BEZaren igoera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ira. 19a, 11:23

2012ko irailaren 1etik aurrera, garestiagoa da bizimodua. Argindar eta telefonoaren fakturak, garraioa, haragia, zineko sarrerak, ile-apaindegiak, oinetako eta jantziak..., BEZaren igoerak eragin nabarmena izan du guztion poltsikoetan. Batez beste, familia bakoitzak 500 euro inguru gehiago gastatuko ditu urtean.

Zergaren igoerak eragin berezia izan du zenbait produktu eta zerbitzurengan; hileta zerbitzuak, ile-apaindegiak, albaitaritza zerbitzuak, loradendak, kultur ekitaldietarako sarrerak, pixoihalak, eskolako materialea..., %8ko BEZa izatetik, %21ekora igaro dira. Beterri-Aiztondo eskualdean zerbitzu eta produktu horiek eskaintzen dituzten dendari eta arduradunek eman dute egoera berriaren inguruko berri.


BEZ berria

Berdin mantendu da
BEZ supermurriztua
 %4


  • Sendagaiak.
  • Esnea.
  • Arrautzak.
  • Gaztak.
  • Ogia, zerealak eta irina.
  • Barazki eta lekaleak.
  • Fruta.
  • Liburu, egunkari eta aldizkariak.
  • Mapak, albumak, partiturak eta marrazketarako koadernoak.
  • Babes Ofizialeko Etxebizitzak.
  • Teleasistentzia zerbitzua.
  • Ezinduentzako protesi eta inplanteak.
  • Mugikortasun urriko pertsonentzako ibilgailuak.  

Bi puntuko igoera izan du BEZ murriztuak
 %8tik %10era

  • Haragia, arraina, olioa, kontserbak..., aurreko atalean sartzen ez diren elikagai guztiak.
  • Kontsumorako eta ureztatzeko ura.
  • Zabor bilketa.
  • Ostalaritza, kanpinak eta bainuetxeak.
  • Kirol ekitaldiak.
  • Tanpoiak eta konpresak.
  • Garraioak.
  • Betaurreko eta lentillak.
  • Eraikinen zaharberritzea.
  • Haziak, ongarriak, laborantzarako plastikoak.
  • Hoditeriaren garbiketa eta arratoien aurkako tratamendua.
  • Animalientzako sendagaiak.
  • Liburutegi, artxibategi eta museoak.
  • Erosketa aukeradun errentak.

Hiru puntuko igoera izan du BEZ arruntak
%18tik %21era


  • Estetika zerbitzuak.
  • Hortz asistentzia.
  • Zezenketak.
  • Liburu digitalak.
  • Kirol ekintzetarako eskolak.
  • Autoak.
  • Gasolina.
  • Alkohola eta tabakoa.
  • Garbiketa eta kosmetika produktuak.
  • Ofizinako materiala.
  • Argindarra, telefonoa, ADSL.
  • Jantzia eta oinetakoak.
  • Elektrotresnak.

Hamairu puntuko igoera izan duten produktuak
%8tik %21era


  • Preserbatiboak.
  • Jolas-parkeak.
  • Dantzalekuak.
  • Pixoihalak.
  • Hileta zerbitzuak.
  • Zine, antzerki, zirku eta kontzertuetarako sarrerak.
  • Gimnasio pribatuak.
  • Loradendak.
  • Albaitaritza zerbitzuak.
  • Ile-apaindegiak.

Hamazazpi puntuko igoera izan duten produktuak
 %4tik %21era


  • Eskolarako materialea.
BEZaren igoerak alor ezberdinetan izan duen eragina

Liburudendak


Rosa Gomez
Basajaun
Amasa-Villabona

Ikasturtearen hasierarekin bat egin du BEZaren igoerak. Jendeak asko aurreratu al ditu erosketak?

Testu liburu gehienak aurreko ikasturtearen amaieran eskatu zizkiguten, nahiz eta ikasturte berriaren hasierarekin ere jaso dugun eskaeraren bat gehiago ere. Hala ere, esan beharra dago testu liburuen gaineko zerga ez dela aldatu. Gainerako materialaren erosketa aurreratu duenik ere bada, baina orokorrean, lasaitasuna nagusitu da. Udako hilabeteetan zehar, asko izan dira BEZ berriaren inguruan galdetzera hurbildu direnak. Guk, momentuz, prezioak mantendu egin ditugu eta hori argi azaldu diegu gure bezeroei.

Nolako eragina izan du BEZ berriak zuen dendan?
Eragin ezberdina izan du materiale ezberdinetan. Mapak, marrazketako koadernoak..., eskolan erabiltzen den zenbait material %4ko BEZarekin geratu da. Koadernoak, motxilak, margoak..., horiek berriz %21eko BEZa izango dute;  zenbait kasutan, hamazazpi puntuko igoera suposatu du horrek.

