Urriaren 21ean, Lehendakaritza hautagai

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urr. 17a, 11:37

Datorren hilaren 21ean Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak ospatuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoan.

Dagoeneko, eskualdeko herriteako hainbat txokotan ikus daitezke hauteskunde kanpainako iragarkiak. Urriaren 5ean eman zitzaion hasiera hauteskunde kanpainari eta datoren 19ra arte iraungo du. EAJ-PNV, PP, PSE-EE,  UPyD, EH Bildu, EQUO, PACMA, Esacaños en Blanco, IU-LV, UCE, PUM+J, EB-B eta PH dira aurkeztu diren alderdiak.

Bozketak nola egin
Hautesleek errolda-zerrendaren arabera dagokien mahaian baino ezin izango dute zuzenean bozkatu. Zuzenean bozkatzeko, hautesleak, hala nahi badu, mahaiko kabinan sartzeko aukera izango du; bertan nahi duen hautagai-zerrendaren txartela hartu eta bozketarako gutunazalean sartu beharko du. Ondoren, mahaira hurbildu eta botoa eman beharko du.
Hautesleak banan-banan joan beharko dute mahaira. Bertan, izen-abizenak adierazi eta mahaiburuari titularraren argazkia duen agiria (NANa, pasaportea edo gidabaimena) eta bozka duen gutunazala eman beharko dizkio.

Bozketarako tokiak
Bozketa goizeko bederatzietan hasi eta arratsaldeko zortzietan amaituko da, etengabeko ordutegian. Adunarrek eta larrauldarrek herriko udaletxean eman beharko dute euren bozka; amasa-billabonatar guztiek Olaederra kiroldegian; asteasuarrek Pello Errota ikastetxean eta zizurkildarrek, berriz, Pedro Mª Otaño ikastetxean. Andoaindarrek euren bizitokiaren arabera, Bastero kulturgunean, Aita Larramendi ikastolan, Ambrosia Olabide gizarte zerbitzuen zentroan edo La Salle ikastetxean eman beharko dute euren botoa.
Eskualdeko hautagaiak zerrendetan
Urriaren 21ean Eusko Legebiltzar berria aukeratzeko hauteskundeetako alderdi nagusietako zerrendetan eskualdeko hainbat ordezkari aurki daitezke. Horien guztien artean, honakoak aipa daitezke:
PSE-EE alderdian Gipuzkoako zerrendan bederatzigarren aurkeztu da Maider Lanz eta ordezko moduan, Petra Romero andoaindarra. EAJ-PNV alderdian Joseba Egibar andoaindarra da zerrenda-burua eta bigarren postuan aurkeztu da Bakartxo Tejeria Amasa-Villabonako alkate ohia. Lehen hamarren artean, berriz, Luke Uribe-Etxebarria asteasuarra aurki daiteke. Ordezko postuetan ageri da Mª Angeles Lazkano Zizurkilgo alkate ohia ere. EH Bilduk aurkeztutako Gipuzkoako lehen bost zerrendagaien artean, Buruntzaldeko bi hautagai daude. Biak hernaniarrak, horietako bat Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkate ohia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!