Agenda 21 biziberritzeko plana

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ira. 19a, 11:16

Agenda 21eko ekintza planak bere bidea amaitu du Adunan eta dagoeneko, hasiak dira plan berria diseinatzeko prozesuarekin.  Edurne Simon ingurumen teknikariak eman ditu prozesuaren inguruko azalpenak.

Bost urteko bidea bete du aurreko ekintza planak: “Urtero urtero ebaluaketa bat egiten da ekintza planak daraman bidearen inguruan. Argi zegoen Adunan ez genuela ekintza planaren ezarpen maila %50-%60era iristea lortzen. Horren arrazoiak aztertuz, ondorio batera iritsi ginen; zenbait ekintza aurrera eramateko zailtasunak zeuden, oso diseinu orokorra zutelako. Hori horrela izanik, aurten ekintza planaren berrikuspena abian jartzea erabaki genuen”.

Diagnosiaren amaiera
Berrazterketa prozesu horrek fase ezberdinak ditu eta dagoeneko, lehen bi pausoak amaitzeko bidean daude: “Aurtengo udaberri aldera hasi ginen lanean. Prozesua bera nola egin erabaki, zein pauso emango ditugun, herritarren partaidetzarako jarri beharreko tresnak zehaztu..., horiek izan ziren egindako lehen lanak”.
Urri aldera amaituko dute prozesuaren bigarren pauso garrantzitsua: “Herriaren egoeraren diagnosia bukatzen ari gara. Etorkizunera begirako plangintza prestatu behar denean, ezinbestekoa da garapen iraunkorraren ikuspuntutik gure abiapuntua zein den ezagutzea, eta horretan ari gara; herriaren egoera ekonomikoa, gizarte arloko gaiak, ingurumenari begira kontuan hartu beharrekoak..., hainbat puntu dira aztertu beharrekoak”. Azterketa horiek amaituta, ondorio orokor batzuk atera eta Adunako ekintza planaren helburuak zehaztuko dira.

Helburu orokorrak
Urri amaiera inguruan hasiko dira helburu orokor horiek finkatzen. Hala azaldu du Edurne Simonek: “Ekintza plana diseinatzen hasteko aukera emango digu helburu orokorrak finkatzeak. Puntu honetan, Adunako herritarrek protagonismo berezia izango dute, herri batzarrak antolatuko baitira ekintza plana guztien artean prestatu ahal izateko. Ez dugu udaletxe barnean  modu teknikoan landutako ekintza plan soila nahi eta horretarako, hainbat bilera egingo dugu adunarrekin. Izadi 21 aholkularitza enpresa kontratatu du udaletxeak lan horiek egiteko”.

Lehen herri bilera, urrian
Urri hasierarako aurreikusi dute lehen herri bilera. “Udaletxean barne partaidetza bultzatzeko bilera bat egingo dugu aurretik, eta litekeena da urriaren 4rako lehen herri bilera deitzea. Oso garrantzitsua da bilera hauetan parte hartzea, eta herritarrak animatu nahi nituzke hurbil daitezen. Normalean bando bidez herritar guztiek izaten dute bileren berri eta aurreko bileretara etorri izan direnei telefono bidez zabaltzen zaie deialdi berrien inguruko berri. Hamabost bat pertsona etorri ohi dira eta herriko eragileak ere gonbidatuta egoten dira. Zenbat eta parte hartzaile gehiago, orduan eta aberatsagoa izango da prozesu guztia”.

Lanean hasita, jarraipena
Urte amaiera inguruan amaituko da ekintza planaren diseinua eta hortik aurrera, lanean hasteko garaia iritsiko da: “Hurrengo urtetik aurrera ekintza planaren edukia martxan jartzen hasiko gara. Plan horretan aurreikusitakoak ondo betetzen ari garen edo ez zehazteko, jarraipen estua egingo zaio. Funtsean, ebaluaketa egiteko bi modu daude; batetik, Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiak eskainitako laguntza planetan parte hartzen du Adunak, plangintzaren ezarpen maila ebaluatzen laguntzen duelako. Bestetik, badaude udalerriak gai ezberdinen inguruan dituen joerak azaltzen dituzten zenbait adierazle. Euskal Erkidegoan erabiltzen  dira, eta nahiz eta ez diren derrigorrez bete beharrekoak, ekintza planaren ezarpen maila azaltzeko baliagarriak direnez, eta Adunan erabili egiten ditugu: uraren kontsumoa, babestutako naturgunean, enplegu maila...”.

Bide luzea
Aurreko ekintza planak bost urteko bidea egin zuen Adunan, baina plan berriak epe luzeagoak aurreikusten ditu: “Ekintza planen indarraldi luzeagoak bultzatzen ari da Eusko Jaurlaritza. Oso herri gutxitan lortzen zen ekintza planaren %70a betetzea eta horregatik, bost urteko epe hori luzatzea erabaki dute. Modu horretan gauzatze maila hobetuko dela pentsa daiteke. Garapen iraunkorraz ari garenez, epe luzerako helburuak izaten ditugu eskuartean eta horregatik, zentzuzkoa izango da ekintza plan berria zortzi bat urterako diseinatzea”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!