Irrintzi lehiaketa urnietar guztiei zabalik, igande iluntzean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ira. 29a, 18:49

Azken hiru urteetan egin bezala, aurten,  Urnietako Iñistorra Euskaltzaleen Biltzarrak irrintzi lehiaketa antolatuko du, irailaren 30ean. Lehiaketa, parte hartu nahi duen ororentzat zabalik dago eta bi mailatan banatuko da: atal nagusia edo helduena 14 urtez gorakoentzat eta gaztexoen atala 14 urtez beherakoentzat.


Jai eta umore giroan egin ohi da lehiaketa; beraz, antolatzaileek dei egin diete Euskal Herriko irrintzizaleei Urnietara arratsalde pasa etor daitezen eta parte har dezaten iluntzean San Juan plazan bertan izango den lehiaketa honetan.
Garaikurrarekin batera izango da sari ekonomikorik: helduen atal edo sail nagusian irabazlearentzat ehun eurokoa izango da eta bigarrenarentzat berrogeita hamar eurokoa.
Sariak erabakiko dituen epaimahaia lau lagunek osatuko dute eta, besteak beste, indarra eta ozentasuna, abiadura, tonua, garapena eta kolpe bakarreko irrintzia izango dira aintzakotzat hartu beharko dituen ezaugarriak.

Maria Arizmendi irrintzi lehiaketa
Maria Arizmendi 1909. urtean jaio zen Urnietan eta XX. mende osoan zehar euskal kulturgintzaren eta folklorearen erreferentzia izan zen Urnietako herrian, oso bereziki antzerkigintzan. Euskal kulturaren eta folklorearen aldarrikapena egin zuen beti, konplexurik gabe, eta bere beste ekarpen nagusiez gain, bazen ezaguna ere irrintzi dotoreak egiteko zuen ohituragatik. Iñistorrak modu horretan Maria Arizmendiren izena eta izana omendu nahi ditu.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!