Hasiera ekitaldiaren ondoren, Kilometroak martxan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urr. 7a, 14:19

Goizeko 09:30ean hasi da Kilometroak 2012. Irati eta Gurutze ikasleek moztu dute zinta eta zabalik geratu da ibilbidea. 

Hasiera ekitaldian izan dira erakunde ezberdinetako ordezkariak; Aita Larramendi Ikastolako Arantxa Idigoras lehendakaria eta Izaskun Linazasoro zuzendaria, Martin Garitano Ahaldun Nagusia, Isabel Celaa Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua, Kilometroak Kultur elkarteko Arantxa Manterola, edota Ikastolen Elkarteko lehendakari den Koldo Tellitu, besteak beste. EH Bilduko Laura Mintegi eta EAJ alderdiko Iñigo Urkullu lehendakarigaiak ere gerturatu dira hasiera ekitaldira.

 Ikastolako lehendakariaren hitzak

Arantxa Idigoras, ikastolako lehendakaria izan da hitza hartzen lehena, Amaia Etxezarreta andoaindarrak aurkeztutako ekitaldian: “Eragile asko elkartu gara gaur ikastolan, ikastolako komunitatea osatzen dugunak asko, beste herritar asko, eta gogoratu nahi ditut oso modu sentituan, gaur hemen ez daudenak. Hemen dauden guztientzat, eta hemen egon nahi baina ezin dutenei, eskerrik handiena. Lan izugarria egin dugu aurten eta denoi esker ospatuko dugu gaur ikastolen eta euskaren jaia. Erronka handia izan da lekukoa jaso eta honaino iristea, baina tinko eutsi diogu eta asko lortu dugu bidean; batez ere, herria indarrez betea dugula jabetzea eta ikastola bizia dugula ikusi eta sinesten hastea. Bizirik nahi dugu ikastola denbora luzerako, adierazi du.

Bere hitzaldian, eskaera luzatu die bertaratutako politikariei: “Hezkuntza eredu honen aukera egiten dutenei aterpea eman nahi diegu. Behar dugu aterpea, lehenbailehen eraiki eta zuei, politikariei dagokizue zuen aurrekontuetan kontuan hartzea Andoaingo familiek aukeratutako hezkuntza eredu honek dituen beharrak; adibidez, azpiegituretako dirulaguntzak gauzatzea 2013an. Gaurko jaiean ateratako diruarekin egingo dugu puska bat, baina diru publikoa ere behar dugu eta baita gaur hemen dauden erakundeen konpromezua. Behar dugulako etxea, eta euskarak behar dituelako ikastolak. Gure erronka Euskal Herri euskaldun bat eraikitzea da; egunerokoan euskaraz mintzatuko den eta euskaraz hezituko den herri euskalduna nahi dugulako, behar dugulako”. Festan parte hartzeko gonbitea ere luzatu zuen Arantxa Idigorasek: “Gonbidapena ere luzatu nahi dugu, goza dezagun denek euskararezn eta ikastolen festa honetan. Ongi etorri gure festara, eta on egin!”.

 Murrizketen aurkako aldarria

Ana Karrere Andoaingo alkateak ere hartu du hitza: “Egun handia da euskazaleentzat eta bereziki, andoaindarrentzat. Ehundaka andoaindar ibiliko dira antolaketa lanetan. Gaurko jaiagatik eta bereziki 1963az geroztik herri hau euskaldunago egiteagatik, eskerrak eman nahi nizkioke Aita Larramendi ikastolari. Andoainen eta Euskal herrian euskaraz bizi nahi dugu, euskaraz bizitzeko eskubidea dugu, eta hori, ezinezkoa da askotan. Gure herrian arrotz sentitzen gara askotan eta hori onartezina da. Kalean, administrazioan, tabernetan, sare sozialetan…, egunerokoan erren dabil gure hizkuntza, baina gustoko tokian aldaparik ez” Martin Ugalde kultur parkea hartu du ahotan ana Karrerek: “Andoainen badugu zertaz poztu ere: Martin Ugalde kultur parkea, Andoain euskararen hiria egiten duena. Duela ia hamar urte euskareren etsai amorratuak itxi nahi izan zutena”. Bere hitzaldia amaitzeko, lehendakarigaiei mezu bat luzatu di Andoaingo alkateak: “Garai zailetan gaude, larri dabiltza diru publikoak, baina mesedez, hezkuntzan ez egin murrizketarik; Hezkuntza gutxiesten duen herriak ez baitu etorkizunik izango”.

