baserri. Oso egun polita izaten da guretzat. Askok jai hartzen dugu egun horretarako, baita hurrengo egunerako ere”.

Behorra, gazteen aurka
Larunbatean erronka berezia izango da ikusgai: Amasako gazteak, Xandra baserriko behorraren aurka lehiatuko dira. “Herri bazkariaren aurretik egingo dugu eta oraindik zehazteko dago zenbat gazte arituko diren lehian. Nolanahi ere, ekitaldi berezia izango da”, azaldu dute.
San Martin eguna igandearekin egokitzen da aurten. “Goizean San Martin egunez egiten diren ohiko ekitaldiak izango dira eta arratsaldean berriz, igandeetan egiten ditugunak. Egun bete-betea izango da”.
Bakailao lehiaketa, txekor jana eta igandeko herri-kirol saioa oso ekitaldi jendetsuak izaten dira. “Ia 300 pertsona biltzen da bazkarirako. Uxo Toki elkarteak antolatzen du eta geroz eta jende gehiago etortzen da”, jakinarazi dute.
Azaroan izanik, eguraldiak asko baldintza ditzake Amasako jaiak. “Euria, hotza, hego-haizea..., denetarik egin dezake. Aurreko urteetan txozna bat jarri izan dugu plaza inguruan, baina iazko haizeteak kaltetu egin zuen. Pilotalekuan barra jarriko dugu, baina oraindik beste txozna edo barraren bat jartzeko aukera aztertzen ari gara ”.

Samartiñez haratago
Urtean zehar, beste zenbait ekitaldi ere antolatzen dute Amasako gazteek: “Loatzoko igoera gure esku egoten da eta San Juan bezperako afaria ere antolatzen dugu. Urriaren 20an bertso afaria egingo dugu Uxo Tokin. Iturri-Goxon jarriko ditugu salgai txartelak. Hiru bertsolari arituko dira:  Amaia Agirre, Adur Gorostidi eta Mikel Artola”.
San Martin jaiak antolatzeko bileratara etortzeko deia zabaldu dute gazteek: “Gure bilerak ez dira itxiak eta gustura hartuko genuke jende berria. Norbaitek parte hartzeko gogoa badu, larunbat goizetan zabalik aurkituko ditu kultur etxeko ateak”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!