Liburudendak

Garikoitz Plazaola
Ernaitza 
Andoain


Nola eragin du BEZaren igoerak zuen sektorean?
Tasa ezberdinak dituzten materialak saltzen ditugu. Liburuek eta prentsak %4eko zerga izaten jarraituko dute, eta hor sartzen dira eskolako liburuak ere. Eskolarako gainerako materialak, berriz, %21eko zerga izango du oro har. Koaderno gehienak, esaterako, %4ko zerga izatetik %21ekoa izatera pasa dira. Guk, momentuz, ez dugu preziorik igo, materialeen erosketa iraila aurretik egin genuelako. Aurrerantzean, gure erosketak egiterakoaneskaintza onak bilatzen saiatuko gara, gure bezeroek ere igoera handiegirik nabari ez dezaten.

Zein izan da bezeroen jarrera?
Uda garaian jende askok galdetu zuen igoeraren inguruan. Komunikabideetan entzundakoarekin beldurtuta hurbildu ziren informazioa jasotzera. Gauza bitxi bat ere gertatu da; jende askok testu liburuen erosketa aurreratu du, dirua aurrezteko asmoz. Testu liburuen BEZa, ordea, %4an mantendu dute, beraz, ez dute aurrezterik lortu.

Ile-apaindegiak

Mari Jose Irazusta
Xarmant
Amasa-Villabona


Zenbateko eragina izan du BEZaren igoerak ile-apaindegietan?
Oso handia. %8ko BEZa izatetik %21ekoa izatera pasa gara eta horrek, kalte handia eragingo digula iruditzen zait. Oraindik oso berria da, baina hilabete gutxiren buruan lan jaitsiera nabarituko dugula uste dut. Ile-apaindegira etortzea ez da premiazko zerbait eta jende asko bere etxean moldatuko dela iruditzen zait. Lau urtetan ez dut preziorik ukitu, baina lanerako behar ditudan produktuen BEZa igo egin da, argindarrarena ere bai eta hori guztia ezin dut nik sostengatu; horregatik, %21eko BEZ berria kobratzen hasi nintzen irailaren 1etik aurrera. Denda txikiei kalte handia ekarriko digu igoera honek, zalantzarik gabe. Zenbaitek, langileak kaleratu edota negozioa itxi beharra izango duela iruditzen zait.

Zer diote bezeroek?
Kezka handia sortu du gai honek bezeroen artean. Kalean bolo-bolo dabilen gaia da. Hala ere, bezeroek ulertzen dute prezioen igoera ez dela guk erabakitakoa izan.

Ile-apaindegiak

Aroa Arriet
Adats
Andoain


BEZaren igoerak bereziki eragin die ile-apaindegiei. Nola ikusten duzu egoera berria?
Oraindik oso berria da eta ez daukat ziur esaterik zer gertatuko den, baina gure sektorean eragin handia izango du. Hiru hilabetero ogasunari ordaindu behar diodana izugarri igoko da, baina ordainketari aurre egiteko, ezin diot bezeroari %21eko igoera osoa aplikatu; gehiegizkoa izango litzateke. Aurrera jarraitu ahal izateko, ile-apaindegi askotako langileak lanik gabe geratuko direla iruditzen zait. Oso egoera tristea da; ondo ari gara lanean, baina gobernuak hartzen dituen erabakien ondorioz, gure lanagatik jasotzen dugun diru kopurua geroz eta txikiagoa da. Honek guztiak, beste ondorio bat ekarriko duela uste dut: geroz eta gehiago joko da BEZa deklaratu gabe lan egitera.

Zer diote bezeroek?
Gure prezioak pixka bat igo ditugu, nahiz eta igoera ez den %21ekoa izan. Jendeari azaltzen diozunean, ulertu egiten du. Badakite ez dela gure borondatez izan, eta ondo onartzen dute.

Ehorzketak

Xabier Lizarralde
Villabonako Funeraria
Vascongadako langilea

Zerbitzu hau %8tik %21era igo da. Irailaren 1a baino lehenago zein kostu zuen zerbitzuak? Eta orain?

Guk eskaintzen dugun zerbitzua 1.500? eta 3.000?-ren artean dabil. Eskatutako zerbitzuen arabera (kutxa, kotxea, prestaketa, gestioa, loreak…), prezioa igo edo jaitsi egiten da. Momentu honetan, BEZaren igoerarekin, zerbitzu berdinagatik 400-500? gehiago ordaindu behar da. Kasurik bereziena, ordea, bizi aseguruekin gertatzen da. Jende askok jada ordaindua du zerbitzu hau eta orain, BEZaren igoerarekin, ez dakit nola konponduko duten. Zerbitzu eskasagoa ezin dute eman, kontratua aurrez egina dagoelako, beraz, ez dakit nola eta non aurkituko duten oreka hori. 

