1980ko hamarkadan kezka eta zalantza handia sortu zuten eskualdean Adunako Miravalles meatzeetan egiten zituzten lanek. Hondakin nuklearrak sartzen ote zituzten ere zabaldu zen herritarren artean. Neurketa radiaktiboek beti emaitza negatiboa eman dute, ordea. Meatzeen historia luzea amaitzear da orain.
Hondakinen tratamendua
1969an itxi ziren igeltsu meatzeak. Juan Izagirre jabea, instalakuntza eta meatze haientzako erabilera berri baten bila hasi zen orduan. Garai hartan sortu zen Traderisa enpresa. Gipuzkoako zenbait industrialarik jarri zuten martxan, euren lantegietan sortutako hondakinei irteera bat bilatu asmoz. Metalei sortzen zaien oxidoa kentzeko erabilitako produktuak ziren tratatu nahi zituztenak. Adunako Miravalles meatzea tratamendu horietatik sortutako lokatza gordetzeko toki egokia zela adostu zuten.
Meatzeak lurrazpian utzitako zuloak neurtu eta gutxi gora-behera hogeita hamar bat urterako aprobetxamendua aurreikusi zioten meatzeari.
1977an egin zuten hondakin industrialak tratatzeko lantegia eta 1978an sinatu zuten Traderisa eta meatzeen arteko kontratua. Beharrezko baimen guztiak lortuta, 1979an jarri zen martxan hondakinak tratatzeko lantegia. Meatzeetara eramaten zituzten handik sortutako lokatzak. 1981an Hidronor enpresak hartu zuen lantegiaren ardura.
Batzorde berezia
80ko hamarkadan ardura eta kezka handia sortu zen inguruko herritarren artean, lantegian egiten ziren lanen inguruan. Eskualdean nagusitzen ari zen kezka horrek bultzatuta, Aduna, Andoain, Asteasu, Villabona eta Zizurkilgo alkateek batzorde berezia sortu zuten gaiari jarraipena egiteko.
Jabier Zabala zen, garai hartan, Adunako alkate: “Fundizioetako hondakinak tratatzeko planta zegoen bertan eta tratamendu haietatik sortutako lokatzak, meatzeetako zuloetan sartzen zituzten. Hori zen enpresaren legezko jarduera. Jarduera horrekin batera, ordea, beste hondakin batzuk ere sartu zituzten garai batean eta horrek kezka eta egonezina sortu zuen. 1987an notario batekin sartu ginen meatzera eta legezkoak ez ziren hondakin batzuk zeudela ikusi genuen; intsektizidak, pestizidak, pinturak..., horrelakoak. Ingurugiro saileko kideekin hainbat bilera egin genuen egoerari irteera bilatzeko eta eskualdeko Udalek komisioa sortu genuen gaiaren jarraipena egiteko. Tartean hika-mika dexente izan ziren, baina 1991an baimendu gabeko hondakin haiek ateratzea lortu genuen”.
Nuklearrak?
Hondakin nuklearrak sartu ote zituzten zen herritarren artean zabaldutako kezka nagusia: “Behin baino gehiagotan egin ziren azterketa erradiaktiboak eta emaitza negatiboa eman zuten beti. Bestelako kutsadura arriskuen inguruko azterketa ere egin zen; igeltsua zen meatze horietatik ateratzen zena eta igeltsu hori buztin bola erraldoi baten barnean sartuta zegoen. Horrek esan nahi du, meatzeetako zulo zaharrak estankoak eta iragazgaitzak direla eta oso zaila dela material isurketarik egotea. Gerta zitekeen, hori bai, euri asko egiten zuen garaian meatzeek gainezka egin eta barruko materialaren arrastoren bat ateratzea edota denboraren poderioz meatzea behera etorri eta hondakinak kanporatzea”.
1983ko uholdeek utzitako zenbait hondakin sartu zuten Miravallesen. Hala azaldu du Jabierrek: “Bilboko enpresaren batetik urak ateratako bidoi handi batzuk ekarri zituen Eusko Jaurlaritzak, ez zekitelako zein irtenbide eman. Denboraldi bat egin zuten bidoi haiek Adunako meatzeetan. Ejerzito amerikarraren jantziak ere pilatu zituzten han. Ejerzitoan erabilitako arropa ezin omen dute edozein tokitara bota eta hona ekarri zuten”.
Informazio nahasia
Albiste asko zabaldu zen urte haietan. “Adunan minbizi kasu asko zeudela argitaratu zen Egin egunkarian. Kezka handia sortu zen herrian, baita inguruan ere. Herriko sendagilearengana joan nintzen eta hark argitu zidan minbizi kasuen kopurua ez zela ohikoa baino altuagoa. Kontrolatzen ez duzun arazo batek kezka sortzen du, eta horregatik erabaki genuen notario eta guzti meatzeetara sartu eta zer zegoen ikustea. 1987an izan zen hori. Urteek aurrera egin ahala, geroz eta kontrol handiagoa izan genuen enpresaren aktibitatearen gain eta azken urteetan, astero bidaltzen zigun sartzen zituzten material guztien zerrenda”, azaldu du Jabier Zabalak.
