Sagain mendi taldea, indarberrituta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ira. 19a, 11:14

Asteasuko Sagain mendi taldea orain sei urte inguru sortu bazen ere, iaz, geldialdi txiki bat egitea erabaki zuten taldekideek. Orain, ordea, berriz lehengoari ekiteko asmotan elkartzen hasi dira. Martin Roteta, Txomin Isuntza eta Mikel Maizek eman dute honen guztiaren berri.

Orain sei urte, zer aterako zen jakin gabe, herrian mendizaletasuna bultzatzeko asmoarekin sortu zen Sagain mendi taldea. Hasieran, 7-8 lagun bildu eta ekintzak martxan jartzen  hasi ziren. “Jendea mendira bere kasa, bakarrik joaten zela ikusten genuen. Gure helburua, denak elkarrekin batzea izan zen; jendea mendiaren mundura gerturatzea”, adierazi dute. Hasiera hartan ibilaldiak inguruko mendietara antolatzen hasi baziren ere, pixkanaka, zabalduz joan ziren; Pirinioetara eta Euskal Herriko mendietara egin zituzten hainbat ibilaldi, baita zenbait asteburu pasa ere.

Lehen urratsak
Taldea sortu eta bost urtetara geldialdia etorri zen: “Taldea 2006an sortu zen arren, bi urtetan lau pertsona bakarrik aritu ginen lanean. Guk ekintzak antolatzen genituen baina ez genuen jendearen erantzunik ikusten. Horri aurre egiteko konponbidea zein zen ere ez genekienez, geldialdia egitea erabaki genuen, haize berriak noiz iritsiko zain”. Orain, berriz ere bileratan elkartzen hasi dira eta plan berriak ere badituzte mahai gainean: “Lagun batek Baionatik Bilbora zeharkaldia egiteko asmoa zuela adierazi zuen irailaren 5ean egin genuen bileran. Denok esku batetik  heldu, eta orain, hori antolatzen gabiltza”, esan dute.
Geldialdiaren ondoren, indarberrituta dator Sagain: “Haize berria, jende berria etorri da eta gogoa eta dinamika sortu da. Egia esan, helburu handirik ez daukagu. Paregabea litzateke hogei lagun elkartu eta mendian disfrutatuz, lasai paseatzea”. Horrez gain, bailarako jendearen interesa ere nabarmendu dute: “Inguruko jendearekin ere harremanetan jartzeko asmoa dugu; hainbatek bere interesa adierazi duelako. Gure deialdiak irekiak dira, eta edozein etor daiteke bileratara zein irteeretara, inongo konpromisorik gabe gainera. Gu lagun talde bat gara eta bilerak erabat irekiak dira”.

Baionatik Bilbora
Proiektuen artean, Baionatik Bilborako zeharkaldia dute esku artean Sagain taldekoek. 225 kilometroko ibilaldi hau hamahiru etapatan egiteko asmoa dute: “Etapak libreak izango dira, ez dago zeharkaldi osoa zertan egin. Ibilaldiak bi hilez behin egingo ditugu gutxi gora-behera, eta ziur asko, larunbat goizetan. Euskal Herriko kostaldea ekialdetik mendebaldera zeharkatuko dugu, eta guk jendea parte hartzera animatzen dugu. Ibilaldi gehienak sei ordu ingurukoak dira eta ez dute zailtasun handirik, errazak dira. Zeharkaldi honek Euskal Herriko erliebearen desberdintasunez jabetzeko balio du”. Lehenengo ibilaldia urriaren 20an egingo dute, Baionatik Donibane-Lohitzunera: “Hogeita zortzi kilometro inguruko etapa izango da, sei ordukoa, gutxi gora-behera. Inongo zailtasunik ez duenez, berriro diogu, jendea parte hartzera animatzen dugu”.
Hala ere, Sagain taldekoek ez dute proiektu honetara soilik mugatu nahi: “Zeharkaldi honetako etapak bi hilez behin egingo ditugunez, tartean beste proiektu batzuk egiteko asmoa dugu: mendi astea, esaterako, berehala dator”. Hau guztia hobeto zehazteko, datorren urriaren 3an, arratsaldeko 19:00etan, bilera egingo dute kultur etxean.

Baionatik Bilbora hamahiru etapatan
1.    Baiona-Donibane Lohitzune
2.    Donibane Lohitzune-Hondarribia
3.    Hondarribia-Pasaia
4.     Pasaia-Donostia
5.     Donostia-Zarautz
6.     Zarautz-Deba
7.     Deba-Lekeitio
8.    Lekeitio-Elantxobe
9.     Elantxobe-Gernika
10.     Gernika-Bakio
11.     Bakio-Plentzia
12.     Plentzia-Zubi eskegia
13.     Zubi eskegia-Cobaron
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!