Pello Zelarainen afera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urr. 4a, 10:45

1999ko ekainaren 24an atxilotu zuten Pello Zelarain billabonatarra Mexikon. Hamahiru urteren ondoren, kalean behar lukeela aitortu dute bere emazte Maite Ortiz eta alaba Birjiniak.

Pelloren atxilotze data 1987ko azaroaren 25a zen arren, Mexikora alde egin zuen eta bertan pasa zituen hamahiru urte. Horien ondoren Pelloren kasua preskribatua geratu bazen ere, Audientzia Nazionalak atxilotze datak aldatu eta 1999ko ekainaren 24an preso hartu zuten Mexikon. Handik Madrilera ekarri eta bertan hemeretzi urteko espetxe zigorra ezarri zioten kolaborazioagatik eta armak izateagatik.  
Hamahiru urteren ondoren, antzeko kasua errepikatu da. Pellok kalean beharko lukeen arren, oraindik espetxean jarraitzen du: “Espetxean egoteagatik presoei onura batzuk aplikatzen zaizkie, arruntak eta ezohikoak deiturikoak. Arruntak jarrera egokia izateagatik aplikatzen zaizkie eta ezohikoak, berriz, espetxeko lanetan (garbiketak, tailerrak…) parte hartzeagatik”, azaldu du Birjiniak. Kontua da, Pello lege zaharrarekin egon dela 2007ra arte eta ondorioz, ez zaizkio ordura arteko onurak aplikatu. Hori dela eta, 2007tik gaur arteko onurak bakarrik aplika dakizkioke. Hori horrela, bost urtetako onura horiek erreklamatu nahian, familiakoek helegitea aurkeztu zuten fiskaltzan. Honek ezezko borobila eman ostean, Auzitegi Gorenean errekurtsoa aurkeztu zuten. Azken honen arabera, hogeita bi hilabeteko “deskontua” aplikatu behar zaio Pelloren kondenari.

Ezohiko onurak bakarrik
Auzitegi Goreneko ebazpen honekin espetxera eraman zuten autua, baina espetxeak ezohiko onurak bakarrik aplikatzen dizkio, hau da, hogeita bi hilabete izan beharrean bost hilabete. Hori horrela izanik, 2013ko ekainean aterako litzateke Pello kalera. Baina familiak, hogeita bi hilabeteko onura horri eutsi nahian eta kalean beharko lukeela pentsatuz, berriz ere Auzitegi Gorenera jo du onura arruntak direla argitu nahian, hots, hogeita bi  hilabete. Auzitegi Gorenak baiezkoa eman du: “Momentu honetan, zain gaude. Honek guztiak prozesu bat jarraitzen du. Auzitegi Gorenak hogeita bi hilabeteko onura duela argitu duen arren, orain espetxeak erantzun behar du, ondoren fiskaltzak eta bukatzeko, Audientzia Nazionalak du hitza. Orain badakigu fiskaltzan dagoela kasua, baina ez dakigu espetxeak zer esan duen. Abokatuaren ustez, datorren astean jakingo dugu espetxeak zer erantzun duen”, azaldu du Maite Ortizek. Laburbilduz, hogeita bi hilabete horiek aplikatu izan balitzaizkio, 2011ko irailaz geroztik kalean beharko luke Pello Zelarainek.

Familiaren bizipenak
Aurtengo Santioetan presoen aldeko kalejira bat antolatu zuen Villabonan Herrira ekimenak. Bertan, Pello berehala kalean egongo zela esan zuten: “Izugarrizko desengainua hartu dugu. Kalean egongo zela uste genuen eta oraindik espetxean jarraitzen du. Kalejira hartan, lore sorta ere eman zidaten eta azkeneko aldia izango zela uste genuen denok, baina prozesua luzatzen ari da. Gure ustez, ez dute libre utzi nahi, mendeku politikoada”, adierazi du Maitek. Birjiniak eta biek gaineratu dutenez, Pellok “oso urduri” bizi du hau guztia.
Datozen asteetan protestak egingo dituzte ostegunero arratsaldeko 19:00etan Mintzola atarian: “Mintzolatik hasi eta Txerminerainoko, gure etxerainoko, ibilbidea egingo dugu ostegunero, aita askatu arte”, azaldu du Birjiniak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!