Grebarako deia egin du Galder Azkue alkateak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ira. 25a, 13:45

Iraialren 26ko greba dela eta, gutuna zuzendu die herritarrei Galder Azkue Amasa-Villabonako alkateak. 

Irakurri jarraian: 

Irailak 26, burujabetzari ekiteko lehen urratsa

Garai gogorrak bizi ditu Euskal jendarteak eta itxura guztien arabera, are eta gogorragoak datozkigu ondoko hilabeteak.

Madrilgo gobernutik, politika neoliberalen defendatzaile sutsua den alderdi popularra, urteetan herri honetako langile gizon-emakumeek lortutako eskubide guztiak bertan behera uzteko egin ahal bizian ari da. Defizita eta zorraren kontrolaren aitzakiapean, zerbitzu publikoen pribatizazio progresiboa eta langile indarraren neutralizatzea bilatzen ditu aipatutako alderdiak.

Zerga politika aurrerakoiei ate guztiak itxiz, aberastasunaren banaketa justuago bat bilatzen duten proposamen oro atzera bota dute azken urteotan Madrilgo gobernuan egon diren alderdi politikoek. Horrek, azken hamarkadetako langabezia tasarik altuena izatera eraman du Espainiar Estatua. Bitartean, dirua barra-barra gastatu dute inolako erabilerarik eta interes publikorik ez duten proiektu eta azpiegituretan: AVE, aireportua, kirol pabilioiak, museo erraldoiak, etabar luze bat.

Ondorioz, Estatuek izugarrizko zorpetze maila pilatu dute urtetako kudeaketa arduragabea dela medio. Estatu Espainiarra ez da gai zerga bidez jasotzen duenarekin bere gastua finantzatzeko eta horrek, gehiago zorpetzera eraman du defizitaren gurpil eroan jauzi den arte: arrisku sariaren igoera, sinesgarritasunaren galera…

Hau honela, Estatu Espainiarrak berea egin du Europatik herrialde aberatsenek egiten dituzten eskarien gauzatzea, horrek arazoa konponduko balu bezala. Alemania buru dela, Europa hegoaldeko estatuak galbidera eramango dituen eskaeren maila geroz eta altuagoa da, izan ere, Alemania da Estatu horien hartzekodun nagusia eta zorra kobratu nahi duen lehena.

Espainiar Estatuak amen egin die eskaera basati hauei eta azken hamarkadetan hartutako neurririk gogorrenak proposatu ditu: lan erreforma, langile publikoen eskubideen aurkako neurriak, BEZaren igoera, Bankuen erreskatea…

Bitartean Euskal Herrian ere egoerak okerrera egin du. Langabezia gora doa eta enpresek izugarrizko zailtasunak dituzte negozio bide berriei ekiteko finantziazio bideak lortzeko. Espainia markak porrot egin du eta gainontzekook ere ur azpira eramateko bidean jarri gaitu.

Beraz, Irailaren 26ean deitutako greba ez da edozein greba. Espainiar Estatuak berarekin ondoratzerik nahi ez badugu, murrizketei aurre egiteko dagoen bide bakarraren alde borrokatu beharra daukagu, subiranotasunaren alde, burujabetzaren alde. Hau baita, datozen belaunaldiek, gure aurrekoei hainbeste  izerdi kostatako ongizate gizartea ezagutu dezaten bide bakarra, lortuko dugulakoan,

Agur bero bat,

                                   Galder Azkue, Amasa-Villabonako Alkatea

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!