Urnieta fantasiaren eta fikzioaren hiriburu

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ira. 20a, 10:25

Aurreko ostiralean Donostiako Koldo Mitxelenan Euskadiko eta estatu mailako fantasia epikoaren elkarteek “Fantasiaren, fikzioaren eta beldurraren topaketa” aurkeztu duten hedabideen aurrean, Mikel Pagola Urnietako alkatea eta Toti Martinez de Lezea idazle ezaguna alboan zituztela.

Fantasia epikoaren inguruan elkarte ezberdinak osatu dira estatu mailan, baita Euskadin ere. Haien helburu nagusia fantasia sustatzea eta fantasiaren inguruan ekitaldiak antolatzea da. Ohiko dute urtean behin fantasiaren, fikzioaren eta beldurraren topaketa egitea eta aurten Urnietan burutuko da. Lehen aldia izango da Euskal Herriko herriren batean burutzen dela. Valentziako Mislata herriaren lekukoa jasoko du, beraz, Urnieta herriak.
Fantasia gogoko duten irakurleek gustuko dituzten idazleen bisita jasoko dute. Literatur alor horretan aski ezagunak diren Javier Negrete, Juan Miguel Aguilera, Alejo Cuervo, Susana Vallejo, Alberto Moran edota Toti Martinez de Lezea Urnietan izango dira.
Hedabideen aurrean Fernando Cea eta Irene Hernandez hizlari aritu ziren, Mikel Pagola alkatearekin eta Toti Martinez de Lezea idazlearekin batera.
Mikel Pagola alkatea pozik agertu zen herrian bertan ospatuko den ekimenarekin, “Urnietan oso pozik gaude, eta harro, jardunaldiak ospatzeko Urnieta aukeratu dutelako. Udal ordezkariok berehala bat egin genuen apustuarekin. Giza baliabideak eta baliabide teknikoak baditugu, erronka berria izango da. Ilusioz gaude, eta jaiei jarraipena emateko jardunaldi hauek egoki datoz”.
Topaketan Toti Martinez de Lezea idazle ezagunak hitzaldia eskainiko du Urnietan. Aurkezpenean hitz egin zuen, fantasiaren alorrean euskal tradizioak duen indarra defendatzeko, “zer egingo dut nik hemen? galdetu nion nire buruari topaketa honetan parte hartzeko gonbitea jaso nuenean. Pentsatzen jarri nintzen, eta gure historia gogoan izan nuen. Hainbeste eta hainbeste dugu erakusteko! Adibidez, bat, hiru edo zazpi buruko herensugeak. Edo, adibidez, sei erraldoi ezberdin: Tartalo, Tartaro, Torto, Antso, jentilak eta Basajaun. Lamiak, lau moeta ezberdin ditugu. Ipotxak ere beste lau.
Hori esanda, dena dugu gure herrian. Istorio bat ez, mila idazteko adina! Tolkien britainiarrak Noruega eta Suediako mitologia erabili zuen El señor de los anillos idazteko. Guk, ordea, ez dugu kanpora atera behar. Bertan dugu dena”.

Juego de tronos
Telesaila gogoko duten ikusleek burdinezko tronoaren erreplika ekarriko dute Urnietara. Telesail horretako bigarren denboraldiko “Aguas negras” atala ere ikusgai izango da.

Ekitaldiak egunero
Asteburu osoan zehar hamaika egitasmo iragarri dituzte. Besteak beste, ipuin kontakizunak, ibilbideak, hitzaldiak,... Hitzordu horiez gain, urriaren 12an sagardo eguna egingo dute.

AZOKA
Lekaion argitaletxeen salmenta postuak ipiniko dituzte asteburu osoan zehar, liburuak eta hainbat produktu salduz.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!