Euskal Egiptologiarekin jolasean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ira. 19a, 11:08

Karlos Almorza Arrietak, urteetan egiptoera aztertzen aritu ondoren, hizkuntza hau ezagutzeko mahai joko bat asmatu du, ‘Egiptoar hieroglifoen sekretua? Nik ezagutzen dut hieroglifoen sekretua’ izenekoa.

Parisko Louvre museoan, 18 urte zituela, ustekabean Egiptologiako aretoan sartu zenean jabetu zen Karlos egiptoar hieroglifoen mundua ezagutu nahi zuela. “Izeba bisitatzera joan nintzen Parisera eta egun batean neroni bakarrik gerturatu nintzen Louvre museora. Txundituta geratu nintzen hainbesterainoko edertasunaren aurrean eta ia oharkabean sartu nintzen Egiptologiako aretora. Bakar-bakarrik egon nintzen gela hartan eta buelta eman nuenean, hieroglifoz betetako pareta ikusi nuen. Oso momentu garrantzitsua izan zen nire bizitzan, orduantxe erabaki bainuen, –aukera izanez gero behintzat–, egiptoar hieroglifoak irakurtzen eta idazten ikasi nahi nuela”. Hogeita bi urte geroago, espetxean bete zuen bere ametsa: “Kartzelan nengoela historia karrera ikasten hasi nintzen eta lizentziatura bukatzerakoan, Parisen hieroglifoak irakurtzen eta idazten ikasteko zentroa zegoela jakin nuen. Han matrikulatu eta ariketaz betetako liburu bat bidali zidaten. Aukera ezin hobea izan zen niretzat eta hiru urteko kurtsoa urte eta erdian egin nuen, atsedenik hartu gabe”. Ikasten hasi zen unetik beretik hieroglifoen munduak izugarri erakarri zuen, zeharo harrapatzeraino; bere ustez, “gurutzegrama onak egitearen parekoa da hieroglifoei esanahia aurkitzea”. Ez du ulertzen nola latinak edo grekoak gainerako kulturengan izan duten eragin eta indarraren aurrean, zergatik egiptologiak ez duen pisu gehiagorik izan. Harrigarria gertatzen zaio, esaterako, Euskal Herriko unibertsitateetan Egiptologiari buruzko ikasketarik ez eskaintzea; “euskal kulturan ere ona izango litzateke Egiptologia ezagutzea. Ez daukat dudarik gai hau aztertzea denontzat aberasgarri litzatekeela”.

Ezagutzatik jolasera
Horixe zioen Karlos Almorzak, orain ia bi urte, etxe honetan bertan egindako elkarrizketan. Gaur, ordea, haratago joan eta euskara eta egiptoerarekin jolas egiteko mahai joko bat asmatu du: “Orain bi urte, Andoaingo Aita Larramendi ikastolarako lan bat egiteko aukera sortu zitzaidan. Nire iloba Iñakiren bidez, irakasle batek Egiptologiari buruz ikastolan erakusteko zer edo zer ba ote nuen galdetu zidan. Aurten, ikasturtea amaitzear zegoela nire iloba Itziarri beste irakasle batek, Marian Lekuonak, gauza bera esan zionez, joko eta lan hauek erakustea erabaki nuen. Datorren urtean Andoaingo ikastolak 50 urte beteko ditu eta, ni ere aurreneko taldean ibili nintzenez, ospakizun horretarako egitea pentsatu nuen; baina gauza batzuk  aldatu eta, azkenean, Andoaingo Kilometroak 2012rako egitea erabaki dut”.
Karlos Almorzaren iritziz, egiptoarren kulturaren aztarnak soilik ezagutzen ditugun arren, izugarriak dira: “Nik idazkera ede, eta, ziur asko, munduan izan den estetikoenari buruz esaten dudana oso ideia sinple batean oinarrituta dago: idazkera hau idazten eta irakurtzen diren, eta idazten eta irakurtzen ez diren hieroglifikoez osatua dago”. Antzinako Egiptoko zibilizazioaren emaitza izanik, idazkera honek izugarrizko originaltasuna du Karlosen ustez. Marrazkiekin idazten zuten, eta gaur egun horrela ikus daiteke ezagutzen diren 6.700 hieroglifikoetan. Hori horrela izanik, asmatu berri duen mahai joko honen bidez, Karlosen helburua ikastolako haurrek kultura honen gainean gehiago jakitea da: “Joko honek Egiptoko kultura eta egiptoera bera ezagutzeko mila aukera ematen ditu. Nire ustez, gizartean idazkerak izan dezakeen indarra baloratzeko ere balio du. Izan ere, idazkera hau Egiptoko boterearen tresna izan  zen”.

Jokoaren nondik norakoak
Beste modu batean aurkezteko ideia zuen arren, eskatuta zeukan beka bat eman ez ziotenez, argazkian ikus daitekeen eran plazaratu du. Mahai jokoa 11 eta 15 urte bitarteko umeei zuzendua dago eta Karlosek adierazi duenez, lehenik eta behin, oinarrizkoena ikasi beharra dago: “Idazten diren eta irakurtzen diren, eta idazten diren eta irakurtzen ez diren hieroglifikoz osatuta dagoen  idazkera da. Hau da aurreneko lezioa, honek utziko ditu Egiptologiako ate nagusi eta onenean. Edozein obelisko, tenplu, papiro… baten aurrean jartzen direnean beti pentsatuko dute ezaugarri honetan”. Hori horrela, irakurtzen diren irudiak beltzez margotu ditu eta irakurtzen ez diren horiek desberdintzeko kolore gorri eta berdeak erabili ditu Karlosek: “Berdez identifikatu ditut determinatzaileak eta gorriz laguntzaile fonetikoak. Determinatzaileak egiptoar hitzen bukaera zehazteko erabiltzen dira eta laguntzaile fonetikoak, berriz, bi letraz edo hiru letraz osatutako zeinuak laguntzeko erabiltzen dira”.  Jokoa 60 kuboz osatua dago, bakoitzak sei irudi biltzen dituelarik. Irudi horiekin euskarazko hitzak osatu beharko dituzte erabiltzaileek. “Helburua euskal hitzak idaztea da, baina Antzinako Egiptoko eskribek egiten zuten bezalaxe. Irudi hauen bidez, euskarazko 90.000 hitz baino gehiago idatzi daitezke, beraz, egiptoera ez ezik, euskara ikasteko ere joko paregabea dela uste dut”. Antzinako Egiptoko idazkeran kontsonanteak bakarrik erabiltzen bazituzten ere, Karlosek jokoan kontsonanteak eta bokalak erabili ditu: “Helburua, haien logika bera erabiltzea da”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!