Aitor Ormazabal eta Alex Ugalde lehengusuak, arrantzan markak eginez

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko urr. 3a, 10:39

Ekainean jokatu zen Espainiako XVI. Arrantza Txapelketan, “Izokin euli” modalitatean, Alex Ugalde izan zen txapelduna. Aitor Ormazabal, lehengusua, laugarren postuan geratu zen. Alex hernaniarrak eta Aitor billabonatarrak arrantzaren nondik norakoak eta bizipenak kontatu dituzte.

Alex txikitatik arrantza munduan murgilduta ibili da. Umea zela aitarekin arrantzara joaten hasi zen eta gaur egun, mundu mailan lehiatzen dabil. Aitor lehengusuaren bidez hasi zen arrantzan: “Nire etxean sekula ez da arrantzarako zaletasunik egon. Alex bere aitarekin ibiltzen zen; egun batean txapelketaren bat ikustera joan nintzen eta gustatu egin zitzaidan. Nire lehenengo kanabera hamabi urte ingururekin hartu nuen”. Txapelketetan hasi aurretik, urte eta erdiz Andoaingo Urruzuno anaiekin ikastaro bat egin zuten bi lehengusuek: “Ni txiki-txikitatik hasi nintzen aitarekin arrantzan, baina lehian ibiltzeko garrantzitsua da jakitunengandik klaseak jasotzea, bertan euliak nola egin ikasi genuen, adibidez”, adierazi du Alexek. Behin klaseak jasota, hainbat lehiaketa eta masterretan parte hartu dutela aipatu du Aitorrek: “Gipuzkoa eta Euskadi mailan lehiatzen dugu; laugarren aldia izan da aurtengoa. Horrez gain, Alexek iaz munduko txapelketan hartu zuen parte eta 18. postua lortu zuen. Niri berak erakutsi dit arrantzan. Oso arrantzale ona da”.

Arrantzaren nondik norakoak
Askoren ustez, arrantza egitea kirol aspergarria da, baina Ormazabal lehengusuek aipatu dutenez,  jendearen ezjakintasunagatik gertatzen da hori: “Arrantza modalitate asko dituen kirola da: Izokin euli modalitatea, itsasoan, kutxarilan… Gu aritzen garen modalitatea, esaterako, zailenetakoa izateaz gain, oso mugitua da. Ibaiaren behealdean hasten gara arrantzan eta, pixkanaka, gorantz joaten gara”, esan du Alexek. Leitzaran ibaia gustukoen dutela aitortu arren, ibai batetik besterako aldeak handiak direla adierazi dute: “Ibaiaren zabalera, korrontea, amuarrain mota… mila baldintza daude. Arrantzale batzuk erreka batzuetan besteetan baino hobeto moldatzen dira. Euskaldunak, gehienbat, erreka txikietan moldatzen gara hobekien”. Egun eguzkitsua, lainotsua edo euritsua izateak ere asko baldintzatzen du Alexen esanetan: “Arrantzarako hoberenak egun sargoriak izaten dira; orduari dagokionez, berriz, goizean goiz eta ilunabarretan arrantzatzen da gehien, amuarrainak orduan irteten direlako jatera”. Baldintza hauek guztiak, garrantzitsuak badira ere, esperientzia eta trebetasuna nabarmendu dituzte biek ala biek. Arrantzale ona izateko, amuarrainen jokaerak ezagutzea beharrezkoa dela uste dute, eta asko dakien bati kasu egitea oinarrizkoa dela aipatu dute.

Izendapen ugari
Alex Hernaniko Txantxangorri elkarteko kide da eta Aitor, berriz, Andoaingo Ontza elkartekoa. Aurten, maila goreneko norgehiagokan aritzeko kirolari izendapena jaso du Aitorrek: “Niretzat sorpresa handia izan zen. Etxean lehiatzeak abantaila eman zidan eta poz handia hartu nuen”. Alex haratago joan da eta estatu mailako saririk gorena lortu du. Modalitate eta maila horretan garaipen hori lortu duen lehen euskalduna izan da. “Izugarrizko poza hartu nuen berria jakin nuenean. Inguruko jende askok esan zidan ondo nenbilela eta irabazi egingo nuela. Hala ere, notizia era bitxian jaso nuen. Arrantzan ari nintzela lehenengo zihoanari dopinen aurkako froga egin behar ziotela entzun nuen. Niri egitera etorri zirenean jakin nuen irabazi egin nuela”, azaldu du Alexek.

Datorren urtean mundialera
Datorren urteko urriko bigarren astean Irlandara joatekoa da Alex, mundu mailako txapelketa jokatzera. Gutxi gora behera, hamabi herrialdetako partaideak lehiatuko dira bertan: “Izugarrizko gogoa dut hara joateko. Nire helburua aurtengo marka hobetzea da eta aldi berean, ahal den gehiena ikasi eta ondo pasatzea”.

Mota desberdinetako euliak
Dendan salgai egoten diren arren, arrantzale bakoitzak bere eulia egin ohi du: “Dendan oso garestiak izaten dira, eta gainera nahiago izaten dugu nork berea egin. Arrantzarako konfiantza gehiago emateaz gain, satisfazio handiagoa sortzen du norberak egindako euliarekin arrantzatzeak”, adierazi dute. Errekako baldintzen eta amuarrainen arabera euli ezberdinak erabiltzen dituzte. Euliak ez ezik, pita bat edo beste erabiltzeak ere eragin handia izaten duela azaldu dute: “Egokiena, oreka bilatzea izaten da. Pitak sendoa behar du izan, baina aldi berean, amuarrainak ez ikusteko modukoa”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!