Duela hogei urte inguru gerturatu zen Sergio artisautzara. Larruzko poltsa, gerriko eta diruzorroak egiten ditu Nafarroako Cascante herrian duen tailerrean: “Kolekzio berriak prestatzen ditut urtero eta azoka ezberdinetan aurkezten ditut, bai moda azoka berezietan eta baita artisau azoketan ere”. Irailaren 30ean Asteasun egindako azokan ere postua jarri zuen Sergiok.
Ikasketa prozesu luzea
Autodidakta moduan ikasi du bere langintza: “Artisautzan emandako lehen pausoek ez zuten zerikusirik gaur egun egiten dudanarekin; Errenteriako Xenpelar gunean zeramika ikastaro bat egitea erabaki nuen. Pixka bat aurrerago, larrua lantzen ikasteko lehen ikastaroa egin eta lan horri eutsi nion. Gipuzkoan ekin nion lanari, baina duela hemeretzi urte Cascanten jarri nuen tailerra. Urteen eta saiatzearen poderioz, autodidakta moduan ikasi dut nire langintza. Berriz hasi beharko banu, beste modu batera egingo nituzke gauzak seguru asko, izan ere, denbora asko behar izan baitut ondo ikasteko”. Behi larrua erabiltzen du Sergiok: “Oihala eta beste larruren bat ere bai, baina gehienbat, behiarena lantzen dut”.
Dendetan ere bai
Artisau azoketan ez ezik, dendetan ere saltzen ditu Sergiok bere produktuak. “Modu profesionalean aritzeko erabakia hartu nuenean, nire produktua dendetan ere saltzeko hautua egin nuen. Ez da lan erraza; etengabe produktu berriak sortzen aritu beharra daukazu. Urte batean oso ondo saltzen dena, hurrengo urtean ez dute erosi nahi eta horrek, etengabeko bilaketa prozesu batean murgilduta egotera behartzen zaitu. Badu bere aurpegi ona ere, gauza berriak egitera bultzatzen baitzaitu”.
Moda mundua ez da batere erraza: “Enpresa handien esku dago. Gaur egungo moda eta ekoizle txikientzat oso zaila da produktuak sartzen joatea. Madrilgo eta Bartzelonako moda azoketara joaten naiz urtero, poltsa eta gerriko berriak aurkeztera. Bi poltsa mota egiten ditut; batzuk osoki larruzkoak dira eta beste batzuek oihala ere izaten dute nahastuta”.
Gerriko bereziak egiten ditu Sergiok: “Enpresa txikia izanik, gerriko bereziak egiteko aukera dut. Pieza bakoitzak bere zenbakia darama eta ezberdina da beste guztietatik. Poltsa eta diruzorroekin ere egin dezaket hori”.
Ateratzeko beharra
Krisialdi gogorrak eragina izan du Sergioren lanean: “Irudimena erabiltzera behartu gaitu artisauok. Krisialdi garaian, egoerara moldatu beharra dago. Kanpora saltzea izan daiteke aukeretako bat. Milan, Alemania..., azoka ezberdinetan izan naiz. Irtenbide hori, hala ere, ez da erraza, ez baita nahikoa behin joatea. Bezeroak egiteko oso maiz joan beharra dago eta horretarako inbertsio handia egin behar da”.
Artisau azoketan ere izaten da Sergio: “Horixe da arrisku gutxien ekartzen duen irtenbidea; salmenta zuzena egiten delako. Euskal Herriko azoketara joaten naiz eta horretan jarraitzeko asmoa dut, dendetakoa utzi gabe”.
Artisautzaren egoera
Euskal artisautzaren egoeraren inguruan galdetuta, hala adierazi du Sergio Gomarak: “Duela 28 bat urte jarri ziren martxan artisau azokak eta zenbait urtetan, oso harrera ona izan zuten. Jende asko hurbiltzen zen eta salmentak ere onak ziren. Gaur egun, azoka askotan artisauenak ez diren produktuak saltzen dira eta horrek kalte handia egin digu. Jendea aspertu egin da”.
Lur elkarteko kidea da Sergio: “Lur jaio zenean, Arabako, Iparraldeko, Gipuzkoako eta Nafarroako artisauek osatzen genuen elkartea. Orain aldatu egin da, eta Nafarroako zein Gipuzkoako artisauak biltzen gara gehienbat. Aurten, hogeita bost urte beteko ditu”.