Txistu eta danbolin doinuekin eman diote hasiera ekitaldiari. Ikastolaren jolas tokitik sarrerara kalejiran etorri dira musikariak, atzetik dantzariak zituztelarik. Ondoren, jantzi tradizionalekin jantzitako dantzariek, ezpata dantza eskaini dute. Ikuskizun txikiaren ondoren, kargu ofizialek euren adierazpenak egin dituzte. Gehienak euskararen eta hezkuntzaren aldeko apustuaz mintzatu dira. Adierazpenen tartean, Ikastolako haurrek belaunaldiz belaunaldi igaro den Andoaingo ezpata dantza tradizionala dantzatu dute. Dudarik gabe, tradizioa bermatua dute Andoainen.
Aita Larramendi Ikastolak, aurten, 50 urte beteko ditu eta belaunaldi desberdinak ordezkatu nahian, ekitaldiari amaiera eta jaiari hasiera emanez, Irati eta Gurutze ikasleek moztu dute zinta. Moztutako ohorezko zinta zatia, berriz, Martin Ugalde Kultur parkeko ordezkariei eman diete oroigarri gisa gorde dezaten. Txalo zaparrada batekin amaitu da irekiera ekitaldia. Ibilbideari jende ugarik ekin dio dultzain eta trikitixa doinuak lagun zituztelarik.
Ikusle ugari
Ikastolaren ataria jendez lepo zegoen goizeko 9:30erako. Ikusleen tartean, bazeuden aurpegi ezagunak ere, besteak beste, Laura Mintegi, Iratxe Ibarra, Iñigo Urkullu, Joseba Egibar, Markel Olano, Andoaingo alkate ohiak eta baita Urnietako egungo alkatea ere.