Goizean goizetik, eta jendetzaz harago, segurtasunari dagokionez ere ez da inolako ezustekorik izan. Goizean 15 minuturo ibili dira trenak joan-etorrian, eta milaka euskaltzale bide horretatik heldu dira Andoainera. Auto eta autobusentzat prestatutako aparkalekuak ere bete egin dira, baina ez da pilaketarik sortu.
Goizeko irekiera ekitaldian ere agintari instituzional guztiek egin dute bat Kilometroak jaiaren aldeko aldarriarekin, eta euskarazko hezkuntzaren erabileraz eta beharrarekin. Eguerdian omenaldi hunkigarri eta beroa jaso dute, bestalde, Miren Erkizia eta Maria Jesus Ugalde. Ikastolako guraso eta irakasleak omendu dira haien bidez. Biak bat etorri dira 1963an Andoainen hasitako proiektuak egun duen indarra izatea “miraria” dela esaterakoan.
“Ikastolaren eraikin berrirako bultzada eskatu genuen, eta gaur bultzada jaso dugu. Benetan pozik gaude euskaltzaleek emandako erantzunarekin”, adierazi du Arkaitz Lasa Kilometroak 2012ko koordinatzaileak.