Azoka berezian, emakume baserritarrak gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urr. 4a, 10:52

Baserriko argia eskulturaren X. urteurrena ospatuko da urriaren 14ko azokan. Ekitaldi berezi batekin hartuko dute gogoan urteurren hori.

Emakume baserritarren omenez jarritako eskultura izango da aurtengo azokako protagonista nagusia. Duela hamar urte, emakume baserritarrak biltzen dituen EBEL elkarteak eta Zizurkilgo Udalak zuten harremanari esker jarri zen ‘Baserriko argia’ eskultura Zizurkilen. Azken urteotan harreman hori hoztuta egon bada ere, sendotu egin da urteurrenaren harira eta elkarrekin egingo dituzte ospakizunak.

Astebete aurreratuta
Zizurkilgo kultur teknikari lanetan ari da Maider Agirre eta hark eman ditu azokaren inguruko xehetasunak. Data aldaketa izan du aurtengo azokak: “Urriko hirugarren igandean egiten da normalean, baina aurten, astebete aurreratzea erabaki dute, hauteskundeekin bat ez egiteko”, jakinarazi du Maiderrek.

Emakume baserritarren omenez
Egun osoko azoka izaten da Zizurkilgoa. Goizeko 11:00etan, azoka irekitzearekin batera, kalejira antolatuko da ‘Baserriko Argia’ eskultura dagoen tokiraino joateko. “EBEL elkarteko eta Zizurkilgo Udaleko ordezkariak elkarrekin joango dira plazatik eskulturaraino. Plaka bat bistaratuko da eta emakume baserritarrei omenaldi xumea egingo zaie; dantzariek aurreskua dantzatuko dute eta kantujirako kideek ere zenbait kantu eskainiko dute. Herritar guztiak gonbidatuta egongo dira ekitaldi honetan parte hartzera”.
Urtero moduan, haurrek ere izango dute euren txokoa azokako egunean: “Ekitaldi berria izango da aurtengoa. Pilotaleku irekian, inguratzen diren haurren aurpegiak margotuko ditu horretan aritzen den profesional batek. Goizeko 11:00etatik aurrera izango dute aukera hori”.
Teodoro Hernandorena kalean eta Intxaur pilotalekuan jarriko dira postuak: “Hogeita bost artisau inguru izango da pilotalekuan eta jakien postu kopurua ere iazkoaren antzekoa izango dela uste dugu”, aipatu du Maiderrek.
Eguerdian, 13:00ak aldera, Zizurkilgo postu onenak ‘Baserriko Argia’ saria jasoko du. “Ekitaldi honek ere berrikuntza bat izango du, eskulturaren miniatura bat jasoko baitu sarituak”, azaldu du Maiderrek.

Bazkari herrikoia
Eguerdian, 14:30etan itxiko dira azokako postuak. “Aurten ere herri bazkaria egingo da. Parte hartu nahi duenak Iriarten, Egarrin eta Atxulondon erosi ahal izango ditu txartelak, 18 euroren truke”
Arratsaldean, 16:30etan zabalduko dituzte postuak berriro ere eta 17:00etan, haurrek poney gainean ibiltzeko aukera izango dute. 18:30etan, berriz, Gipuzkoako giza-froga txapelketako finala jokatuko da. Lau talde ariko dira lehian: Urretxu, Berrobi, Aiztondo eta Orio. Ikusmin handia sortzen duen ekitaldia izaten da honakoa.

Autobusa, doan
Urtero bezala, doako autobus zerbitzua izango du martxan Zizurkilgo Udalak Elbarrena ingurutik Zizurkilera inguratzeko, goiz eta arratsaldez.
Eskertza hitzak izan ditu Zizurkilgo Udalak azoka antoaltzen lagundu duten guztiontzat: “Azoka eguna hamaika zizurkildarrek borondate hutsez egiten duten lanagatik ateratzen da aurrera. Guzti guztiei eskerrak eman nahi dizkie Udalak, elkarlan hori gabe ezingo bailuke Zizurkilek horrelako egunik antolatu”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!