On egin kilometroetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urr. 4a, 11:04

2011ko urriaren 2an Andoaingo udaletxean egin zen ekitaldi batekin eman zitzaion ongi etorria   Kilometroak 2012 jaiari. Urtebetean, izugarrizko lana egin dute bertan lanean ibili direnek. Guztien jaia denez, antolakuntzatik jendea parte hartzera animatu dute.

Kilometroak Gipuzkoako “ikastolen jaia” da, euskarazko eta kalitatezko irakaskuntza proiektu baten alde egiten den urteroko jaia, hain zuzen. Proiektu honen helburua jendea bildu eta sostengu ekonomikoa lortzea da.
Aita Larramendi Ikastolako kideak Kilometroak jaia bertan egingo zela jakin zuten momentu berean hasi ziren antolaketa lanetan. Lehen pausoa koordinatzailea aukeratzea izan zen, ondoren hastapen taldea eta lan batzordeak osatu zituzten, bakoitza bere arduradunarekin. Behin taldea osatuta, lanari ekin zioten.

Guztira, hamahiru batzordez osatuta dago aurtengo Kilometroak: ekonomia, komunikazioa, ikuskizunak, salmenta, protokoloak, txosnak, osasuna, garbitasuna, zirkuitua, trafikoa, segurtasuna, giza baliabideak eta muntaketa. Batzuek urte guztiko lana izan dute eta beste batzuen zeregina, berriz, egunean bertan pilatuko da. Batzorde bakoitza hamar pertsonaz osatua badago ere, hauen inguruan jende asko biltzen da. Esaterako, muntaketa batzordean hamar kideren artean hartzen dituzte erabakiak, eta lanak egiteko garaian, beste berrogei pertsona inguru batzen dira; elektrizistak, arotzak, iturginak, etab.
 
1990eko KMK ahaztu nahian
Andoainen, 1990ean antolatu zen beste Kilometroak bat, baina eguraldi txarrak kalte handia eragin zion jaiari eta zapore mingotsa utzi zuen herrian. Antolaketa garaian aurreko edizioetako txostenak begiratu dituzte, baina orduan festak zuen tamaina eta gaur egun duena ezin dira alderatu: “Erreferentzia gisa ez da oso baliagarria izan. Garai hartan, jaia egun bakarrekoa zen eta horrek arriskuak zekartzan. Gaur egun, beste segurtasun bat bilatzen da”, adierazi zuen Arkaitz Lasa Kilometroetako koordinatzaileak, iaz, etxe honetan bertan egindako elkarrizketa batean.
 
Klik-etik On egin!-era
Iaz Azpeitiko Ikasberri ikastolak, ospatu zuen Kilometroak jaia, aktibazioa eta mugimendua adierazten zuen triangeluaren, “Klik”, logopean. Sinplea, ulerterraza eta edukiz beterikoa. Aurten, andoaindarrak ez dira atzean geratu. On egin! lelopean, Kilometroak jaia denen parte hartzearekin egin nahi dute, herritarrak aktibatuz, hau da, herritarrek ON eginez. Hori horrela, ON egite hau irudikatzeko, pizteko botoia erabili dute. Bertan marraztutako uhinekin guztiengana iritsi nahi dute, ikastola osatzen dutenengana, euskaltzaleengana eta baita euskaraz dakiten guztiengana ere. Beraz, datorren igandean, urriaren 7an, On egin dagizuela guztioi.