Zure ustez, BEZaren igoerak  izango al du eraginik zerbitzuak kontratatzeko garaian?
Kasu gutxi batzuetan aurrekontua eskatzen da, baina  gehienetan ezustekoak izaten direnez, momentuan kontratatzen da zerbitzua. Krisia dela eta, nire ustez jendeak bi aldiz begiratuko du zein zerbitzu kontratatu. Halere, denetarik dago.

Kultura

Garbiñe Agirre
Andoaingo Udaleko
kultur teknikaria

Zenbateko eragina izan du BEZaren igoerak?

Oraindik ez daukagu fakturarik, beraz, ez dugu eragin horren berri. Halere, aurtengorako zehaztuta genituen hainbat fakturek, jada, gora egin dute. Liburutegiari dagokionez, liburuen BEZa %4an mantentzen denez, liburuak erosterako garaian ez digu batere eragingo.
Kulturaren kasuan, antzerkia eta dantza, esaterako, lehen ere enpresen bidez kontratatzen genituen eta horiek %18ko BEZa aplikatzen zuten. Kasu horretan, igoera hiru puntukoa izan da. Hala ere, igoeraren ondorioz, hemendik urte bukaerara arte ezingo dugu gehiago erosi.

Zinema sarrera bat, adibidez, zenbat garestitu da?
0,50? igo da sarrera bakoitza. Lehen 4,50? kostatzen zen zine sarrera normala eta orain, berriz, 5? izango da. Oraindik, Donostian baino merkeago. Andoainen, denbora luzea zeramaten zine sarrerek igoerarik jasan gabe eta jendeak jakin dezala, igoera horrekin ez dela kostu guztia ordaintzen, gainerakoa, zine enpresak hartzen duela beregain.

Kirola

Ana Goenaga
Amasa-Villabonako
Olaederra kiroldegiko gerentea

Ikastaroetan izena emateko garaian eraginik izan al du BEZak?

Oraindik ez dakigu. Izen-emateak orain hasi dira eta urrira arte ez dugu jakingo. Hala ere, kopurua ez dut uste asko aldatuko denik. Iazko gehienak izena emanda daude eta gutxi gora behera, kopuruari dagokionez, ez da asko aldatu. Hala ere, nire ustez, eraginik handiena bigarren hiruhilekoko ikastaroetan izango dugu. Izan ere, lehen hiruhilekoko ikastaroen kobrantza urria bukaeran egiten da eta akaso, jendea orduan botako da atzera.

BEZaren igoera dela eta bajarik egon al da?
Bajen berri ere, urrian jakingo dugu. Halere, prezioei dagokienez, pixkatxo bat igo dira. Irailaren 1a baino lehen, eskualdeko bazkide heldu batek hilero 20,45? ordaintzen zuen eta orain berriz, 22,90?.

Nola eman zaie herritarrei %8tik %21erako igoera horren berri?
Gauza handirik ez da egin. Kiroldegian BEZaren igoeraren berri ematen duten kartelak jarri ditugu eta Facebook-en ere publikatu dugu. Albistegietan nahikoa aditzera eman dela uste dut.

Kirola

Isabel Dumall
Asteasuko Usarrabi
kiroldegiko langilea

Ikastaroetan izena emateko garaian eraginik izan al du BEZak?

Izen-emateak oraindik zabalik daudenez, ez dakigu eragina zenbaterainokoa izango den. Hala ere, ikastaroen prezioak ez ezik, hauen denbora ere luzatu egin dugu. Hau da, ikastaroen prezioak garestitu egin dira, baina aldi berean, ikastaroak bi astez luzatu dira. Beraz, esan liteke, proportzioan, prezioz ez direla asko igo. Oreka hori mantendu egin da.

Ikasturte berrian BEZaren igoera dela eta bajarik egon al da?
Oraingoz behintzat, ez. Prezioei dagokienez, aurten abonuek 10?-ko igoera izan dute. Orain urte osoko abonuak 120? balio du Asteasun erroldatuta daudenentzat, eta 145? erroldatuta ez daudenentzat. Horrez gain, gazteek eta jubilatuek gutxiago ordaintzen dute.

Nola eman zaie herritarrei %8tik %21erako igoera horren berri?
Ez diegu zehazki igoeraren berri eman. Asteasuko biztanleei prezio berriekin osatutako liburuxka banatu zaie, eta kito!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!