Aurten ere, egur festa Larraulen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ira. 19a, 11:07

Motozerra eta aizkora hotsak nagusituko dira Larraulen urriaren 6an. Azken urteetan egin duten bezala, etxerako su-egurra auzolanean prestatuko dute haur parkearen alboan.

Herrian festa giroa zabaltzeko aitzakia polita da su-egurrarena. Aitor Atxega larrauldarra da ekimenaren bultzatzaileetakoa: “Egurra enborretan ekarri eta auzolanean prestatzen dugu. Motozerrak moztu, aizkorarekin pitzatu, pilak egin, eta zozketa bidez banatu. Hori guztia, ordea, herrian festa pixka bat jartzeko aitzakia da. Ez dugu egiten inork egurra lortzeko arazorik izan dezakeelako, elkarrekin egon eta giro ederra sortzeko aukera ematen digulako baizik”.

Zerrenda, Herri Ostatuan
Herriko zenbait txokotan jarritako kartelen bidez zabaltzen dute ekimenaren inguruko berri: “Hirugarren urtea izanik, larrauldarrek badakite zein garaitan egiten den eta adi egoten dira. Kartel bidez deialdia egiten dugu eta Herri Ostatuan jartzen dugu izena eman ahal izateko zerrenda. Aurten ez dakit zenbat jende animatuko den, baina aurreko urteetakoa ikusirik, hamazazpi bat izan gaitezkeela iruditzen zait”.
Lizarrustiko egurra ekarriko dute aurtengoan ere: “Amezketako enpresa bati egiten digu eskaera eta Lizarrustitik ekartzen du egurra. Pago egurra izaten da urtero, kalitate onekoa. Aurten, gainera, iaz baino prezio merkexeagoan jasoko dugu. Izena ematen duen bakoitzak tona bat egur eraman ahal izango du etxera, eta 45 euroko prezioa ordainduko du”.

Iaz, lan-saio luzea
Iazko auzolana gogoan hartuta, bero zakarra aipatu du Aitorrek: “Bero handiko egunak izan ziren eta gainera, guk uste baino gehiago luzatu zitzaizkigun lanak. Parte hartzaile gehienak ez gara mota horretako lanetan arituak eta eskarmentu falta horrek, bere eragina izan zuen iaz. Kamustu egin zitzaizkigun motozerrak eta denbora asko behar izan genuen egurra txikitzeko. Azkenean, ia asteburu osoa eman genuen horretan. Hori kontuan hartuta, aurten zenbait laguntzaile izango dugu. Motozerrarekin lan egiten ohituta dauden larrauldar eta asteasuar lagun batzuk izango ditugu alboan, lan horietan laguntzeko”.

Larunbatean, lanak amaituta
Ostiral arratsaldean ekarriko dute egurra eta kamioia deskargatuta, enborrak mozten hasiko dira arratsaldean bertan. Larunbata goizean berriz, egurra pitzatu eta pilak prestatzen hasiko dira. Elkarrekin bazkaldu ondoren, arratsaldean lanak errematatu eta Herri Ostatuan lasai afaltzeko moduan izango direla uste du Aitorrek.
Egurra auzolanean prestatzeko ekimena ez da soilik larrauldarrei zuzendutakoa: “Ez da deialdi itxia, beste herriren bateko norbait interesatuta balego, izena eman besterik ez du. Hori bai, argi izan behar du gure helburu nagusia herrian festa pixka bat jartzea dela. Musika, parrilla, lagunarteko giroa..., hori da auzolanaren funtsa”.

Laguntzeko aukera
Egurra erosi ez, baino laguntzera edo jaian parte hartzera hurbildu nahi dutenek ere, zabalik izango dituzte ateak: “Iaz izan genuen izerdi pixka bat atera eta laguntzera hurbildu nahi izan zuenik. Festa giroan murgildu eta ikusmiran etorri zenik ere izan zen. Esan beharrik ez dago gustura hartzen ditugula guztiak ere”.

Kultur astea
Laster hasiko dira kultur astea prestatzeko lehen bilerak ere. “Oraindik ez dago gauza handiegirik zehaztuta, baina baditugu zenbait ideia eskuartean. Badirudi azken urteotan bere tokia hartu duten argazki bilketa eta talo dastaketak bere tokia izango dutela aurtengoan ere. Nolanahi ere, pixkanaka zehazten joango gara herri bileretan”, azaldu du Aitorrek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!