Sorabillako jaietan giroa eguzki izpiak bezain bero

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ira. 14a, 12:29

Sorabillako egun handia, Koruko Ama Birjinaren eguna, larunbatarekin ospatu zen. Belkoaingo mendi krosarekin, mezarekin nahiz auzoko adinekoei eskainitako hamaiketakoarekin osatu zen goiza. Arratsaldean, berriz, haurrek hartu zuten auzoko plaza. Iluntzean, sardin jatea eta iluntzetik aurrera La Jodereraren kubatar kutsuko abesti dantzagarriekin dantza egiteko aukera izan zen.

Nekea eta poza, biak batera igartzen zitzaion Julian Lopez jai batzordeko kideari, jaien azken ekitaldia zen sagardo dastaketa amaitu orduko. Balorazio bizkor bat egiteko eskatu genion, eta hara zer erantzun zigun: "Pozez txoratzen gaude jaiak nola joan diren ikusita. Txikia da Sorabilla eta txikia jai gunea, eta betetzeko adina jende etorri da, auzotik ez ezik baita herritik ere! Denek eduki dute zertan gozatua, eta etxera damurik gabe itzuli direla iruditzen zait. Izugarrizko ahaleginak egin behar izaten dira hiru eguneko jaiak ondo irten daitezen, baina jendearen erantzuna ikusita, egindakoak merezi izan duela esan daiteke".
Lopez ez zebilen gehiegikeritan, egia esatera. Izan ere, giro paregabearekin ospatu dira aurtengo Sorabillako jaiak. Eguraldiak ere izugarri lagundu du, eta makina bat andoaindar hurbildu da auzoko plazara.
Iturzaeta memorialeko pala txapelketako bi finalen errebantxek eman zieten hasiera jaiei, ostiralean. Min hartuta dagoen Nerea Telleria ez beste gainerako finalistek jokatu zuten; Irati Loyartek ordezkatu zuen Telleria. Bikainak bi partidak, eta irabazleak, Arruti-Alvarez mutiletan, eta Loyarte-Gonzalez nesketan.  
Etorkizun handiko herriko musikari gazteen kontzertua heldu zen ondoren. Kristina Solanok zuzentzen duen Andoaingo trikitilariek, Irati Rivas (ahotsa), Iribarren (pianoa) eta Mikel Urdangarinek (bibolina) maila handiko kontzertua eskaini zieten Sorabillako San Martin eliza bete zuten ikusleei.
Ondoren, zikiro jatean berrehun lagun bildu zen. Zikiroa benetan goxoa zegoen, eta giroa umorez gainezka; afarian zehar banatu ziren zozketek ere, Uxue Ugartemendiak aurkeztu zituenak, barre franko eragin zuten parte hartzaileen artean. Dantzaldia ere ez zen falta izan. Los Rubi taldeak betiko abestiak jotzen dituen arren badauka jendea dantzan jartzeko gaitasuna, eta ez da gutxi.    
Sorabillako egun handia, Koruko Ama Birjinaren eguna, larunbatarekin ospatu zen.
V. Belkoaingo mendi krosarekin, haurrentzat prestatutako joko ugarirekin eta mezak zein auzoko adinekoei eskainitako hamaiketakoarekin osatu zen goiz partea. Arratsaldean, berriz, haurrek hartu zuten auzoko plaza: puzgarriak, birziklatutako materialarekin egindako jokoak, antzerkia... haurrek ez zuten aspertzeko betarik eduki. Iluntzean, sardinekin eta xolomoen ogitartekoekin sabeleko gosea kentzeko tartea hartu, eta La Jodereraren kubatar kutsuko abesti dantzagarrien txanda heldu zen. Goizaldera arte dantza betean aritu zen jendea, gerriak ederki mugituz.

Omenaldia,
Gazteleku elkarteari

Gazteleku pilota eskola 1976az geroztik Andoaingo gazteen artean egiten ari den lana goraipatu nahi izan zuen igandean, Jai Batzordeak. Eskopeteroak, Andoaingo Txaranga, Joxe Mari Oiartzabal musikaria, Oihana Arruti eta Maider Callejon Urkiko dantzariak... denetik izan zen. Gazteleku elkartea ordezkatuz, lehen eta orain aldiko lau lagunek jaso zuten omenaldia: 1976an sortzaile izan ziren Joxe Ramon Etxeberria eta Fermin Altuna, eta egun irakasleetako bi diren Andoni Alvarez eta Igor Lizasoain. Aitziber Sarasola aurkezleak, Gazteleku kluba nabarmentzeko arrazoiak aipatu zituen: besteak beste, adierazi zuen elkartearen helburu nagusia herriko gazteak euskal pilotan hezi eta hazten izan dela hasiera hasieratik, eta horri eutsi diola beti, makina bat gazte pilotari pasa direlarik elkartetik. Gazteleku elkartearen filosofia, Alvarezek esaldi bakar batean laburtu zion Aiurri astekariari, omenaldia bukatu ondoren "herrian profesional bat edo bi eduki eta herriko frontoiak hutsak egotea baino, nahiago dugu frontoiak jokalariz beteta ikustea beti, nahiz eta profesionalik ez izan".
Arratsaldean, haurrak ere parte hartzen jarri zituzten herri kirolarien saioaren ostean, sagardo dastaketa heldu zen. Plaza, sagardo zalez gainezka ikusi zen. Eztarria ederki astindu zuen jendeak, 12 sagardotegietako sagardoarekin ez ezik, Kantu Kalejirako taldeak jarri zuen giroari esker, herriko kantutegiaren eskutik. Jada, gaueko 21:00etarako, sagardoa eta pintxo guztiak ahaituta zeuden. Biharamun goiza latza egingo zitzaion bati baino gehiagori...
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!