Andoaingo gudua gertatu zenetik 175 urte beteko dira ostiral honetan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ira. 14a, 12:38

1837ko irailaren 14an gudu ikaragarria eman zen Andoaingo kaleetan barrena eta eskualdean; ostiral honetan beteko dira 175 urte.

1837ko irailaren 14an, 500 hildako inguru utzi zuen gudu ikaragarria eman zen Andoaingo kaleetan barrena eta eskualdean, eta ostiral honetan beteko dira, hain zuzen ere, 175 urte.
Lehenengo gerra karlistaren laugarren urtea aurrera zihoala gertatu zen borroka, O’Donell jeneralak zuzentzen zituen gudaroste liberalen eta Uranga jeneralak zuzentzen zituen gudaroste karlisten artean.

Aipatu 500 hildakoez gain, Andoaingo herrian txikizio handia izan zen, 65 baserritik gora erre baitzituzten aurreko eta ondorengo egunetan. Baina txikizioa erabatekoa izan zen Urnieta herrian, zeina guztiz suntsituta gelditu baitzen, bost etxe eta eliza izan ezik ez zen onik ezer atera, horietan ere kalte nabarmenak izan ziren arren.
Irailaren 14an izan zen karlista eta liberalen arteko borroka nagusia, Andoaingo kaleetan eta inguruetan, eta gaur egun ezinezko iruditzen zaigun arren, 11.000 gizon inguruk parte hartu zuen borroka haietan. O’Donell jeneral liberalak 7.500 gizon inguru ekarri zituen egun gutxi batzuk lehenago Andoainera, Donostia eta Astigarraga aldetik karlisten aurkako erasoa eginda. Gudaroste liberalean, Espainiako soldaduekin batera Erresuma Batuko soldaduak ere baziren (ingelesak, irlandarrak, eskoziarrak...) bertatik gudaroste txiki bat bidali baitzuten Isabel IIaren alde borroka egitera, eta jadanik asko itzulita zeuden arren Erresuma Batura, brigada bat Donostian eta Hernanin geratua zen. Gudaroste liberalaren erasoak karlistak ezustean harrapaturik, Andoainera irailaren 8an iritsi zen, baina bere bidean aurrera egin ahala, Urnietako Lategi eta Goiburu auzotan eta Andoaingo Buruntza eta Leizotz aldean baserri ugari lapurtu, erre eta suntsitu zuten –denetara 140 bat– eta bertako herritarrek ihesari eman zioten karlisten lerroen atzean babesa hartuz Andoainen Oria ibaiaz bestaldera. Liberalak Andoainera iritsi eta herri osoan barrena zabaldu ziren, kanpaleku nagusia Goikoplazan kokatuz.
Karlistek une hartan Euskal Herrian zuten kapitain gorena Uranga jenerala zen, eta liberalak Oria eta Leitzaran ibaietaraino iritsi zirela jakin orduko, Nafarro inguruan une hartan har zitzakeen bi batailoi hartu –gudaroste karlista nagusia Espainia aldera joana baitzen borroka egitera Karlos erregea bera buru– eta Andoain aldera etorri zen, Gipuzkoan zeuden indar karlistekin –lau bat batailoi– bat egiteko. Andoain eta inguruak ikuskatu ondoren, karlistek lehenik eta behin jakin ahal izan zuten bere indarrak halako bi zirela Andoainen zeuden liberalak, artilleriaz ongi hornituak, eta herriaren goi aldean baitzeuden oso zaila izango zela Oria eta Leitzaran gurutzatu eta haiei gaina hartzea.
Baina Andoaingo plaza galtzea asko galtzea zen karlistentzat eta buruzagi militarrek kosta ahala kosta liberalen kontrako erasoa jotzea erabaki zuten, kopuruz karlistak erdiak izan arren eta artilleriaz ez hain oparo hornituak. Kontraerasoa jotzeko egun berezia aukeratu zuten: irailaren 14a, Gurutze Santua goratzeko eguna, elizaren egutegiak maiatzaren 3an Gurutze Santu eguna ospatzen duen bezalaxe, irailaren 14an Gurutze Santua “goratzeko” eguna ospatzen baitu. Karlistek erasoa jotzeko abantailarik batere ez zutenez, erasoan liberalak engainatzen ahalegintzera deliberatu ziren, horretarako amarru hauxe prestatuz: egunsentiak argitu ahala Sorabillan eta Goiburuko Itsaso baserrian zuten artilleria sutan jartzearekin batera, karlistek bost konpainia bidali zituzten Oria ibaia Lasarte inguruan zeharkatuz, Buruntzan gora Azkorte eta Otsotegin barrena Andoain aldera sartzeko. O’Donellek eraso nagusia handik etorriko zelako susmoa hartu zuen eta bere indar nagusiak harantz bidali zituen lehen eraso hari aurre egitera. Baina Goiburun barrena jaitsita, karlistek bigarren erasoa egin zuten Leitzaran ibaia zeharkatuz Unanibia inguruan eta Atxularretik joz, eta oraingoan O’Donell-ek Gerona Errejimenduko infanteria bidali zuen karlisten erasoa eustea, baita haiek atzera eginaraztea lortu ere. Bien bitartean, herriaren erdigunean, Zumean, soldadu irlandarrek Gurutze Santuaren zubia eta inguruak zaintzen zituzten. Leitzaranen karlistak Atxular aldera bota ondoren, ordea, O’Donellek, inork garbi ez dakielarik zergatik, hain suhar borroka egin zuen Geronako Errejimendua tokiz aldatu eta Buruntza aldera bidali zuen, haren ordez Printzesaren errejimendukoak kokatuz Leitzaranen.

