Olagainen giro ederra, eta errepikatzeko gogoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ira. 29a, 18:53

Aparteko giroan burutu zen bazkaria Olagainen. Eguraldiaren beldur, azkenean  bazkaria Olagain musika eskolaren egoitzan egitea erabaki zuten.


Bazkalostean, Elixabet Gallok eta Itsaso Mungiak maila handiko musika emanaldia eskaini zuten. Besteak beste, Joxe Mari Oiartzabal musikari eta konposatzaileak sortu berri duen Olagain abestia jo zuten. Antolatzaileek Oiartzabal berari eta bere emazte Maria Luisa Zuriarrani oroigarria eman zieten.
Ekitaldiaren bukaeran, dantzaldia izan zen Los Rubiko musikariek alaituta. Jai eguna nola joan zen ikusita, balorazio baikorra egin zuten Bertxin eta Santa Krutz elkarteko kideek. Hasi berriak dira elkarrekin lanean eta ekitaldiak batera antolatzen, eta nahiko gustura daude orain arte egindako bidearekin. Ez da ahaztu behar joan den astean zehar alzheimerraren inguruko bi jardunaldi antolatu zituztela Basteron; hitzaldi aretoa jendez lepo bete zen bi egunetan, gainera.
Etorkizunean, zenbait ekitaldi batera antolatzen jarraitzeko asmoa dute Andoaingo bi elkarteek, beraz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!