Egunean zehar hainbat ekintza antolatu dute: kontzertuak, kantaldiak, dantzaldiak, erromeriak… Ibilbideak 6.360 m eta bost gune izango ditu: Ikastola, Sorabilla, Etxeberrieta, Goikoplaza eta Martin Ugalde Kultur Parkea.
Ikasleen matrikulazioak gora egin duenez, Aita Larramendi Ikastola gela eta eraikin berriak egiteko beharrean tokatu da. Inbertsio hauei guztiei aurre egin asmoz antolatu dute Kilometroak jaialdia. Horretarako, ordea, jendearen parte hartzea eta kolaborazioa ezinbestekoa da.
Iris-bideei dagokienez, guztientzat erosoagoa izan dadin, antolatzaileek garraio publikoa erabiltzea gomendatzen dute. Aiztondo bailaratik joateko asmoa dutenek, trenez zein autobusez joateko aukera dute.
Garraio publikoek aldaketa jasango dute bere ordutegi eta geltokietan: TSST autobus zerbitzuak, esaterako, Bazkardon egokituko den geltokian bakarrik utzi eta jasoko ditu bidaiariak.
Renfe aldiriak-ek ere, aldaketak jasango ditu. Andoain herriak bi geltoki ditu, baina urriaren 7an, estazioan bakarrik utzi eta jasoko ditu bidaiariak. Ibilbidean bertan izango da geltokia,  Martin Ugalde gunean hain zuzen. Ohikoak baino tren luzeagoak izango dira; hiru bagoikoak beharrean, seikoak. Tren bakoitzean mila lagun, joan-etorrian, gutxi gora-behera.
Edozein zalantza argitu ahal izateko, eskuragarri izango da ondorengo telefonoa: 943 300 829.
Egunean bertan sor litekeen edonolako larrialdi egoerarako, Andoaingo Udalak eskura dauden telefonoak gogorarazi nahi ditu: Udaltzaingoa: 092 -943 300 819. SOS Deiak: 112

Kilometroak 2012ren baitan, eskualdeko hainbat biztanle bolondres moduan ibili da eta ibiliko da lanean. Hauetako batzuek hartu dute hitza.


Kristina Rodriguez
Aduna

  1. Urtean zehar zerbaitetan hartu al duzu parte? Eta egunean bertan zein lan egitea dagokizu? Irteeretako arropa salmentaren arduradun gisa aritu naiz. Urte guztian zehar irteerak egin ditugu herriz herri arropa saltzen eta oso gustura ibili gara. Lan talde polita osatu dugu eta jende asko aritu da lanean; urte guztian zehar, guztira ia 200 pertsona gutxi gora-behera. 2011ko irailean hasi ginen prestaketekin eta azaroan, Gipuzkoan barrena herriz herri postuak jartzen. Salmentei dagokienez, nahiko ondo joan dira. Hasiera oso indartsua izan genuen, asko saldu genuen. Ondoren, beherakada txiki bat egon zen eta udan berriz ere gora egin zuten. Irailean nahiko pattal ibili dira salmentak, baina orokorrean gustura gaude. Gehien saldu dugun arropa kamisetak eta jertseak izan dira. Hala ere, herri batetik bestera, datu hori asko aldatzen da. 
  2. Zergatik erabaki zenuen bolondres izatea? Hasieratik parte hartzeko asmoa argi neukan. Izatez andoaindarra naiz eta familia guztia ikastolan ikasitakoak gara. Kilometroetako lehen bilera egin zenean, arduradunak falta zirela esan zuten eta arroparen ardura hartzera animatu nintzen.

Joxin Azkue
Zizurkil

  1. Urtean zehar zerbaitetan hartu al duzu parte? Eta egunean bertan zein lan egitea dagokizu? Urtean zehar ez, baina egunean bertan txosna batean ariko naiz lanean. Bilera aste honetan daukagu eta oraindik ez dakit zehazki zein lan egitea tokatuko zaidan. Taldean hogei bat lagun gara eta guztion artean taberna, garbiketak eta sukaldea kudeatu beharko ditugu. 
  2. Zergatik erabaki zenuen bolondres izatea? Ikastolen munduan nabil eta Kilometroak askotan hartu dut parte. Beasainen lanean hasi nintzenean, Kilometroak jaiaren lehenengo aldia ezagutu nuen. Beasaingo mutil bat Kalifornian (AEB) izan berria zen eta han ikastetxeen alde festa bat egiten zela esan zuen. Beasaingo Ikastolak dirua behar zuela eta, festa hori egitea erabaki zen. Lehen Kilometroak, jaia, beraz, Beasainen egin zen beasaindar batek Kalifornian ikusitako jai hura oinarri hartuz. Hori, gutxi gora-behera, orain hogeita hamar urte izan zen eta orduz geroztik Kilometroak askotan hartu dut parte. Oiartzungo ikastolan ere lanean ibili naiz eta han bi urtetan egokitu zitzaidan antolakuntzan aritzea. Herri ekimen gisa oso garrantzitsua dela iruditzen zait.

