Lehendakarigaiak, Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urr. 7a, 14:18

EH Bildu alderdiko Laura Mintegi lehendakarigaia eta EAJ alderdiko Iñigo Urkullu Aita Larramendi ikastolara gerturatu dira, Kilometroak jaiko hasiera ekitaldia gertutik jarraitzera.

Laura Mintegi, Iratxe Ibarrarekin batera gerturatu da Andoainera. Mintegik hartu du hitza: “Andoainen euskararen alde lan egiteko dagoen bizitasuna eta ilusioa ikustea oso pozgarria da, batez ere, gazteen aldetik. Gure zoriona eta babesa. Esan behar dugu EH Bildukook Jaurlaritzan egongo bagina, gure lehendabizikotako ardura, ikasle guztiek euskara jakitea izango litzatekeela, baztertzaileak diren ereduak alboratzea. Gure ardura da euskararen presentzia bermatzea eta erabilera hareagotzea. Oso garrantzitsua da euskara erabiltzea eta gure ahalegin guztia hildo horretatik joango da. Beraz, zorionak Andoain, zorionak Gipuzkoa. Oso egun polita da gaur; jai eguna da eta guk zuekin batera jaia egin nahi dugu hemen Andoainen”.

Iñigo Urkulluk ere euskararen erabilera hartu du ahotan: “Gaur kilometroak egna izanik, nire zorionak Aita Larramendi ikastolari. Besteak beste,euskalduntze prozesuan ekimena izan dutelako eta ekarpenik nagusienetakoa egin duelako, hezkuntza sistemak eta bereziriki ikastolek. Egia da euskalduntza prozesua aurrera doala. Euskarak geroz eta hiztun gehiago ditu eta erronka bat dugu: erabilerarena. Erakargarritasuna sustatu behar dugu. Gaur egun, inoiz baino gazte elebidun gehiago dugu eta zentzu horretan gure erronka da eroso senti daitezela euskara erabiltzerako garaian. Euskarak ez du behar salbatzailearik; erabiltzeko tresnak behar ditu. Hezkuntza sistema indartzeaz gain, euskaldunok erabili egin behar dugu euskara”. Iñigo Urkullurekin batera, EAJ alderdiko hainbat ordezkari hurbildu dira Aita Larramendi ikastolara: Bakartxo Tejeria, Joseba Egiba eta Markel Olano, besteak beste. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!