Elbarrenan, irailean ere jai giroan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ira. 19a, 11:03

Uda giro bete-betean ospatu dituzte aurten zizurkildarrek Elbarrenako jaiak. Irailaren 5ean hasi eta 10era arte egitaraua pil-pilean gozatzeko aukera izan zuten.

Jaiak osasuntsu hasteko, Kros mistoa ospatu zuten. Aurten, bosgarren edizioa bete du krosak eta guztira 46 bikotek hartu zuten parte, 5 kilometrotako ibilbidea osatuz. Lehenengo postuan Aitziber eta Oier Ibarbia anai arrebak geratu ziren. Bigarrenean, berriz, Dani El Oikili eta Eneritz Seinek osatutako bikotea, eta podiuma Nerea Amilibia eta Joxe Mari Etxeberriak osatu zuten. Helduen aurretik haurrek egin zuten saioan berrogeita hemeretzi korrikalarik hartu zuten parte.
Krosaren ondoren, Oporretan Euskarazeko haur eta begiraleek txupinazoa bota zuten. Zizurkilgo jaietarako sortutako abestiarekin dantza egin zuten eta ondoren, pregoia irakurri zuten plaza bete ikusleren aurrean. Horrela, bada, zizurkildarrek festari ekin zioten. Gauean, herri afariaren ondoren, bigarren urtez, danborrada ospatu zen. Iazko moduan, jende andana ibili zen danborra joaz Zizurkilgo kaleetan zehar eta ondoren, eztarriak berotu eta urteroko karaoke arrakastatsuan kantari ibili ziren.
Irailaren 6an jubilatuei zuzendutako ekitaldiek bete zuten egitaraua neurri handi batean. Arratsaldean, berriz, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak plaza jendez lepo bete zuten. Ondoren, herritarrek herria kantuz alaitu zuten hainbat musikariren laguntzaz.
Irailaren 7rako, ostiralerako, 3x3 saskibaloi txapelketako finala programatuta zegoen arren, aurrez jokatu zuten, eta koadrilen sailkapena horrela geratu zen: lehenengo postuan Ambizi, bigarrenean Patrikanzulo eta hirugarrenean Emaiok. Eguerdian gazte bazkaria ospatu zuten eta ondoren, jolasak egin zituzten. Festak aurrera jarraitu ahala, batukada soinuz bete zen herria. Zozongo taldeak izugarrizko giroa sortu zuen. Gauean, kontzertuen txanda izan zen.

Asteburu betea
Larunbatean,  balkoirik ederrenak saritu zituzten. Horrela, lore apainketako lehen sariduna Pili Antolin izan zen. Bigarren eta hirugarren postuan, berriz, Pepita Yarza eta Izaskun Galparsoro geratu ziren hurrenez hurren. Eguerdian, herri bazkaria ospatu zen plazan eta arratsaldean, ohiko blusen arteko pentatloiari ekin zioten. Lehen postuan Auskalo koadrila geratu zen eta bigarrenean, berriz, Iñurriak, Biziak eta Ikusikok koadrilak, berdinketa hirukoitza sortuz. Gauean, mozorroak jantzi eta Laiotz taldearekin dantzatzeko aukera izan zuten Zizurkilera gerturatutakoek.
Biharamunean, herriko haurren euskal dantza ikuskizuna eta IV. Mus txapelketa ospatu ziren. Arratsaldean, lehen aldiz, herritarrek Larrain dantza dantzatu zuten eta parte hartzea handia izan zen; haur eta heldu, borobil handi batean bilduta aritu ziren dantzan. Astelehen goiza haurrei zuzendutako ekintzek bete zuten eta festei amaiera bertsolarien emanaldiarekin eman zitzaien.

Armarri hautagaiak erakusketan
Zizurkilgo armarriaren aldaketa dela eta, hainbat herritarrek eta udal ordezkariek osatutako taldeak armarri berrien proposamenak biltzen zituen erakusketa bat antolatu zuten Zizurkil Goiko zein Elbarrenako jaietan. Zizurkilgo zenbait lagunek egindako hamar proposamen jarri ziren erakusgai, herritarren iruzkinak jaso asmoz. Egindako bi erakusketetan, 200 iruzkinetik gora jaso dira. Iraila amaieran iritzi guztiak bildu eta irakurri egingo dituzte eta azken txanpan sartuko da armarriaren prozesua. Armarri berria lantzen ari den taldeko partaideak oso pozik agertu dira herritarren parte hartzearekin. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!