Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak. Arantza Manterola elkarteko lehendakariak eta Igor Elortza Kilometroetako koordinatzaileak akordioaren berri eman zuten, irailaren 21ean.
Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak garrantzi handikotzat jo zuen hitzarmena: “Argi dago hondakinen kudeaketarik egokiena eta zentzuzkoena ahalik eta hondakin gutxien sortzea eta sortutako hondakinak berrerabiltzea eta birziklatzea dela; Foru Aldundia horretarako ari da lanean, eta norabide horretan, beste aurrerapauso bat eman dugu gaur Kilometroakekin hitzarmena sinatuta. Izan ere, bi helburu lortuko ditugu akordio honi esker: batetik, milaka eta milaka euskaltzale biltzen dituen festa honetan hondakin gutxiago sortzea eta gehiago birziklatzea, eta bestetik, herritarrak kontzientziatzea”.
Kilometroak-eko koordinatzaileak azaldu zuenez ibilbide barruko txosna eta jantoki guztietako zati organikoa, beira, ontzi arinak, papera eta errefusa gaika bilduko dituzte, eta ondoren zati bakoitzak kudeaketa egokia izan dezan arduratuko dira. Bestalde, berrerabilpena sustatzeko, bazkarietan erabilitako plater, edalontzi eta gainerakoak berrerabilgarriak izango dira guztiz.
Jaira bertaratutako euskaltzaleak sentsibilizatzeko, hondakinen kudeaketa eraginkorraren inguruko mezuak zabalduko dira ibilbidean zehar nahiz esku-orrietan.