Eraso nagusia Gurutze Santuan
Aldaketa hori ikusita, Urangak, Leitzarandik bigarren eraso bat egin eta, aldi berean, Zumean barrena erasorik zailena egitea agindu zuen, Gurutze Santuaren zubia eta Oria ibaia zeharkatuz. Gurutze Santuaren zubiko erasoan Gipuzkoako 5. batailoiak parte hartu zuen, txapeltxuriena, karlistek zuten gudarosterik zaildu eta gogorrena, eta haiei aurre egiteaz lehen lerroan irlandarrak arduratu ziren. Bortxa handiz txapeltxuriak zubian aurrera egin eta borroka bete-betean zeudela, irlandarrak Leitzaran aldetik Printzesaren Errejimenduko soldatu liberalak ihes larrian zetozela jabetu ziren, zein baino zein bizkorrago, karlistek bigarren erasoan lan handirik gabe horien lerroak hautsi ondoren. Soldadu liberalak ihesi eta beraiek zubian buruz buruko borrokan berea galduta ikusirik, irlandarrak atzera egiten hasi ziren, Kale Nagusian barrena, karlistek gero eta gogorrago oldartzen zitzaizkielarik.
Behin karlistek zubia igarota, ez zegoen haiek geldituko zituenik eta, azkenean, irlandarrak korrika arinean hasi ziren karlistek tiroz eta baionetaz atzetik xaxatzen zituzten bitartean. Goikoplaza aldera jo zuten, bidean ziren eskoziarrek ere ezer gutxi egin ahal izan zuten karlisten oldarraldiari aurre egiteko, eta liberalen artean ihesa orokorra egin zen. Karlistek baina ez zuten aurrera egin bakarrik; atzetik, suminduta, aurreko egunetako erasoan baserria guztiz galdu zuen herritar ugari zuten mendeku eske, eta horiek ere Goikoplaza aldera egin zuten, bidean ahal zuten neurrian borrokan parte hartuz.

Goikoplazan sarraskia
Goikoplazan, soldadu irlandar, eskoziar eta ingeles mordoxkak San Martin elizaren babesera jo zuen, bertan bizitza salbatuko zutelakoan. Baina babeslekua segada bihurtu zitzaien, bertatik ateraraztearekin batera, karlistek eta aurreko egunetan onen-onenean bere ondasun guztiak galdu zituzten herritar askok bertan baionetaz, igitaiez edo aizkoraz jo eta hil baitzituzten, berealdiko triskantza eraginez. O’Donell jeneralak berak ere gorriak ikusi omen zituen Andoaindik ihes egiteko garaian, zaldia galdu zuen eta baita bere jeneral txanoa edo biadarrekoa. Aski ezaguna da Andoainen zera dioen herri-ustea: hainbestekoa isuri omen zen Goikoplazan, odolak Kaletxikin behera O’Donellen biadarrekoa eraman zuela.