Ixiar Olano

Asteasu

  1. Urtean zehar zerbaitetan hartu al duzu parte? Eta egunean bertan zein lan egitea dagokizu? Urte guztian zehar Kilometroak festako arropa saltzeko hainbat postu jarri dugu.  Gipuzkoako herri ezberdinetako festetan ibili gara On egin produktuen salmenta egiten eta horietako batzuetan hartu dut parte.
    Urriaren 7ko ospakizunean ere denda batean egongo naiz seguru asko. Datozen egun eta asteetan izango ditugu lan banaketak egiteko azken bilerak, eta orduan jakingo dut zehatz mehatz zer egitea egokituko zaidan.
  2. Zergatik erabaki zenuen bolondres izatea? Nire ustez, modu honetako ekimenak aurrera ateratzeko ezinbestekoa da bolondresen papera. Asteasun bizi naizen arren, izatez andoaindarra naiz eta Kilometroak nire herrian izanik, ez zait burutik pasa ere egin nire laguntza ez eskaintzea. Gainera, nire semea Andoaingo ikastolara joaten da eta horrek ere, bultzatu nau laguntza eskaintzera. Honetaz gain, oso oroimen txarra dut 1990ean Andoainen egin zen Kilometroak festaz; euriak zapuztu zuen urtebetean egindako lana. Egun hartan gertatukoaz gogoratzea motibazio bat gehiago izan da.

Pili Otaegi
Larraul

  1. Urtean zehar zerbaitetan hartu al duzu parte? Eta egunean bertan zein lan egitea dagokizu? Kilometroak antolatzeko jendea behar zela jakin nuenean, eta nire aukerak ikusita, biltegian jarduteko prest agertu nintzen. Denda ireki aurretik hasi zen martxan biltegia eta gure lanen artean arropa iritsitakoan zenbatzea, tolestatzea, etiketatzea eta apaletan jaso eta txukun mantentzea izan da, genero guztia baldintza onetan edukitzeko. Horrez gain, merkealdietan prezio berriak jartzea eta urte sasoiaren arabera garaiko arropa ateratzea ere biltegiko kideen ardura izan da. Saldutako genero guztiari, bai dendakoei bai irteeratakoei, bajak ematen ere aritzen naiz astez aste.
    Biltegiko taldekideon lana egun horretan arropa saltzea izango da. Saldutako generoari baja ematen arituko naiz ni.
  2. Zergatik erabaki zenuen bolondres izatea? Ikastolak lekukoa hartu zuenean  banekien  partaidetza beharrezkoa zela, horrelako erronkari aurre egitea ezinezkoa delako bestela. Geure ondorengoen eredu izan behar dugu; zerbait lortu nahi denean gogoz ekinez. Bukatzeko, herri honen historia, lankidetza... sustatu eta berreskuratu behar ditugula uste dut.

Tolosa

erdigunea

 

Villabona/

Zizurkil

Andoain

APEADEROA

And. Estazioa

kmk Iritsi

And. Estazioa

kmk Irten

Donostia

 

5:58

 

6:03

 

6:07

 

 

6:09

 

6:25

 

7:08

 

7:13

 

7:17

 

 

7:19

 

7:35

 

8:18

 

8:23

 

8:27

 

 

8:29

 

8:45

 

9:18

 

9:23

 

 

9:29

 

9:33

 

9:49

 

9:53

 

9:58

 

 

10:04

 

 

 

10:13

 

10:18

 

 

10:24

 

10:28

 

10:44

 

10:37

 

10:42

 

 

10:48

 

 

 

10:51

 

10:56

 

 

11:02

 

11:07

 

11:20

 

11:08

 

11:13

 

 

11:19

 

11:23

 

11:39

 

11:23

 

11:28

 

 

11:34

 

 

 

11:38

 

11:43

 

 

11:49

 

 

 

11:53

 

11:58

 

 

12:04

 

12:08

 

12:24

 

12:08

 

12:13

 

 

12:19

 

12:23

 

12:39

 

12:23

 

12:28

 

 

Gizartea

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!