Musika irudiak eta hotsak Andoain herrian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urr. 4a, 10:58

Musika eta argazkigintza uztartzen dituen ekimena Andoainen, datozen egunetan.

Musika Zuzenean ekimenak urteko bigarren ekitaldi garrantzitsua antolatuko du Andoainen. Euskal musika taldeak Internet bidez hedatzeko ekimena da, Koldo Otamendi herrikidea sustatzaile nagusi dela. Maiatzean jaialdi akustikoa antolatu zuten Basteron, lehen mailako musikariren parte hartzearekin.
Udazken hasieran zuzeneko musika uneak biltzen dituen argazki erakusketa antolatu dute, Zuzeneko instanteak izenekoa. Musika eta argazkigintza uztartzea ohikoa izan da, eta bitxikeria bada ere, azken sasoi honetan Euskal Herrian barrena erakusketa beretsua zabaltzen ari dira. Emarock izenekoa da, eta izenburuak dioenez, emakumezko rock musikariei bideratuta.
Erakusketaz haratago, argazkiak betikotzen duen instantea harrapatzeko aukerarik ez da faltako datozen egunetan Andoainen. Izan ere, zuzeneko emanaldiak eskainiko dira gau berean eta herriko ostatu ezberdinetan. Zuzenekoaz eta instanteaz gozatzeko aukera paregabea. Urriaren 13rako antolatu dute kontzertu sorta.
Urriaren 5ean, ostiral honetan, Fermin Muguruzak zuzendu duen Zuloak fikziozko dokumentala eskainiko dute Basteron. Emakumezko talde baten ibilerak aipatzen dira eta zeharka euskal musikagintza eta emakumeen parte hartzea ere islatzen ditu. Bitxikeria modura, Donostiako Zinemaldian aurkeztu zuten dokumental horretan andoaindar bat gutxienez agertuko da.

Musika argazki  erakusketa
Bastero kulturgunea
Irailak 28 - Urriak 13

Musika argazki erakusketa kolektiboa da, argazkilaritza eta musika uztartzea gustuko duten hogei argazkilariren hirurogei argazkiz osaturikoa, 2011 eta 2012 urteetan zuzeneko kontzertuetan ateratakoak guztiak. Antolatzaileek adierazi bezala, “atzera begira egon gabe, erakusketak gaur egun gure agertokietan gertatzen ari dena islatzen du, egungo musikagintzaren erradiografia gaurkotua eskainiz”.
Irudiek eremu ezberdinak hartzen dituzte bere baitan: rock jaialdi handiak, gaztetxeak, herriko plazak edota tabernetako kontzertuak...
Teknika ezberdinetan landutako argazkiak ikus daitezke: zuribeltzetik koloreetara. Argazkiak hartzeko moduak ere anitzak izan dira: 35 milimetrotako karrete zaharretatik, egungo teknologi digital berrienetara. Argazkiak diren bezala erakutsi nahi dituzte, gehikuntza osagarririk gabe. Irudikatzen dutena bezalakoak dira: zuzenak, biziak.
Argazkilarien artean: Saioa Cabañas ‘Gauilunak’ Emarock mugimendukoa, Hodei Esteban musikaria eta Zarautzeko gaztetxeko kidea, argazkilaritzan eskarmentu handia duten Jon Iraundegi eta Joseba Barrenetxea.
Argazkietan agertzen diren taldeak: Inoren Eroni, Betagarri, Esne Beltza, Berri Txarrak, Doctor Deseo, Atom Rumba, Capsula, Delorean, Gose, Liabo, Surfin Kaos, Willis Drummond, Zuloak.

Ekitaldiak  erakusketaren harira
Bastero, gaztetxea

  •   ‘Zuloak’ filma.
    URRIAK 5, OSTIRALA

    Bastero. 22:30.
    Arrate Rodriguez artistak musika talde bat osatu nahi zuen: taldekideak hautatu, musika estiloa zehaztu…, eta prozesu guztia kamerarekin erregistratu. “Esperimentua” ez zen gauzatu baina grabaturiko material guztiarekin Fermin Muguruza musikari eta zinemagileak film dokumentala osatu du. Donostiako Zinemaldian arrakasta handiz estreinatu eta gero, Andoainen eskainiko dute.
  • Mahai-ingurua.
    URRIAK 9, ASTEARTEA
    Gaztetxea. 19:00.
    ‘Egungo musika mugimendua Andoainen’.Herriko musikariak, musikazaleak eta kultur eragileak gonbidatuko dituzte mahai ingurura.
  • Musika maratoia  tabernaz taberna.
    URRIAK 13, LARUNBATA
    1. Toro y la chica del Frenesi.
      Aker Beltz. 21:30-22:30.
      Doctor Deseo taldeko bigarren gitarra jotzailea eta azpi ahotsak egiten dituen musikarien  ekimen akustikoa. Bere kantuez gain, bertsioak.
    2. Xabi ta Petti.
      Ganbara. 22:30-23:30. 
      Donostiako punkrock eta roll lehoia eta Berako folk-blues grizzly hartza elkarrekin. 
    3. Zuhaitz Zatitxuak Blues Band.
      Txitibar. 23:45-00:45.
      Euskaraz egindako blues kantu beroak. Duela gutxi kaleratu duten lehen diskoa aurkeztuko dute.
    4. Dirty Brothers.
      Irunberri. 01:00-02:00.
      Kantu propioak eta punk-rock kantu ezagunen moldaketa akustikoak lantzen dituen taldea. Bi disko kaleratu dituzte, azkena, 'Egun Ilunak' izenekoa.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!