Bien bitartean, bere burua harrapaturik ikusi ez zuten liberalek, espainolek eta atzerritarrek, Hernani aldera ihes egiteko ahaleginean karlistak gainean zituzten, eta haien eskuetan erortzeko zorian ziren. Ez zen halakorik gertatu, Urnieta inguruan zelatan zebilen zalditeria ingelesak –txikia baina borroka gaitasun eta eskarmentu handikoa- liberalen ihesaldia babesteko eraso egin zuelako eta baita karlistak eustea lortu ere. Onik edo zauriturik atera ziren liberalak, O’Donell barne, Hernaniko harresien atzean aurkitu zuten babesa, Andoain inguruan hildako ugari eta hainbat soldadu preso utziz. Preso horietako gehienak Tolosako bidean fusilatu zituzten ondoren. Bada esaten duenik Andoainen bertan hildakoak (600) Txitxarrain baserriaren atzeko belaze edo paduratxoan lurperatu zituztela –geroztik, trenbidea egiteko ezpondaren ehunka tona lur eta harrik desagertarazia–. Liberalek, 500 gizon inguru galtzeaz gain, Goikoplazan antolaturik zuten kanpaleku osoa galdu zuten, elikagai eta hornigai kopurua handia, errifleak, munizioa... Garaipen handia izan zen irailaren 14koa Uranga jeneralarentzat eta Karlismoarentzat, baina Andoaingo herriak galera ikaragarriak izan zituen, guztiak ere gerra luze horretan fronteko lehen lerroa hainbat urtez izateak sortutako nahigabe, miseria eta pobreziari gehitu beharrekoak.

Urnieta herria birrinduta
Urnietarentzat, baina, okerrena ez zen egun horretan gertatu. Hernanira bildurik eta galera nabarmenaren aurrean minduta oso, irailaren 14an bertan liberalek eraso berria jo zuten Andoaingo lerro karlisten aurka; ez zuten, baina, haiek haustea lortu. Borrokaldiko joan-etorrietan, ordea, amorrazioak jota, Urnieta suntsitu egin zuten, esan bezala, bost etxe eta eliza baino ez zuten utzi, eta ez osorik. Bertakoek jasan behar izan zutenaz ez dago bertsoren bat eta herri-kondairaren bat baino informazio handiagorik. Hernani eta Andoain artean Urnieta inoren menpe ez geratu izanak  gerran zehar, aurrerago, eraso berririk jasan behar izatea ekarri zion. Herria, jakina, ia hutsik gelditu zen eta bizkortzeko aukerarik gabe urte askoan.

Zergatik gerra hura?
Lehenengo gerra karlistak sei urtez iraun zuen, 1833tik 1839ra bitartean eta izan diren anker eta gupidagabeenetakotzat jotzen da.  Fernando VII erregea hil ondoren piztu zen Espainian, haren ordezko Karlos bere anaia errege nahi zutenen eta Isabel bere alaba erregina jarri zutenen artean. Hil aurretik Fernando VIIak Lege Salikoa indarrik gabe utzi zuen, lege horrek galarazten baitzien emakumeei erregina izatea. Baina Espainiako indarrik atzerakoienek ez zuten indargabetze hori eta Isabel erregina izan zedin onartzen eta gerra piztu zen. Hego Euskal Herriko lurraldeak –hiriburu nagusiak izan ezik– Karlosen alde atera ziren elizaren eragin nabarmenpean, haren koroapean ikusten baitzituzten ziurrago babesturik ordurako arriskuan ziren euskal foruak eta, zer esanik ez, fede katolikoa eta bere bizitza eta gizarte ikuspegia. Izan ere, Karlos erregegaiarentzat lau probintziak gotorleku nagusi izan ziren gerra amaitu bitartean. Andoain herria, gaur orri hauetara ekarri dugun guduaz gain, gerra hartako gorabehera askoren giltzarri izan zen. Urnietak, berriz, behin eta berriro bere burua zoritxarreko ikusi behar izan zuen. Bergarako besarkadak eman zion amaiera Gerrari neurri handi batean, baina zauriak inondik inora itxi gabe. Andoainek eta Urnietak XIX mende osoa behar izan zuten berriro ere poliki-poliki herri-giroa eta bizibidea suspertzeko.

