Kilometroak jaia, trafiko aldaketa handiak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ira. 29a, 18:55

Autorik ez erabili hurrengo asteburuan. Horixe da Udaltzaingoak eman duen gomendio nagusia. Soilik eta bakarrik ezinbestekoa bada erabil dezatela, baina gainerantzean Kilometroak eguna dela eta zehaztu dituzten aparkalekuetan ibilgailua uztea eskatu dute.


Izan ere, Kaletxiki, Zumea kalea eta beste hainbat kale Kilometroak jaiaren ibilbidean txertatuko dituztenez, kale horiek oinezko bilakatuko dira egun batez. Horietatik ibilgailuan zeharkatzea ezinezkoa izango da. Gainera, oinezkoentzat egokitzeko larunbat arratsaldetik ibilgailuetatik libre utzi behar dira.
Herri barruko aparkalekuen eta trafikoaren ardura Andoaingo Udaltzaingoarena izango da.
Milaka lagun hartuko ditu Andoain herriak. Trenez nahiz errepideetatik iritsiko dira denak. Herriaren kanpoaldean, adibidez, Andoaindik kanpo datozten ibilgailuentzako aparkalekuak egokituko ditu antolaketak. Besteak beste, Aduna aldeko Balastrain gunean edota Bazkardon.
Trenez datozenak, zuzenean Kilometroak jaiaren ibilbidean sartuko dira. Tolosatik datoztenak Kaletxikitik gora hurbilduko dira Goikoplazara. Donostialdetik datozenak, aldiz, Arantzibia plaza ingurutik gora igoko dira La Salle ikastetxearen atzekaldetik.
Andoaingo Udalak aitortu duenez, Kilometroak jaiaren antolatzaileek ibilbideari eta segurtasunari buruzko plangintza ona aurkeztu dute. Azken urtean hilean behin bilera egin dute, eta azken bolada honetan hartu-eman hori biderkatu egin da. Lan handia izango da, eta dagoeneko hasi dira oharrak eta jakinarazpenak egiten.
Udalak pazientzia eta bereziki kolaborazioa edo elkarlana eskatzen die herritarrei. Eta ahal dela ibilgailurik ez erabiltzea.
Etxe azpitik halabeharrez ibilgailua kendu beharko duten auto gidarientzat alternatibarik ez da faltako: Ubillluts industrigunea, Zumea plazaren atzekaldeko aparkalekua, La Salle ikastetxeko aparkalekua eta kanpoko jolastokia, Leizaran ikastetxearen ondoko aparkalekua. Kalez kale eta auzoz auzo, herritarrak ohartarazteaz Udaltzaingoa arduratzen ari da. Oharrei jaramonik egiten ez duenak, Udaltzaingoak ibilgailua garabian eramango du Ziakora.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!