Erreka bazterren garbiketa, auzolanean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urr. 3a, 10:42

Zizurkil Zero Zabor taldeak deituta, Asteasu erreka eta Oria ibaiko bazterrak garbitzen aritu zen herritar talde bat pasa den irailaren 22an. Taldeko kideek eman dute ekimenaren inguruko berri.

Asteasu erreka eta Oria ibaiko bazterrak garbitzen aritu zineten irailaren 22an, zein izan da ekimenaren helburu nagusia?
Hondakinen inguruan arduraturik, lanean jarduteko sortutako herri-plataforma da Zizurkil Zero Zabor. Gai hau oihartzun handia hartzen ari da Gipuzkoan atez ateko bilketa sistema dela eta. Hondakinen gaia, ordea, bilketa sistema bainoaskoz ere sakonagoa da. Hondakinen sorreratik hasi eta haien tratamenduraino dagoen bide osoari eragiten dio Zero Zabor programak. Lehenengo pausoa prebentzioa da, hau da, hondakin gutxiago sortzeko lanketa. Irailaren 22ko ekintzarekin, ezkutuan dagoen zabor pila atera nahi izan dugu, etxe ondotik pasatzen zaigun errekako zaborra bistan jarri. Badakigu honekin bakarrik ez dugula guztia konponduko, baina ekintza sinboliko bat izan zen errekan ikusten ez den zabor pila hori atera eta azaleratzea. Jendeari ohartaraztea hemen ere arazo bat dagoela, eta guztiona dela.

Zenbat lagunek hartu du parte erreka garbiketan? Zein adinetako jendea da?
Hasieran bederatzi lagun bildu ginen arren, goiza aurrera joan ahala hamabost izatera ere iritsi ginen. Bilketa lanetan jardun genuenak gazteak izan ginen, nahiz ingurutik pasa zen jende heldu eta adineko askoren sostengua ere jaso. Anekdota polit gisa, parte hartu ezin izan zuen emakumezko herritar batek hamaiketakoa ekarri zigun ekintzarekin bat egiten zuela eta! Mila esker!!!

Zenbat zabor bildu zen? Bitxikeriarik bildu al zenuten?
Zaborra kg edo tonatan neurtzen da eta guk ez dugu hau behar bezala neurtzeko beharrezko baliabiderik, baina Udalak bi edukiontzi berde jarri zituen gure esku eta biak bete genituen. Kontutan hartu, hiru ordutan 10-15 lagunek eskuz bildutakoarekin bi edukiontzi betetzea ez dela ahuntzaren gau-erdiko eztula. Bitxikeriaren bat aipatzekotan bizikleta bat edota ateratzerik lortu ez genuen kamioi-gurpil bat aipatuko genituzke. Baina benetan garrantzitsuena bildutako zaborraren zatirik handiena egunero erabiltzen ditugun elementuek osatzen zutela ikustea da. Jogurt poteak, tabako paketeak, plastikozko poltsa pila bat, latak, etab. Gu guztion utzikeriaren ondorio, argi eta garbi.

Zero Zabor taldeak luzatu zuen ekimenerako deialdia. Zein dira taldearen helburu nagusiak?
Hasieran aipatu dugu  zein izan zen taldea sortzearen arrazoi nagusia. Orain arte hondakinak sortu eta sortu egin ditugu gero zer pasatzen zen jakin gabe. Zorionez hau aldatzen ari da. Gauden krisialdian baliabideak etengabe ustiatzea, esaterako, 15 minutuz soilik erabili ondoren  plastikozko poltsak botatzea luxu bat dela ohartu behar dugu. Ekologia aldetik kalte izugarria egiten ari gatzaizkio naturari, baina baita ekonomiari ere. Ez dugu pentsatu behar lanpostuak etengabeko ustiaketa-produkzio-kontsumo sistema batean bakarrik sor daitezkeenik. Sistema zirkular batean ere lanpostu asko sor daiteke; ekonomia bideragarriagoa osatuz. Hau ez dugu guk bakarrik esaten, Europar Batasuna eta Europako Batzordea ere neurriak hartzen ari dira bide honetan. Oso garrantzitsua da ohartzea prebentzioan eta birziklatze-konpostatzean oinarritzen den ekonomia zirkular batek osasunari eta ingurugiroari egindako kaltea ikaragarri jaisten duela. Informazio hau guztia Zizurkilen zabaltzea, herritarron kontzientziazioa handiagotzea, eta Zero Zabor programaren hainbat neurri martxan jar daitezen akuilu lana egitea dira gure helburu nagusiak. Zero Zabor ez da utopia, neurri eta helburu zehatzez osaturiko programa da, maila ezberdinetako instituzioen neurriekin egitura daitekeena. Baina herritarrak gara oinarri, hona hemen gure lana.

Zein beste ekintza bultzatu duzue Zizurkilgo Zero Zabor taldetik?
Apirilean Zero Zabor jardunaldia antolatu genuen, hainbat hitzalditan parte hartu dugu eta ikastetxeekin ere kontzientziazio lanketa egin nahi dugu errekako gaia ardatz hartuta, atez atekoa martxan dagoen herri batera bisita gidatu bat antolatzeko asmoa ere badugu, autokonpostaren txokoa prestatzen ari gara Azoka Berezirako, Gabonetarako ere herritarrei oparitxo bat egin nahiko genieke, etab.
Jendea animatu nahi dugu hau dena aurrera eramaten laguntzeko, talde irekia gara, eta lanerako gaude; bakoitzak ahal duen neurrian beti ere. Gurekin harremanetan jarri nahi duenari ere lasai egin dezakeela esan nahi diogu, honetarako zizurkilzz@gmail.com helbidera email bat idatziz.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!