Ikerketak eta oroimena
Zalantzarik ez da 1837ko irailaren 14ko gertakari haiek eta hurrengo egunetakoak bai Andoain bai Urnietaren historian gertakari nagusi direla, oroimenean bizirik gorde beharrekoak, asko baita haietatik ikasi beharrekoa. Azken urteetan bi izan dira gertakari haien gaineko azterketa egin duten ikerlari andoaindarrak: lehenik, Karmele Otaegi historialariak 1990. urtean Leyçaur 1 zenbakian argitara emandako La primera guerra carlista en Andoain izenburuko ikerketa aipatu behar dugu, Andoain herriaren egoeraren berri ematen diguna gudua gertatu aurretik eta ondoren, baita horrek herrian utzi zituen galera eta ondorioak ere. Hain zuzen ere, Otaegiren lan hori izan zen gertakari horiek herritarrei oroitarazi eta biziberritu beharra piztu zuena zenbait herritarrengan. Orain lau urte, berriz, Joxeba Salbadorrek liburua eman zuen argitara Andoaingo paperak bilduman, herrian bi gerra karlistek izandako ondorioez, Sorabilla, karlistaldien hondamendiaren lekuko izenburupean. Azkenik, Larramendi Bazkunak berak iaz gazteleraz liburua argitara eman zuen La batalla de Andoain izenburupean, bi aditu militarrek idatzitakoa egun horretako gertakariei eta, bereziki, bi gudarosteen osaketari buruz. Aurten, berriz, Larramendi Bazkunak Lekukotzak izeneko bere bilduman bi zenbaki berezi argitaratuko ditu Andoaingo guduari buruzkoak.

Andoaingo gudua, 1837 ekimena
Esan bezala, azken urteetan Andoaingo gudua, 1837 izeneko ekimena gauzatzen ahalegindu da Andoaingo hainbat kultur, kirol eta gizarte elkarte eta taldek osaturiko batzordea. Ekimen horren lehen helburua, aurten, hain zuzen ere ostiral edo larunbat honetan, gudu haren oroitzapena biziberritzeko herri antzerki eta erakustaldia antolatzea zen, baina, azkenik horren antolakuntza atzeratzea erabaki dute, batetik, egoera ekonomikoak lanak prestatzeko diru-iturri ia gehienak agorturik utzi dituelako eta, bestetik, kosta egiten ari zaielako behar besteko jendea inguratzea herri ekimen hau txukun eta egoki gauzatu ahal izateko.
Nolanahi ere ez dute etsi eta udazken honetan ekimena 2013an modu batean ala bestean antolatu ahal izateko lanak bizkortzen ahaleginduko dira. Egitasmoaren arabera, herri-ekimenak bi zati izango ditu: batetik, biziberritzea Gurutze Santuaren zubian bertan eta Kale-Nagusian gora izan ziren borrokaldiak garai hartako bertsoen laguntzaz, eta, bestetik, jarraian Goikoplazan gertakari horiek antzeztuz erakustaldia egitea. Horretarako, baina, antolatzaileek herritarren parte hartze zabala behar dute eta, hori suspertzeko, hainbat ekintza burutuko dute urtean zehar. Dagoeneko, Iñaki Gozalo, Wentxi marrazkilariak eginiko logotipoa esku artean dute, baita Juan Luis Landa marrazkilariak eginiko lau marrazki eder, horietako hiru orri hauetan argitaratuak.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!