Goizeko 11:00etan zabalduko da azoka eta ordu berean abiatuko da, eskultararaino joango den kalejira. Emakume baserritarrei omen egingo zaie bertan. Ebel emakume baserritarren elkartearekin zuen harremana berreskuratu du Udalak aurten, eta horrek baliatu du ekitaldi bereziaren antolaketa. Nola Udaleko kideak, hala Ebelekoak, pozik ageri dira lortutako harremanarekin. "Gustura gaude ekitaldi honen bidez emakume baserritarrari dagokion errekonozimendua, lekua eta duintasuna eskainiko zaiolako" azaldu zuen Ebel elkarteko Rosa Arregik.
Teodoro Hernandorena kalean jarriko dituzte jaki postuak. Guztira 24 postu jarriko dituzte, horietako 7 herritarrenak. Alaitz Ormazabal zinegotziak eman zituen azalpenak: "Ezti, gozo, esneki, haragi... denetarik izango da. Herriko janari postu onenak, gainera, baserriko argia saria jasoko du aurten Ebelen eskutik. Eskulturaren irudia izango da sariaren ardatz eta horrez gain Olentzo jatetxeak lau pertsonentzako otordua ere eskainiko die".
Herri bazkaria, haurrentzako jolasak, poniak..., izango dira gozagarri egun osoan zehar.
Arratsaldean, Gipuzkoako II. Giza froga txapelketako finala izango da protagonista nagusia. Jai Batzordeko kide den Igotz Alkortak azaldu zituen frogaren nondik norakoak. "Urretxu, Berrobi, Aiztondo eta Orio taldeak lehiatuko dira eta ikusgarria izango delakoan gaude. Geroz eta maila handiagoa dute talde guztiek. Zizurkilgo frogak, gainera, ezaugarri berezi bat du, izan ere, bi talde elkarrekin arituko baitira frogalekuan".