Joxe Iraola, herri kiroletan trebatutako goiburuarra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ira. 19a, 11:11

Joxe Iraola Goiburuko auzotarrak herri kiroletan ibilbide aipagarria dauka. Auzo jaietan plazan jarri diren bi harritzar mitikoei buruz berak hitz egin dezake beste inork baino eskarmentu gehiagorekin.

Historia kontagarri bana daukaten bi harritzar jarri ditu Burdina elkarteak Goiburu auzoko plazan, denon bistan, San Esteban jaietan. Harrigorria da bata, auzoko abeltzainen haziendadun ermandadeak erabiltzen zuena ganaduaren indarrak neurtzeko. Losakia bestea, zenbait baserritarrek euren idiak trebatzeko apustuei begira zeukatena. Batik bat azken horren historia arakatzen hasita, agerian geratu da Andoainek XX. mendean herri kiroletan eduki duen zaleturik handienetako bat: Jose Iraola Urtxuegia Xixo, Elizondo baserrikoa.  
Izan ere, ia denetik egindakoa da Iraola herri kiroletan. Hori bai, dohain fisikoak erruz izan arren, kirolak probatu eta berehala utzi zituen, zenbait arrazo burutsu zirela medio.
Hamalau urte besterik ez zituela, 1947an, bere lehenbiziko norgehiagoka jokatu zuen: “San Estebango jaiak ziren. Txurikadi (Mujika) eta biok orduan nabarmentzen hasi zen Patxi Irizarren aurka egin genuen saioa, plazari bueltak eman eta eman. Gu baino hobea zen askogatik, baina aisa irabazi genion, txanda librean aritu baikinen”.
Korrikalarien paperean, beste txanda batean jardun zuen hurrengo urteetako jaien barruan. “Urte haietan apenas zegoen dirurik kanpotik inor ekarri eta jaietan ezer itxurakorik eskaintzeko, eta gazteak hartzen gintuzten festa eta animazioa pizteko; behin lau gazte jarri gintuzten korrika desafioan, bi-bien aurka: Txurikadi (Mujika), Merdillegi (Arruabarrena), Zinko Borda (Zipitria) eta laurok. A ze giroa han sortu zena”.
Harri jasotzaile gisa ere estreinatu zen, 19 urte zituela. “Santa Krutzetan 20 urte azpikoentzat txapelketa antolatu zuten 1952an. Bi harri zilindro jarri zituzten: zazpi arrobakoa (88 k.) eta zortzi arrobakoa (100 k.) Aurretik, Azpikolako zerratokian utzi zituzten nahi zuenak indarrak proba zitzan; makina bat gaztek izena eman eta gerturatu zen hara”. Joxe Iraolak ere ezin izan zion eutsi tentaldiari; “Opua lantegian aritzen nintzen lanean, eta behin, gaueko erreleboan sartu aurretik neuk ere harriari heldu nion. Zerrategiko nagusiak harri altxatzen ikusi orduko zera esan zidan: “Hik hainbat indar duen mutilik ez duk etorri hona!”. Egia esan, besoetan egundoko indarra neukan; hori bai, teknikarik bat ere ez!”.
Izena askok eman arren, gutxi batzuen kontua izan zen lehiaketa; “zerrategian, nork zenbat indar zeukan argi ikusten zen, eta horrela, askok atzera egin zuten plazan lotsa pasa nahi ez eta. Azkenean, hiruk neurtu genituen indarrak: Jesus Penadik, Jesus Mari Leizaga Ubillutsek eta neronek. Benetako lehia Leizaga eta bion artean gertatu zen: berdindu egin genuen eta hurrengo iganderako atzeratu zuten finala. Txanda hartan, zazpi arrobakoa 20 alditan jaso zuen hark eta 23tan nik, bi minutuko epean.     
Andoaingo txapeldunaren kopaz gain, hiru kamiseta odoleztaturekin itzuli zen etxera. “Oraingo harrijasotzaileen aldean, orduan ez zegoen ez txalekorik, ezta bestelako babesik ere!”.  
Handik hilabetera, Sanjoan jaietako egitarauko ikuskizunik erakargarriena bailitzan aurkeztu zuten; garai hartan indar kontuetan punta-puntan zebilen herriko beste gaztea, Rafael Areizaga Perikotei, eta Iraola, nor baino nor gehiago. “Irabazle atera nintzen Goikoplazan ere; sei minutuko denboran, Rafaelek 46 aldiz altxa zuen 100 kiloko harria eta neuk, 48 aldiz”. Andoaingo zaletuek egundoko itxaropena jarri zuten Iraolarengan, urrun iritsi zitekeen herri-kirolari izango zelakoan. Sorabillan eta beste zenbait tokitan erakustaldiak egin zituen. Laster, ordea, eten egin zuen harrijasotzaile gisa hartutako bidea.

