“Ase arte” errezeta-liburuaren aurkezpena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2012ko ira. 14a, 12:28

Aita Larramendi ikastolako ikasle ohia da Igor Zalakain, Arzakeko sukaldaria.  Ikastolatik igarotako asko murgildu dira Kilometroak jaian, Zalakainen kasua horietakoa da. Aurtengo edizioaren lema “On egin!” dela ikusita, errezeta liburua argitaratzea logikoa zirudien. Eta aukera hori Zalakainen eskutik etorri da, Berria taldearen laguntzarekin. “Ase arte” izena du liburuak eta bertan 70 errezeta ezberdin aurki daitezke.

Liburuak badu elementu berritzailea. Izan ere, Zalakain sukaldariaren errezetak 2-18 urte bitarteko ikasleen ilustrazioekin osatu dira.

150 orrialdeko liburua da, diseinu txukunean ekoiztuta. Errezetak egiteko azalpenak ere oso modu errazean aurkeztuta daude.

Berriaren eskutik
Berria taldearen eskutik aurkeztu dute liburua. Eta lehen egunetan Berriaren bitartez eskuratu ahal izango da liburua. Berriako harpidedunek eta Berria lagunek bost euroko prezioan erosi ahal izango dute, telefonoz edo internet bidez eskatuta.
Berria egunkariko irakurleek, bestalde, irailaren 16an  egunkariarekin batera kartilla jasoko dute. Ondoren, irailaren 18tik 23ra bitarte kartilla Berriak egunero banatuko duen kupoiekin osatuko dute. Irailaren 24tik aurrera sei kupoiz osaturiko kartilla entregatu eta bost euro ordainduta, irakurleek liburua eskuratu ahal izango dute.
Kanpaina hori amaituta, Kilometroak dendan liburua 10 eurotan erosi ahal izango da.

AURKEZPEN EKITALDIA BASTERON
Errezeta liburuan parte hartu duten eragile guztiek bat egin zuten Basteron, astelehen goizean. Baita ilustrazioak landuz lan polita egin dute ikasleak. Hona, eragile nagusien adierazpenak:

Izaskun Lizanasoro: “Zuzendari bezala, irakasleak eta ikasleak zoriondu nahi ditut bereziki. Prestutasun eta ilusio handia erakutsi dute”.

Igor Zalakain: “Horrelako liburu bat lehenago sekula ikusi gabea genuen. Eskasak dira sukaldaritzari buruzko liburuak euskaraz, eta On egin! aurtengo lema ikusita ideia oso aproposa zela iruditu zitzaidan. Argitalpenarekin oso pozik nago”.

Harkaitz Lasa: “Ikasleen ekarpena handia izan da eta irakasleen lana ezinbestekoa izan da. Ikasleen lanak, gainera, Basteron ikusgai daude. Hirugarren eragilea ezinbestekoa izan da egitasmo honetan. Berria taldeaz ari naiz eta haien ekarpena eskertu nahiko genuke”.

Joanmari Larrarte: “Liburua jende askoren parte hartzearekin atera da. Elkarlanaren benetako adibidea da. Zorionekoak gaude, ea liburuak arrakasta duen eta on egin!”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!