Greba orokorrerako deia egin dute Buruntzaldeko ELAk eta LABek

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ira. 20a, 10:26

Irailaren 26rako ELA-LAB sindikatuek deituriko greba orokorra izango den ziurtasuna dute, langileen eta gizartearen egoera larriaren adierazgarri.
ELAk eta LABek Buruntzaldean bakoitzak bere aldetik mobilizazioak burutuko ditu grebaren atarian eta greba egunean bertan. LABek, esaterako, manifestazioa deitu du Andoainen.

ELA

Azken hamarkadetako gizarte-murrizketarik handienak gizarte osoa pobreziarantz bultzatuko duela ohartaraziz, herritarrak irailaren 26ko greba orokorrarekin bat egitera deitu ditu Buruntzaldeko ELA sindikatuak, Hernanin duen egoitzan gaur goizean bailarako ordezkariek burutu duten agerraldian. "Bultzatu egin zaitugu artez parte hartzera sindikatuek eta gizarte-mugimenduek gure Herriko bazter guztietan antolatuko dituzten mobilizazioetan, eta batez ere irailaren 26ko ekintzarik handienean, Hego Euskal Herriko greba orokorrean", luzatzen dute gonbita ELA sindikatutik. Norbere sumindura eta haserrea agertzera deitzen dute, murrizketen aurka, lan eta gizarte eskubideen alde, "politikak zeharo aldatzearen alde". "ELAk bestelako aukerak eskaintzen ditu: hasteko, murrizketa horiek Euskal Herrian ez aplikatzea, eta politika fiskalak eta sozialak zeharo aldatzea", berri eman dute.  
BEZ-aren igoera, langabezia-prestazioen murrizketa, menpeko pertsonei arreta emateko sisteman eskubide-murrizketa, sektore publikoan aparteko ordainsari bat kentzea, denda ordutegien liberalizazioa edota enpresen kotizazioak jaistea, hasiera besterik ez dela iragartzen dute aipatu sindikatutik. "Gobernuak onartu duen 2013-2014 Aurrekontu Planean pentsioetan murrizketa berriak iragartzen dira", ohartarazi dute. Euren esanetan,"jo-puntuan daude langileak, haien soldatak jaisteko; langabeak, prestazioak gutxitzeko; herri-langileak, aparteko sariak kentzeko; gaurko eta biharko erretirodunak, pentsioak txikiagotzeko; gazte jendea, prekarietatera kondenatzeko; eta menpeko pertsonak, senide zaintzaileak zigortzeko".
Orokortzat jotzen duten eraso horretatik kanpo geratzen denik badela ere gaineratzen dute, "ekarpenik handiena egin beharko zutenak, hain zuzen, haiek baitira krisia eragin zutenak; bankariak, espekulatzaileak eta goi-mailako intere ekonomiko eta finantzarioak ordezkatzen dutenak". "Denon artean geldiaraziko ditugu!", mezuarekin herritarrak datozen mobilizazioekin bat egitera dei egin dute.
“Murrizketak Hego Euskal Herrian ez aplikatzea”, hori da ELA, LAB, EHNE eta beste hainbat gizarte eragileek deitu duten greba orokorrarekin bete nahi duten helburua.
Deitzaileek egindako adierazpenaren arabera, “pobreziara eramaten gaituzten politika hauek gelditu egin behar ditugu, eta horretarako ez dago borroka eta mobilizazioa beste biderik”.
ELAko Adolfo Muñoz idazkari nagusiaren ustez, “pobreziara bultzatu nahi gaituzte. Eta hori galarazi nahi badugu, murrizketei ez esan behar diegu eta bestelako gizarte politikak exijitu. Aurrean dugun aurkaria oso indartsua da, baina politika neoliberal hauen aurka gauden guztiok kalean mobilizatzen bagara, gure helburuak lortzeko gai izango gara”.

 

LAB

Irailaren 26an Greba Orokorraren aldeko apustu garbia egin du LAB sindikatuak, "Euskal Herriak hitza eta erabakia" adierazpenean argi utzi duenez. Ostegun honetan LABek Hernanin duen egoitzan Buruntzaldea mailako agerraldia egin du, grebaren arrazoiak azalduz.
Eskualde mailako agerraldian bozeramaileak Euken Villasante eta Yoana Mendez izan dira. Villasanteren arabera, "greba egiteko arrazoiak badaude eta jendeari dei egiten diogu antolatuko diren ekimenetan parte hartzeko. Irailaren 26an, Greba Orokorraren egunean, arratsaldeko 18:00tan hasita manifestazioak burutuko ditugu Andoainen, Lasarten eta Hernanin Euskal Herriak hitza eta erabakia izan behar duela aldarrikatzeko".
Mendezek adierazpena irakurri du, zeinean herritarrak miseriara bideratu nahi dituztela salatu duen: "Sistema finantzieroaren erreskatea geuk ordaintzea nahi dute. Murrizketak 102.000 milioi eurokoak izango dira, Bankari emango dizkioten 100.000 milioi euroetatik oso gertu. Hau da, 102.000 milioi euro gutxiago oinarrizko zerbitzuak bermatzeko, enplegu-politikak egiteko, eredu ekonomikoan inbertitzeko, prestazioak bermatzeko,... Diru publikoa, gure zergetako 102.000 milioi euro bankuei oparituta. Eta herritarrentzat murrizketak, erreformak, pribatizazioak, zerga-igoerak, soldata-jaitsierak,... hau da, miseria".
Langabetuen eskubideei erasoa salatu zuten agerraldian, "langabetuak baliabide publikoen iruzurgiletzat jotzen dira eta ez eskubidedun subjektutzat". Baina ez hori bakarrik, horra beste hainbat salaketa: "Fogasako bermeen murrizketa, administrazio publikoko langileen eskubideei erasoa, fiskalitate erregresiboa, menpekotasuna duten pertsonen eskubideen murrizketa, ordutegien liberalizazioa eta pribatizazioak,...". Inposatzen ari diren neurri horien aurrean LAB sindikatuaren aldarrikapenak hauexek dira:
-Bankari diru gehiagorik ez.
-Euskal instituzioek murrizketak ez aplikatzea.
-Politika publikoetan errotiko aldaketa.
-Behingoz euskal instituzioak gizartearen zerbitzura jartzea.
Egoera aldatzeko alternatibak egon badaudela dio LAB sindikatuak. Besteak beste, Espainiako Gobernuak aplikatu nahi dituen erabakiei jaramonik ez egitea, Euskal Herriko instituzioetan aurrekontuetan ezarritako murrizketak bertan behera uztea edota krisitik ateratzea ahalbidetuko duen plan instituzional integrala mahaigaineratzea.
Hitza eta erabakia aldarrikatu ditu Mendezek agerraldiaren amaieran, "Irailaren 26an Euskal Herriko kaleak bete behar ditugu gure esparruan aplikatzen ari diren politiken norabidea behingoz aldatzeko eta gure herria izan dadin hitza eta erabakia hartuko dituena".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!