Urtzi Zubeldia, kart zale amorratua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urr. 17a, 11:36

Hemeretzi urteko zizurkildarrak, Gazteak antolatutako Euskadi Karting kopa irabazi berri du Olaberriako kart zirkuituan. Kart-etako zaletasunaren nondik norakoak azaldu ditu.

Nondik datorkizu kart-etarako zaletasuna?
Lehen, osaba rallyetan ibiltzen zen eta gu askotan joaten ginen ikustera. Txikiak ginenez eta rallyetan ibili ezin genuenez, kart-etan hasi ginen.

Nolatan apuntatu zinen Gazteak antolatutako lehiaketa honetan?
Jokoan bost eguneko bidaia zegoela esan zidan nire neskalagunak, eta aurrez ere zertxobait ibilia nintzenez, izena ematea erabaki nuen.

Beste lasterketaren batean hartu al duzu parte?
Gazteak antolatutako txapelketa honen aurretik, Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako hiru txapelketetan hartu dut parte. Hauetatik bi irabazi egin nituen eta hirugarrenean, laugarren postua lortu nuen.

Gaztea Euskadi Karting txapelketaren prozesua azalduko al duzu?
Guztira, 308 lagunek hartu dugu parte. Horregatik, bi astetan zehar hainbat sailkapen-proba egin da. Lehenengo lasterketetatik hogeita hamar soilik sartu ginen finalerdietara. Ondoren, finalerdietan, hamar partaideko hiru lasterketa egin ziren eta talde bakoitzetik lehenengo hirurak pasa ziren finalera. Asko kosta zitzaidan, ez zen lan erraza izan. Probaren hasieran gaizki abiatu nintzen, baina azkenean lortu nuen finalean sartzea. Finalean, bederatzi lehiakideri egin behar izan nien aurre eta orain, Sevillarako hiru eguneko bidaia daukat zain.

Noiz hasi zinen kart-etan trebatzen?
Txikitatik gustatu izan zaizkit. Benidormera oporretara joaten ginenean ere beti ibiltzenginen kart-etan. Hemen, berriz, Olaberrian aritzen naiz normalean; orain arteko lasterketa guztiak ere Olaberrian izan ditut.

Zer egin behar da pilotu on bat izateko? Zein da sekretua?
Bizi egin behar da. Nik nireari begiratzen diot eta besteak bakean uzten ditut, ez diet kasurik egiten.

Aurrerantzean beste txapelketaren batean parte hartzeko asmorik ba al duzu?
Lasterketa tituludunetan parte hartzeko lizentzia bat eskatzen dute eta talde batean sartu beharra daukazu, baina hori oso garesti ateratzen da. Nire lehengusuak hala dabiltza eta egia esan, marka politak egiten ari dira. Modu honetako txapelketak antolatzen badira parte hartzen jarraitzeko asmoa daukat.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!