Zergatik utzi?
Herri kirolek bere tokia eta ospea zuten gizarte hartan, ez zen erraz ulertu Iraolak planto egitea. “Sasoi betean nengoen 19 urterekin; 90 kilo pisatzen nuen, mutil liraina nengoen eta 100 kiloko harria luma bezain erraz altxatzen nuen. Zaletasun ikaragarria neukan, baina hartatik etorkizunik ez zegoela pentsatu, eta dena utzi nuen”.
Egoera ekonomiko kaskarra aipatu du lehenengo eta behin. “Publikoaren txaloekin egindako kontuek ez dute jaten ematen, eta orduan pixka bat jateko ere ez genuen dirurik; txuleta koskor batek 30 pezeta balio baitzuen! Ondo ibiltzeko asko entrenatu, asko zaindu eta ondo jan behar zen, eta etxeko familiaren egoerak ez zuen horretarako ematen inondik ere”.  
Herri kirolen baitan sortzen ziren trikimainek ere atzera eragiten zioten. “Elkarren eskutik zetozen herri kirolen eta apustuen munduan, hamarretik bederatzitan, amarruak izaten zirela ikusten nuen”.  
Familiarekiko lotura hori zertan zetzan zehazteko eskatuta, baserriarekiko ardura aipatu du berehala: “Gu baserrian jaioak ginen, geure denbora guztian baserrian hazi eta heziak ginen, eta hark markatzen zituen arauetara ohitutakoak ginen. Zazpi senide ginen, anaia eta bi arreba nituen zaharragoak; anaia hori Iberdueroko langilea zen, eta lan istripuz hil zen argi indarrak jota, 24 urte zituela. Arrebak ere ezkondu egin ziren, eta neroni geratu nintzen baserriaren kargu. Herri kiroletan serio hastekotan, baserria abandonatu egin behar nuen...”.
Lagun batek behin emandako aholkuak ere zer pentsatua eman zion: “Ez haiz hobeena izatera ailegatuko, eta erdipurdian dabilenarentzat etziok ezer!”.
Bere kirolerako dohainak ikusita, hala ere, hainbat tokietatik heldu zitzaizkion eskaintzak garai hartan: “Aizkoran aritzeko tentatu ninduten, baso lanetara joan eta zailduko nintzela aginduz. Oriotik ere eskaintza polita egin zidaten, arraunlari gisa jarduteko, hango zerrategian lan eginez. Trontzan ere probatu nuen eta nahiko erraz egiten nuen. Denei erantzun nien ezetz”.  

Apustutara itzuli
Handik urte batzuetara, ordea, jada Maria Iraolarekin ezkonduta eta seme-alabak zituela, norgehiagokarako harra piztu zitzaion berriro. 1971ean izan zen hori, 38 urterekin. “Zaldi bikaina geneukan baserriko lanetarako, eta harekin hasi nintzen plazetan, apustuak eta erakustaldiak eginez. Goiburuko pilotalekuaren atzealdean egon ohi zen probarri hori, orain plazan ikusgai jarri dutena alegia, erabiltzen nuen entrenatzeko. Ez da mila kilora iristen, baina nahikoa izaten nuen 24 metroko plazan zaldia hara eta hona ibiltzeko jo ta  ke”.
Harri hari egundoko estimazioa eduki dio beti Iraolak. “Goiburun Jainkoak hainbat urte dituela iruditzen zait niri, frontoiaren atzealdean beti. Hori bai, harekin, Istuitzako behi handia beste inor ez nuen ikusi serio entrenatzen. Bestelakoan, baziren euren idia hartuta goizeko ordu txikietan animatzen zirenak , erdi mozkortuta zeudenean”.
Denera hiru apustu egin zituen zaldiarekin. “Lehena Villabonan izan zen, 1.500 kiloko harriarekin, orain Amasan dagoena. Bi zaldi harri-deman, Asteasukoa eta gurea. Aisa irabazi genuen. Ondoren, Tolosan beste bi apustu jokatu genituen zezen plazan. Bata, Andoaingo autobus-gidari baten eta bere motoaren aurka; 1.000 kiloko harri hutsa genuen orduan. Motoak 23 plaza egin zituen, eta gureak zertxobait gehixeago, nahiz eta 40 egiteko ere talentua eduki”.   
Tolosako bigarren apustua idi baten aurka izan zen; harentzat abantaila, zaldiak bederatzi arroba gehiago mugitu behar baitzituen; txanda hartan, galdu egin zuen.      
Orduan galdu arren, zera aitortzen du Iraolak: “Harrokeriarik gabe esan dezaket aise ibiltzen nuela zaldia. Garai hartan idiak eta behiak ikusten ziren ugari plazetan, baina nekez gurea bezain erraz!”.
Bolada batean, hara eta hona ibili zen herriz herri erakustaldiak eginez. “Gure asmoa apusturen bat sortzea zen, baina jada zaldiaren indarra nahikoa ezagutzen zen bazterretan, eta inork ez zuen jokatu nahi izaten. Gauzak horrela, zaldia Aian saldu genuen, hura elikatzeak eta zaintzeak kostu handia eragiten zigulako”.
Joxe Iraola Itasa lantegitik aspaldi erretiratu bazen ere, badira bi urte baserriko lanak utzi zituela. 79 urte ditu orain, eta plazan dauden bi harritzarrak ikusten dituen aldiro, herri kirolei eta apustuei loturiko makina bat oroitzapen pizten zaio.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!