Bigarren eskuko azoka

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urr. 17a, 11:32

Bigarren eskuko produktuen azoka egin berri dute Zizurkilen. Arropa, jostailuak, liburuak, etxeko tresnak..., denetarik aurki zitekeen Intxaur pilotalekuan.

Elkartasun azoka izenpean egin dute bigarren eskuko produktuen salmenta. Marga Aizpurua aritu da antolaketa lanetan eta hark eman ditu azokaren helburu nagusien inguruko azalpenak: “Presoei eta haien senitartekoei laguntzeko antolatu dugu bigarren eskuko produktuen azoka. Etxean pilatutako arropa eta bestelakoak ekartzeko deia luzatu genien zizurkildarrei eta oso erantzun ona izan genuen. Jende asko hurbildu zen gauzak ekartzera. Bildutakoak sailkatu eta salneurriak finkatu ondoren, Intxaur pilotalekuan jarri genituen salgai, ostiral arratsaldetik igande iluntzera arte”.

Hiru egunez, salgai
Ostiral arratsaldean salmenta polita egin zuten: “Jostailu asko saldu zen, baita bestelako produktuak ere. Liburu asko bildu genuen eta prezio sinbolikoa zutenez, askok baliatu zuten aukera. Oso gustura gaude herritarren erantzunarekin”, azpimarratu du Margak.
Hiru egunez irekita izan ondoren, igandean itxi zen azoka: “Saldu gabe geratu zitzaizkigun produktuak Emaus erakundeari emango dizkiogu. Liburuak Udalak hartuko ditu, bigarren eskuko liburuen azoka egiteko asmoa dutelako. Modu honetako azoka bat antolatzen dugun lehendabiziko aldia da eta oso pozik gaude. Datorren urtean ere errepikatuko dugula iruditzen zait. Aurtengoan hiru egunetan egin dugu produktuen bilketa, baina datorren urterako bilketa hori egun gehiagotan egitea pentsatzen ari gara. Modu horretan, jende gehiagok izango luke bere gauzak ekartzeko aukera”.
Hogei bat lagun aritu dira bigarren eskuko azokaren antolaketa lanetan. “Produktuak bildu, sailkatu, postuak jarri, salmenta egin..., jende talde handia behar da horrelako ekimen bat aurrera ateratzeko. Txanda ezberdinak antolatu ditugu eta ondo moldatu gara lan guztiak egiteko”, jakinarazi du Margak.

Elkartasun erakusketa
Bigarren eskuko azoka amaitzearekin batera, ‘Herritarrak  artista’ erakusketako ateak zabaldu zituzten. “Iaz jarri genuen martxan ekimen hori eta arrakasta handia izan zuen. Artelan handiak izan dira ikusgai aurtengoan ere: Koldo Jauregik bere lan bat eman zigun eta Ameztoyren eta Igarategiren lanak ere baziren. Horrez gain, herritarrek emandako eskulan eta artelanak ere izan dira ikusgai: gurutze puntara, egur taila, eskulanak, margolanak..., guztiak ere erosteko aukera izan da”.
Astebetez luzatu zen elkartasun erakusketa: “Iaz denbora luzexeagoan eduki genuen zabalik, baina aurten bigarren eskuko azoka ere egin dugunez, astebetez zabaldu dugu. Iaz bezala, oso harrera ona izan du eta erakusgai jarritako eskulan asko eta asko saldu da”.

Jarraipenerako asmoa
Urriaren 14an, Azoka berezia egin zen egunean, herritar asko hurbildu zen erakusketa ikustera: “Jende ugari etortzen da Azoka berezira eta horietako asko gerturatu ziren Iriarteko erakusketa ikustera. Oso lan politak zeuden eta jendea oso gustura geratu zen. Ekimen honi ere jarraipena eman nahi genioke datozen urteetan”, amaitu du Margak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!