Bazkaria Olagain auzoan andoaindar guztiei irekia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ira. 20a, 10:33

Jubilatu eta pentsionisten Santa Krutz eta Bertxin elkarteak elkartu dira lehenengo aldiz, herri bazkaria antolatzeko Olagain auzoan. Igande honetan izango da.



Zer dela eta bazkaria antolatu izana?
Peio Barandiaran: Bi bideetatik heldu da bazkariaren ideia. Batetik, esan behar da Olagain auzoan bertan ekitaldiren bat antolatzeko gogoa geneukala aspaldidanik, eta Santa Krutz elkarteak gogo horri eutsi nahi izan diola. Bestetik, Andoaingo udaleko gizarte sailetik proposatu zaigun erronkari erantzuna eman nahi izan diogu; alegia, ekitaldiak elkarrekin antolatzea aurrerantzean, herriaren mesederako izango delakoan.     

Nolako erantzuna espero duzue herritarrengandik?
Jose Luis Crego: Ikusteko dago, lehenengo aldia baita. Nahiz eta gu jubilatuen elkarteak izan, adin guztietako jendea etortzea nahi genuke. Ez dakit asmatu dugun, baina bazkaria herritar guztien bilgune eta festa izateko antolatu da.     
P.B.: Badakigu garai latzak bizi ditugula bazkariko gastutan sartzeko, baina iruditzen zaigu denok ere beharrezkoa dugula eguneroko penak eta buruhausteak ahaztea tarteka, bestela ere bai baitakite bere gisa etortzen. Eguna lagun artean eta festa giroan pasatzeak on egingo digula, horretan ez daukagu zalantzarik.

Bi elkarteak elkar lanean jarraitzeko asmoa duzue beraz...
J.L.C.: Egia esan, bi elkarteei komeni zitzaigun indarrak bildu eta ekitaldiak elkarrekin egiten hastea. Azken batean, antzeko ekimenak antolatzen ditugu urtean zehar, eta herritar asko bateko zein besteko bazkide dira. Harremanak onak dauzkagu, eta herri bazkari hau hasiera baino ez da izango. Ondoren egitasmo gehiago helduko dira, eta berehala ikusiko dira herrian; alzheimerdunen inguruan egunotan egin diren jardunaldiak, esaterako, elkarlan horren emaitza dira.  
 
Olagain auzoan zerbait antolatzeko gogoa dagoela aipatu duzue. Zer dela eta hori?
P.B.: Bi arrazoi aipatuko genituzke. Batetik, gogoan eduki behar dugu orain urte batzuk jaiak ospatzen zirela auzo honetan, urrian. Zazpi bat urte iraun zuten; kito egin zuten bolondres antolatzaileen faltagatik, baina auzoak bazuela nortasuna adierazi zuten jaiek orduan, eta oraindik ere nortasun horri eusten zaio.   
Bestetik, aurtengoa esanguratsua da auzoarentzat eta auzotarrentzat: hain justu ere, 50 urte betetzen dira auzoa sortu zenetik; abuztuan jaso ospatu zen giltzen zozketa. Gehiegi ezin da aurreratu, baina azaroan-edo urteurren hori gogoratuko duen ekitaldiren bat antolatzeko asmoa dago auzoan.  

Olagainen herri bazkaria
igandean
Lekua: Olagain auzoan, irailaren 23an. Euria egingo balu, Santa Krutz edo Bertxinen egoitzan.
Menua: Marmitakoa, biribilkia saltsan, ijito besoa, kafea eta txupitoa.
Prezioa: 25 euro.
Salgai: Xaxi, Irunberri, Urkiola Buruntza tabernetan eta bi elkarteen egoitzetan. Komeni da txartelak ostirala baino lehen erostea.
Ondoren: Musika kontzertua Elisabet Gallo eta Itsaso Mungia soinu- joleekin; besteak beste, Joxe Mari Oiartzabalek konposatutako Olagain abestia joko dute. Eta azkenik, dantzaldia Luziano Uribesalgo eta Jesus Ibañezekin.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!