Minak ixteko lanak aurrera doaz
1992an utzi zioten hondakin tratamendutik sortutako lokatzak Miravalles meatzeetan sartzeari. Orduz geroztik, bere horretan utzita zeuden meatzeak. Adunako Udalean irtenbide ezberdinak aztertu izan dituzte urteetan zehar.
Josu Amilibia alkateak eman ditu azalpenak: “Meatzeak ixteak, milioika euroko inbertsioa eskatzen zuen, baina Udalak ez zeukan lan hori bere gain hartzeko modurik, ezta ardurarik ere. 2007an, gune hori berreskuratzeko proiektu bat aurkeztu zuen lursailen jabeak, enpresa eraikitzaile batekin batera. Urak atera, meatzeak behera bota eta saila ondo egokitu ondoren, betelana egitea zen bere asmoa. Erakunde eta alderdi askoren baimenak eta adostasunak behar ziren lan horiek egiteko eta proeiktua atzeratzen joan zen. Tarte horretan, gainera, eraikuntzaren indarra asko jaitsi da eta geroz eta zailagoa zen betelan hori egiteko materiala bilatzea”.
AHT eta meatzeak, uztartuta
Prozesu horretan murgilduta zeudela, AHTren gaia iritsi zen Adunako udaletxera. “Zizurkil eta Andoain arteko zatian, Belkoain mendia zeharkatuko duen tunela egingo dute. Tunel horretatik ateratako materialarekin, Adunan eta Zizurkilen betelan handiak egitea aurreikusten zuen proiektuak. Nekazal lurretan kalte handiak eragingo lituzkete betelan horiek eta errepide berriak ere ireki beharko lirateke lan horiek egiteko. Udalak proposamen bat luzatu zuen orduan: AHTren tuneletik ateratako materiala minetara eramatea eta, modu horretan, bi arazoei irtenbide txukuna ematea”, azaldu du Josuk.
Akordio zabala
Alderdi askoren arteko akordioa bilatzea eskatzen zuen proposamen berriak: “Euskal Trenbide Sarea batetik, lurjabea eta enpresa eraikitzailea, Eusko Jaurlaritzako Energia eta Meatze saila, Ingurugiro saila, Adunako Udala... Zenbait bilera egin zen eta proposaturiko irtenbidearen inguruan adostasuna lortu genuen. Gauza asko ziren lotu beharrekoak, alde ezberdinen arteko akordioak bilatu behar ziren. AHTren lanek ez dute itxaroten eta erlojuaren aurka egin da prozesu hori guztia”
Adunako herrian zeuden bi arazo handi uztartu eta konponbidea bilatu zaie. Hala azaldu du Josu Amilibiak: “Meatzeen arazoa orain konpondu ezean, urte askotan bere horretan egongo zela iruditzen zait, bestalde, AHTk zekartzan betelanak ere kalteak ekarriko lizkioke herriko zenbait baserritarri”.
Lanak, ia bukatzear
Meatzeak ixteko lanak oso aurreratuta daude. “Maiatza bukaeran hasi ziren. Leherketarik gabe, makina handiak erabiliz egin dituzte lanak. Pixkanaka-pixkanaka, galeria eta tunelak behera bota dituzte; modu horretan, igeltsuak ez dio urari lurrazpira joaten utziko, eta hor dauden hondakinak guztiz itxita geratutako dira. Orain, gainera, oihal bereziak jarriko dizkiote gainean, badaezpada. Goitik begiratuta, ontzi moduko forma geratu zaio mendiari eta hortxe egingo dute AHTko betelana”, jakinarazi du alkateak
2013 urtean hasiko dira AHTren tunela egiten. Tuneleko ahotik meatzeetara 300 metro inguru bakarrik dago eta dagoeneko eraiki dute kamioiek erabiliko duten bidea: “Kelsen enpresaren atzealdetik pasatzen da eta ez du baserririk kaltetzen. Oso irtenbide ona izan da. Guztira, milioi bat metro kubiko lur sartzeko tokia dago meatzean”.
Miravalles meatzeak
Historia luzea du Adunako Miravalles meatzeak. Bertatik ateratzen omen zuten inguruko baserriak egiteko behar zuten igeltsua. Duela 150 urte unguru, Juan Izagirreren birraitona zenak ekin zion ustiakuntza profesionalari. Kalitate oneko igeltsua ateratzen zuten, eta bertan zuten igeltsua tratatzeko labea ere. 1910ean eraiki zuten lehendabiziko tunela. Idiek mugitutako gurdietan ateratzen zuten igeltsua, errailen gainean.
1952an bigarren tunela egin zioten meatzeari eta 1958 inguruan, idiak utzi eta igeltsua kamioi bidez ateratzen hasi ziren. Inguruan bazen beste meatze bat, Berazarena. 1968an erosi egin zuen Izagirrek eta lurrazpian elkartu egin zituen biak.
1953ko abenduan galeria bat erori zen Miravalees meatzean. Hurrengo urteetan ere gertatu zen beste zenbait erorketa, baina ez zen inoiz zauriturik izan.
Bi labe izatera iritsi zen meatzea, eta astean 60 tona ekoizteko ahalmena zuen. Kalitateko igeltsua Donostiara garraiatzen zuten eta kalitate eskasekoa, porlan lantegietara saltzen zuten.
1969an itxi ziren meatzeak, ekoizpena jaitsi egin zela eta.