Mintzalaguna egitasmoa, aurten ere martxan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urr. 4a, 14:09

Aurreko urteetako esperientziari jarraipena emanaz, aurten ere martxan izango da Mintzalaguna egitasmoa. Euskaraz hitz egiteko erraztasuna hartu nahi duten guztiak urrian zehar izena ematera animatu dituzte Amasa-Villabonako Euskara Zerbitzuko kideek. 

Eeuskara ikasten ari direnei, edota ikasle izan gabe euskaraz hitz egiteko erraztasuna lortu nahi duten herritarrei, horretarako aukera ematea da Mintzalaguna egitasmoaren helburua. 

Horretarako, hiru laguneko taldeak osatuko dira; bi euskara-ikasle eta laguntzaile euskaldun bat, eta talde hauetako kideek konpromisoa hartuko dute astean behin, gutxienez ordubetez, elkarrekin euskaraz aritzeko; kafe bat hartu, kirola egin, paseatu edo nahi duten jarduera egiten duten bitartean.

 

 

Azken urteetan martxan izan da Mintzalaguna egitasmoa eta emaitzak oso positiboak izan dira. Pasa den ikasturtean ere, 22 lagun bildu ziren guztira, 7 taldetan banatuta.

 

 

Bestalde, Villabonako euskara teknikariak jakinarazi nahi du, aurten ere Udalak matrikularen %75 arteko diru-laguntzak emango dituela euskara ikastaroetan matrikulatuta dauden ikasleentzat. Eta, aurten ere, diru-laguntza jasotzeko baldintza guztiak betetzen dituenak eta horrez gain ikasturte osoan zehar Mintzalaguna egitasmoan parte hartzen duenak %85 arteko diru-laguntza jaso ahal izango duela.

 

 

Era berean, adierazi du Mintzalaguna egitasmoan parte hartzeko laguntzaile euskaldunak behar dituela, eta laguntzeko prest dagoena, anima dadila eta izena eman dezala Euskara Zerbitzuan.

 

Informazio gehiago nahi izanez gero, hona jo:

 

Villabonako Euskara Zerbitzua: 943 693 501 – euskara@villabona.net

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!