Hezkuntza lege berria, ahotan

Isabel Celaa hezkuntza sailburua ere gerturatu da Kilometroak 2012-ko hasiera ekitaldira. Antolatzaileei eskerrak emateko izan dira bere lehen hitzak: “Urtero bezala, urriko lehen igandearekin batera, Gipuzkoako ikastolen jaialdi honen edizio berri bati ekin diogu. Lehenik eta behin zorionak eman nahi dizkizuet antolakuntzan ibili zaretenoi, hau guztia prestatzen egindako lan eskergagatik. Eguraldia lagun, dena ondo joan dadila opa dizuet”.

Hezkuntza lege berri baten beharra ere azpimarratu du Celaak: “Euskal hezkuntza bidegurutzean aurkitzen da momentu honetan: hezkuntza administrazioaren, ikastolen eta hezkuntza eragile guztien ahaleginari eskea, aurre egin diogu dekretu bidez zetorkigun murrizketa politikari eta eutsi ahal izan diogu gure hezkuntza jokabide propioari. Argi izan dugu hezkuntza ez dela gastu bat, ibertsio bat baizik. Argi izan dugu, baita ere, hezkuntzan inbertitutako euro bakoitzari etekin osoa atera behar diogula. Benetako hezkuntza kontrareforma bat jarri digute mahai gainean. Onartezinak dira proposamenaren mamia eta berarekin batera datorren Euskadiren hezkuntza eskumena mozteko asmoa; gure autogobernua mozteko asmoa. Hezkuntza sistema ona daukagu eta hor atzera egin gabe, hobekuntza plan orokorra jarri dugu habian. Badakit ikastolak bidelagun zaretela erronka horretan. Euskal hezkuntzak erro sendoak ditu, egonkortasun handikoa da, oinarrizko adostasunean errotuta dagoelako. Egoera ekonomikoak jartzen dizkigun erronkei modu bateratuan erantzun behar diegu, kontrareforma atzerakoiari aurre egin behar diogu. Adostasun hildo horretan sakontzeko eta hezkuntza itun orokor batera jotzeko garaia hasi da. Hezkuntza legea hitzartzeko garaia hasi da. Aita larraemndik esan zuen bezala, ezina ekinez eginaz”.

Administrazioaren laguntza

Kilometroak Kultur elkarteko lehendakaria den Arantxa Manterolak ere hartu du hitza: “Familia asko gertutratzen da ikastolara, Andoainen, Gipuzkoan eta Euskal Herrian. Zoriotxarrez, asko dira kanpoan geratzen direnak. Ez ikastoletan hartu nahi ez ditugulako, administrazioak jartzen dizkigun mugak edo itunak lortzeko jartzen dizkigun baldintzak gogorrak direlako baizik. Hala ere, familiek ikastolan konfidantza dute eta horregatik, premiazkoak diren inbertsioak egin behar izaten ditugu. Andoainen ikastola txikia geratu zaie eta obra garatzeko, herri ekimenari egin behar diogu dei. Herritarren laguntza ezinbestekoa den bezala, pentsatzen dugu admnistrazioaren laguntza ere ezinbestekoa dela”.

 Euskararen aldeko konpromezua

Martin Garitano Ahaldun Nagusiak hartu du hitza zinta moztu eta ibilbidea zabaldu baino lehen, zoriondu egin ditu antolatzaileak, eta gonbidapenagatik eskerrark eman dizkie: “Badakizue Foru Aldunditik konpromezu sendoa dugula gure herrialdearen euskalduntzearekin eta zuek belaunaldi berriak euskalduntzen eta hezten konpromezu sendoa erakutsi duzue urte luzez. Horregatik zorionak eta eskerrak. Gipuzkoa lurralde euskalduna da, baina geroz eta euskaldunagoa behar du izan eta guk konpormezua hartu dugu hori lortzeko. Lortzen ari garela esango nuke. Horretarako guztiok bat egin behar dugu. Asko aurreratu dugu, baina ez gaude asetuta. On egin eta egun ona pasa”. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!